Aldundiak eta Soraluzeko udalak enplegu eta gizarteratzeko zentro berri bat irekiko dute
Aldundiak eta Soraluzeko udalak enplegu eta gizarteratzeko zentro berri bat irekiko dute
455.902 euroko inbertsioa egingo da eta urte amaierarako egongo da martxan zentro berria.
Gaur goizean, Maite Peñak, Gizarte Politikako diputatuak, eta Iker Aldazabalek, Soraluzeko alkateak, herriko enplegu eta gizarteratzeko zentro berria kokatuko den lokala bisitatu dute. Bertan, udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, bazterkeria arriskuan dauden pertsonei arreta emateko zentro bat irekiko du, enplegu duin bat lortzera bideratutako ibilbide pertsonalizatuak eskainiz.
Kalebarren 8 zenbakian kokatuta dagoen espazioa egokitzeari ekingo zaio ondorengo hilabeteetan, lanak urte amaierarako bukatzea aurreikusten da, eta 455.902,42 euroko inbertsioa egingo da bertan, Aldundiak diruz lagunduko duena 342.000 eurorekin. Beraz, urte amaierarako martxan izando da gizarteratze eta enplegu zentro berri hau, “soraluzetarrei lan eta gizarteratze arloan hurbileko zerbitzu duin bat emateko”, adierazi du Iker Aldasorok, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskertu dio Soraluzeren alde egindako apustua.
Lokalak bi solairu ditu; kale-mailan dagoen lokalak 120m2 ditu eta sotoak 70m2. Udala lokala zahar-berritzeko proiektua lantzen ari da eta ondorengo banaketa egitea aurreikusten du: 7,32 m2-ko ataripea, 10,91 m2-ko talde-arretako gela, 9,48 m2-ko banakako arretarako gela, 16,24 m2-ko beste talde-arretako gela bat eta 50 m2-ko erabilera anitzeko formazio gela bat. Beheko solairua eta sotoa bat egingo dituen barne eskailera eraikiko da eta irisgarritasun baldintzak bermatzeko igogailu bat. Sotoaren espazioaren banaketa ondorengoa izango delarik; 50 m2ko erabilera anitzeko formazio gela bat eta erabiltzaileei zerbitzua emango dien bi komun.
Udalerriko langabezia tasa %13a izanik, eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten herritar kopurua bailarako handiena, udalak zentro hau herritarrentzako arreta bulego bezala egokitu nahi du, “enplegagarritasun eta gizarteratze politikak aurrera eramateko”. Bestalde, Lanbiderekin elkarlanean, formazio saioak ere antolatuko dira, langabezian dauden herritarrek aukera zabalagoak izan ditzaten lan merkatuan sartzeko. Era berean, gizarte eta lan arloko aholkularitzarako “hurbileko gunea” ere izango dela adierazi du alkateak.
Peña foru diputatuak azpimarratu duenez, “lana da gizarteratzeko tresna nagusia, baldintza berdinetan bizitzeko proiektu duin bat eraiki ahal izatea ahalbidetzen duena”. Zentzu horretan, diputatuak azpimarratu du Gipuzkoan “oso lan sakona” egiten ari dela pertsona guztien “aukera berdintasuna” bermatuko duen inklusioko plan berri bat eraikitze bidean: “Gizarte inklusioari lotutako politika publikoen berrorientazioan aurrera egiten jarraitzen dugu, pertsonalizazioan, komunitatearen aktibazioan eta berrikuntzan indarra eginez”.
Era berean, diputatuak azpimarratu du azken urtean 3.293 pertsona artatu direla Aldundiak martxan dituen aktibazio, enplegagarritasun eta gizarteratze programen bidez. Hala nola, gaineratu Aldundiaren Elkar Ekin Lanean estrategiaren baitan, datozen hiru urteetan 3.500 lanpostu berri sortuko direla, baztertuta edo bazterkeria arriskuan dauden pertsonentzat. Aldi berean, gaur egun lurraldean lan egiten duten laneratze enpresen kopurua bikoiztu nahi da, baita 2.500 pertsonari prestakuntza eskaini eta 4.000 pertsonari lagundu ere, lan munduan finkatu arte.
1748