Gipuzkoako Futbol Federazioari omenaldia ehungarren urteurrenean
Gipuzkoako Futbol Federazioari omenaldia ehungarren urteurrenean
100 urtez Gipuzkoan kirolariak prestatzen egin duen lana aitortu nahi izan die Aldundiak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak omenaldia egin dio Gipuzkoako Futbol Federazioari Foru Aldundiko Jargi aretoan, erakunde horren ehungarren urteurrena ospatzeko eta 100 urte horietan egin duen lana aitortzeko. Markel Olano diputatu nagusiak eta Denis Itxaso Kiroletako diputatuak egin diete harrera federazioaren zuzendaritzako kideei, eta urteurreneko oroigarria eman diete.
Omenaldian Denis Itxasok nabarmen duenez, «Gipuzkoa lurralde txikia da, baina handia kirolari dagokionez. Gure lurraldean kirol desberdin asko egiten dira, baina, zalantzarik gabe, futbola da jaun eta jabe. 100 urtean, Gipuzkoako Futbol Federazioak kirola sustatzen jardun du, balioen araberako heziketa eskaini du, eta lan handia egin du Gipuzkoan kirolariak prestatzen. Horretan dihardu oraindik ere, eta guk aktiboki parte hartu nahi dugu prestakuntza horren etapa guztietan».
Gipuzkoako Futbol Federazioak zuzeneko ardura izan du elitera iritsi diren kirolari horien prestakuntzan. Maila horretara iritsi ez diren asko eta asko ere prestatu ditu, ordea, eta kirola horien guztien eguneroko bizitzako atal garrantzitsu bihurtu du. Aldundiaren ikuspuntutik, lorpen handia da hori, kategoria profesionaletara iritsi diren jokalariena bezainbesteko lorpena.
Gipuzkoan, kirol jarduera oso zabalduta dago gizartean, eta Gipuzkoako Futbol Federazioak funtzio erabakigarria dauka, hark baititu federazio fitxa gehien. Beraz, GFF da gure lurraldean jarduera fisikoa sustatzen duen motor nagusietariko bat. Hori horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak 100 urte hauetan egin duen lana aitortu nahi izan dio, eta urteurren garrantzitsu hau haiekin batera ospatu.
1803