Aldundiak Etorkizuna Eraikiz ezagutarazi die 80 herrialdetako eragileei
Aldundiak Etorkizuna Eraikiz ezagutarazi die 80 herrialdetako eragileei
Demokrazia Zuzeneko Foro Globaleko lan taldeetako batean aurkeztu du dinamika, Erroman.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz dinamika aurkeztu du egun hauetan Erroman egiten ari den Demokrazia Zuzenaren Mundu Foroan. Aurten hamar urte bete dira foroa abian jarri zenez geroztik, eta mundu guztiko ehunka aditu, ekintzaile, eragile eta gobernu ordezkari elkartu dira, demokrazia parte hartzaileari eta giza eskubideei buruz hitz egiteko, ziur baitaude gaur egungo eta etorkizuneko erronka globalei, besteak beste, desberdintasunaren aurkako borrokari edo klima aldaketari aurre egiteko, ezinbestekoa dela gobernantza demokratikoa indartzea, herritarrak eta herritarren eskubideak oinarritzat hartuta.
Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko foru diputatu Imanol Lasak Gipuzkoan abian dagoen elkarlaneko gobernantzaren aldeko apustuaren berri eman du, demokrazia zuzenak ekonomian dituen ondorioak aztertu diren ponentzian. Lasarekin izan dira Bruno Frey, Basileako Unibertsitateako Ekonomia eta Ongizateko Ikerketa Zentroko ordezkaria (Suitza); James Keene, Palo Alto hiriko managerra (California); eta Paula Cristina Marqués, Lisboako hiri garapeneko aholkularia. Hirurak ere «punta puntako hiriak» dira arlo horietan, eta Gipuzkoarekin bat egiten dute elkarlanean eta berrikuntzan oinarritutako gobernu eredu berriak jarri dituztelako abian, eta horrek «enpleguaren sorreran, gizarte ongizatean eta herritarren bizi kalitatean» eragin positiboa dutelako, adierazi du diputatuak.
Lasak zehaztu du erronkak -klima aldaketa, mugikortasun jasangarria, migrazioa, politikarekiko desatxikimendua, populismoen mehatxua, edo ekonomia, gizarte eta genero desberdintasuna murriztea- «globalak» direla, baina «toki eta erregio mailan» dutela eragina eta, beraz, konponbideak ere «gobernuek bilatu behar dituztela, baina betiere gizarte zibil antolatua kontuan izanda». Bere iritziz, «mundu mailako agenda politiko berria dago», eta Gipuzkoa «indartsu» sartu da bertan, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren bidez hainbat proiektu pilotu eta erreferentziako zentro sortuko baititu, eta horien berri eman du Foroan: AdinBerri (zahartzaroaren arretarako zentroa), Ziur (zibersegurtasuna), 2dO (euskarazko ikusentzunezkoak), Labe (gastronomia digitala), elektromugikortasuna, eta klima aldaketaren aurkako zentroa.
Bere aurkezpenean, mundu osoko eragile sozialen eta gobernu ordezkarien aurrean, Diputatuak azaldu du proiektu horien xedea dela, ekonomiaren alorrari dagokionez, Gipuzkoaren gaitasunak sendotzea, enpresen, elkarteen, unibertsitateen eta herritarren eskutik. “Sendotze hori, hain zuzen, Gipuzkoaren indarguneetan eta espezializazio arloetan gauzatu nahi dugu, funtsezkoak diren sektore ekonomikoak finkatuz, eta merkatu zein negozio berrietarako aukerak zabalduz. Horretarako, gako nagusietako bat da lurraldean dugun talentua eta ezagutza dinamizatzea eta eragile nagusiak sarean lan egitea”.
Bere hitzaldian aipatu ditu ere Gipuzkoako 40 enpresa baino gehiagotan martxan jarri diren proiektu pilotuak, laneko eta familiako bizitzaren kontziliazioa eta erantzunkidetasuna, eta langileen partaidetza sustatze aldera. “Proiektu horiek milaka lagun inplikatu dituzte dagoeneko, eguneroko esperimentazioan. Horien bitartez, praktika berritzaileak lortzea da gure asmoa, eta gero lurralde guztira hedatzea, gipuzkoarron bizimodua hobetuko dutelako, eta gure enpresak parte-hartzaileagoak, sendoagoak eta lehiakorragoak izango direlako”, esan du.
Guztira, 80 herrialdetako 350 ordezkari baino gehiago daude elkartuta Erroman. Hainbat gai izaten ari dira aztergai, besteak beste, erreferendumak, kontsultak, aurrekontu parte hartzaileak, demokrazia digitala, entzute aktiboa, giza eskubideak, herritarrak ahalduntzeko teknologia berriak, herri galdeketak, herritar lege proposamenak, edo komunitateen sendotze prozesuak. Haien artean daude udaletako, eskualde eta estatu mailako agintariak, adituak, ikasleak eta aktibistak, eta “interes handia” piztu du Etorkizuna Eraikizek.
«Gure ustetan, erakusleiho ezin hobea da Gipuzkoan herritarrekin eta gizarte eta ekonomia sarearekin egiten ari garen lanaren berri emateko, alegia, elkarlanean eta esperimentatuz, gobernuaren jarduera eraldatzeko eta gure gizartearen etorkizuneko erronkei bermeekin erantzuteko zer egiten dugun erakusteko», adierazi du Lasak. Iker Goriak eta Joseba Muxikak, Kanpo Harremanetako eta Herritarren Partaidetzako foru zuzendariek ere, parte hartu dute Foroan. Gaineratu duenez, egun hauetan aukera izan dute ezagutzeko beste hainbat herrialdeetan nola ari diren aurre egiten gobernantza berriari lotutako desafioei, eta baita Aldundiaren nazioarteko sareak zabaltzen jarraitzeko ere, arlo horretan dauden “praktika aurreratuenak” identifikatze aldera.
Ildo horretan, Erromako topaketan parte hartu duten guztiak lanean aritu dira erakundeen Karta Gorena sortzeko, horiek hartu beharreko neurriak jasoko dituena, demokrazia ordezkatzailea osatu eta balore demokratikoetan sakondu nahi baldin badute. Kartaren zirriborroa mundu osoko herritar eta hiriek egindako ekarpenekin kontrastatuko da datorren urtean zehar. Asmoa da Taiwanen izango den 2019ko Foro Globalean, lan hori Hiri eta Eskualde Demokratikoen Nazioarteko Liga bat sortuz burutzea. Bestalde, plataforma teknologikoa aurkeztu dute Erroman, zeinaren bitartez, sareko kide guztiak harremanetan egongo diren etengabe, ezagutzak zein esperientziak elkartrukatuz. “Gipuzkoa oso ondo kokatuta dago gaur egun, eta tresna berri horren bitartez lanean jarraituko dugu posizio hori sendotzeko eta elkarrengandik ikasteko”, aurreratu du Diputatuak.
Aldundiak demokrazioa zuzeneko nazioarteko sarean duen parte-hartzea ez da adibide isolatua. Legealdi honetan beste sare ospetsutan sartzea erdietsi du: Open Government Partnership (OGP), beste aldundiekin eta Eusko Jaurlaritzarekin talde lanean; United Cities and Local Governments (UCLG), non kontu emateari, gardentasunari eta etika instituzionalari buruzko praktika komunitatearen burua den; International Observatory on Participatory Democracy; eta Europako Batzordearen think tank-a.
1693