Zumarragako Zelai Arizti Aretoa birmoldatu egin dute Aldundiak eta Udalak
Zumarragako Zelai Arizti Aretoa birmoldatu egin dute Aldundiak eta Udalak
Zentroari izaera balioaniztun, malgu, moderno eta funtzionala eman nahi izan zaio.
Denis Itxaso Kultura diputatuak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak Zelai Arizti Aretoa bisitatu dute udal horrek aretoa birmoldatzeko egin dituen lanak in situ ikusteko. Birmoldaketa Gipuzkoako Foru Aldundiak ehun mila euroko ekarpena egin du lan horiek egiteko.
Diziplina anitzeko areto hori 2001ean inauguratu zen. 328 eserleku eta mugikortasun urriko pertsonentzako bi leku ditu. Areto horrek hainbat erabilera ahalbidetzen ditu udalerrian, besteak beste, zine komertzialaren programazioa, zine cluba, arte eszenikoak, musika eta konferentziak, eta, orobat, espazio horretan jarduerak antolatzen dituzten hainbat kultura eta gizarte kolektiboren beharrak asetzen ditu. 2017an, 120 erabilera erregistratu ziren guztira, zine komertzialaren ohiko programazioaz gain.
Lanak egin aurretik, aretoak gabeziak zituen sarbideari, teknikari, funtzionaltasunari eta segurtasunari zegokienez. Sistema teknologiko analogiko eta zaharkitua zuen. Gainera, espazioa desegokia zen hainbat erabileratarako. Horri guztiari irtenbide bat emateko eta eskainitako zerbitzua hobetzeko helburuz, Udalak instalazioa erreformatzea proposatu zuen, besaulki patioan kontrol kabina bat eta gaur egungo teknologiarekin bat etorriko zen ekipamendua jartzeko.
Jarduketa hauek egin dira:
- 2D eta 3D zine proiektore bat.
- Soinu ekipoa handiagotzea.
- Kontrol kabinan kanpoko argia eta soinua kontrolatzeko plataforma bat jartzea.
- Agertokira igotzeko eskailera bat jartzea.
Itxasok zentroari eman nahi izan zaion izaera balioaniztun, malgu, moderno eta funtzionala nabarmendu du. «Zumarraga herri bizia da, eta kultura arloan lan egiten duten mota guztietako entitate ugari ditu; beraz, bai elkarteek bai herritarrek merezi dute beraien beharrei erantzungo dien toki egoki bat edukitzea".
Itxaso eta bere taldea bisitak egiten ari dira lurraldeko kultura, gizarte eta kirol proiektuak lehen eskutik ezagutzeko, eta bisita horien barruan kokatzen da Zumarragara egindakoa ere. «Kontua da Aldundia hiri eta herrietara gerturatzea, eskualde bakoitzak dituen asmoei buruz zuzenean galdetzeko eta entzuteko. Alkateekin eta kultura eta gizarte arloko arduradunekin elkartzen gara proposamenak eta inpresioak partekatzeko, Gipuzkoa osoko errealitatea udalerriz udalerri ezagutzeko», azaldu du. Bisitan, laneko gosaria izan dute alkatearekin, eta bertan errepasatu dituzte Udalak eta Aldundiak esku artean dituzten kultura, kirol eta turismo proiektuak.
Alkateak eta diputatuak, biek ala biek, gogorarazi dute hau ez dela bi erakundeek kultura arloan lankidetzan diharduten lehen aldia; izan ere, Aldundiko Kultura eta Gazteria Departamentuak eta Urretxuko eta Zumarragako udalek proiektu pilotu bat jarri zuten abian 2017an, itsas kontainer egokituak baliatuz, musika talde gazteei entseguetarako lokalak eskaintzeko. Proiektua kudeaketa eredu publiko-pribatu partekatu baten bidez gauzatu zen, eta, orduko hartan, Kultura Departamentuaren bitartez, Aldundiak zortzi kontainer eskuratu zituen, 18:000 euroan.
1578