Aldundiak eta Vicomtech zentroak etorkizuneko beren proiektuak kontrastatu dituzte
Aldundiak eta Vicomtech zentroak etorkizuneko beren proiektuak kontrastatu dituzte
Imanol Lasa diputatuak bilera bat egin du zentroko arduradunekin, eta adimen artifiziala azpimarratu du, “eremu estrategiko” gisa.
Foru Aldundiak bilera bat egin du adimen artifizialeko nahiz ikus-konputazio eta interakzioko teknologietan espezializatutako Vicomtech zentro teknologikoaren arduradunekin, zentroak Miramonen dituen instalazioetan. Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuko diputatu Imanol Lasari, Berrikuntzako zuzendari Jon Gurrutxagari eta Sustapen Ekonomikoko zuzendari Iker Estensorori harrera egin diete Vicomtech zentroko zuzendari nagusi Julián Flórezek, Transferentzia Teknologikorako zuzendari Gorka Marcosek, eta Sustapen Ekonomikoko eta Garapen Instituzionaleko zuzendari Maria Teresa Linazak.
Bisitan, lehen eskutik ezagutu ahal izan dituzte Vicomtech-ek adimen artifizialaren arloan dituen apustua eta nazioarteko zein estatu mailako posizionamendua, zenbait sektoreri aplikatuta, hala nola automozioa, industria, osasuna, hizkuntzaren teknologiak, eta segurtasuna. Vicomtech-en apustu horri esker, ikerketa-ekosistema bat sortu da adimen artifizialaren inguruan. Gainera, zentroko ikertzaileen eskutik, teknologia horiek enpresetara transferitzearen inguruko kasu errealak ezagutu dituzte, eta egiaztatu dute nola Gipuzkoako enpresa batzuek, tamaina eta digitalizazio maila desberdinetakoek, beren prozesuak eta produktuak hobetu dituzten, merkatuan duten lehiakortasuna sendotuz.
Bilera sartzen da Foru Aldundia legealdiaren hasieratik Gipuzkoako ekonomia-ehuneko hainbat eragilerekin izaten ari den harremanen barruan: enpresak, garapen agentziak, ekintzaileak, talentua, unibertsitateak, eta ikerketarekin nahiz teknologia aurreratuekin zerikusia duten zentroak. Horri dagokionez, Lasak esan duenaren arabera, Vicomtech bezalako zentroen lanak eta talentuak “palanka giltzarri bat osatzen dute gure enpresa-ehuna eraldatu eta hobetzeko, apustu eginda etorkizunik handiena eta kalitatezko enplegua sortzeko gaitasunik handiena duten sektore ekonomikoen alde, eta miatuta digitalizazioak eta teknologia berriek zabaltzen dituzten aukerak”.
Hala, diputatuak lehentasun bat jarri dio bere buruari, hau da, lurraldeko ikerketa-zentroekiko lankidetza areagotzea, zenbait ekintzaren bitartez; esaterako, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Sareari lagunduz. Vicomtech-en kasuan, programa horren barruan, proiektu hauek abiatu ziren 2019an, lurraldeko enpresetako I+G unitateekin elkarlanean: ‘Hidra’, osasunari buruzko informazio analisiari lotua; ‘Perseus’, prebentziozko zerbitzuak inplementatzeko datu handien erabilerari lotua (big data); eta Vicomtech-eko I+Gko 5G TESTBED proiektua, fabrikazio aurreraturakoa.
Lasak amaieran iragarri du estrategia bat abiatuko dutela adimen artifiziala Gipuzkoan bultzatzeko, “jauzi kualitatibo bat ematearren arlo horretan”. Etorkizuna Eraikiz dinamikaren barruan jasotako 24 proiektu esperimental berrietako bat gai horri buruzkoa izango da.
2369