Aldundiak gaurko eta biharko kudeaketarako proiektu pilotuak bultzatu ditu Gipuzkoako bost enpresatan
Aldundiak gaurko eta biharko kudeaketarako proiektu pilotuak bultzatu ditu Gipuzkoako bost enpresatan
Aldundiak gaurko eta biharko kudeaketarako proiektu pilotuak bultzatu ditu Gipuzkoako bost enpresatan
Eragile ekonomiko eta sozialekin partekatu ditu, gaur, proiektu esperimental honen emaitzak: ‘Oraina eta geroa uztartuz', Etorkizuna Eraikiz programakoa.
Foru Aldundiak, gaur, Etorkizuna Eraikiz programako ‘Oraina eta geroa uztartuz' proiektu esperimentalaren emaitzak partekatu ditu. Proiektu horren helburua da erreferentzia-esparru bat garatu eta hedatzea Gipuzkoako sare ekonomikoan gaurko eta biharko kudeaketarako edo kudeaketa dualerako, katalizatzaile gisa jardunez enpresen eraldaketa aktibatzeko, agertoki pospandemikoan. Lurraldeko bost konpainia hauek parte hartu dute ekimen pilotu horretan, zeinak finkatu nahi baitu kudeaketa-eredu bat, uztartuko dituena epe laburreko eraginkortasuna eta epe luzeko balio-sorrera, konponbide jakin batzuk esperimentatuz: JMA Alejandro Altuna, Kendu Retail, Abantail, Krean, eta Cadinox. Foru erakundeak ez ezik, sustatzailea baita bera, beste hauek ere parte hartu dute ekimenean: ADEGI, EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta ISEA S. Koop. kooperatiba.
Ekimen horrek jarraipena izango du, aurreikusten baita proiektu pilotuen beste txanda bat egitea enpresetan, eta, gainera, enpresa-ehunaren eta garapen agentzien eskura jartzea lortutako ezagutza eta metodologia. Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatu Jabier Larrañagak adierazi du, 50 eragile ekonomiko eta sozial ingururekin gaur izandako topaketaren irekieran, ezen proiektuak eragin “positiboa” izango duela enpresetan, “haien erresilientziaren eta lehiakortasunaren onerako” izango delako, baina baita parte hartzen duten unibertsitateetan ere, “lortutako ezagutza ikasleen konpetentzietan txertatu” ahal izango baitute, eta Foru Aldundian bertan ere bai, “aukera emango baitigu gure estrategia eta lan programak ekonomia indartzera bideratzeko”.
Diputatuak azaldu duenez, “enpresa asko, hain daude zentratuta egunerokotasunean, hau da, beren biziraupenean, ezen zailtasunak baitituzte epe luzeari erantzuteko, aurrea hartzeko, eta negozio aukera berriak esploratzeko, horiei esker jarduera dibertsifikatuta. Joera hori erabat ulergarria da, baina higatzen ditu haien lehiakortasuna eta etorkizuneko bideragarritasuna. Proiektu honen bidez, eskura jarri nahi diegu metodologia bat, zeinari esker uztartuko baitituzte, alde batetik, ustiapena, egungo beren produktu, merkatu eta negozioei etekina ateraz, eta bestetik, esplorazioa, etorkizuneko aukera berrien bilaketa areagotuz; eta aukera izan dezaten hori dena modu egituratu, sistematiko eta antolatu batean egiteko”.
Larrañagak gaineratu du prozesu hori “erabakigarria” dela Gipuzkoako testuinguruan, zenbait faktorerengatik. Lehenengoa, ETEen pisua, zeren eta Gipuzkoako ia 60.000 enpresen % 99k 50 langile baino gutxiago baitituzte, eta enpleguaren % 62 biltzen baitute, eta “horrek behartzen gaitu maximizatzera geure egokitze- eta malgutze-gaitasuna”. Bigarrena, “beharra dagoela berrikuntza- eta barne ekintzailetza-tasak orekatzeko, enpresa txiki eta ertainen eta enpresa traktoreen artean. Alderdi horretan, hobetzeko tartea dugu”. Horri dagokionez, gogoratu behar da Foru Aldundiak beste proiektu pilotu bat burutu zuela barne ekintzailetasuna bultzatzeko, non Gipuzkoako 6 konpainiak parte hartu zuten. Eta hirugarrena, “eraldaketa digitalaren garrantzia, bereziki industria-eremuan, gure enpresek jarrai dezaten lehiakorrak izaten murgilduta dauden balio-kateetan”.
Erronka hori beste batekin erlazionatu du, zeina “funtsezko” gisa kalifikatu baitu: “Gure enpresetan lidergoak aktibatzea, proiektuak eskalatzeko gaitasunarekin eta lurraldearen nahiz epe luzearen ikuspegiarekin. Espero dugu proiektu honek balio izatea laguntzeko zentzu horretan anbizioduna izango den enpresa-kultura hedatzeko, urte honetan garatu asmo ditugun beste ekintza batzuk osatuz”.
Maila handiko hitzaldiak
Proiektua sozializatzeko jardunaldia EHUn egin da. Gipuzkoako campuseko errektoreorde Agustin Erkiziak Jabier Larrañagarekin batera parte hartu du irekiera instituzionalean. Mikel Orobengoak, ISEAko zuzendariak, proiektuaren xehetasunen berri eman du, eta Krean enpresaren kasu jakina aurkeztu dute, zeina baita parte hartu duten bost enpresetako bat. Enpresa-kudeaketako bi adituk ere parte hartu dute: alde batetik, Emilio Ontiveros, Nazioarteko Finantza Analisten presidente eta UAMeko Enpresa Ekonomiako katedraduna; eta bestetik, Xavier Marcet, Lead to Changeko CEO eta Bartzelonako Drucker Societyko presidentea.
2454