Aldundiak Gipuzkoako mugikortasun berriari lotutako 15 proiektu babestu ditu
Aldundiak Gipuzkoako mugikortasun berriari lotutako 15 proiektu babestu ditu
Smart Mobility Industry’ programako dirulaguntzak 842.809 eurokoak izan dira aurten.
Aldundiak ‘Smart Mobility Industry’ programari dagozkion laguntzak ematea adostu du, Gipuzkoan mugikortasun berriaren sektorea sustatzeko. Guztira 842.809 euro emango dira, eta 25 enpresa, ikerketa zentro eta entitatek baliatu ahal izango dituzte. Ekimen horren helburua da lurraldeko sare ekonomikoaren eraldaketa bultzatzea. Horretarako, mugikortasun berriarekin lotutako negozio nitxo berrietara bideratuko da jarduera; zehazki, honako hauetara: elektromugikortasuna, karga azpiegitura eta gidatze autonomoa. Gainera, lehendik dagoen enpresa ehuna sostengatuko da, eta haren dibertsifikazio eta egokitzapen gaitasuna indartuko da, erronka eta premia berriei aurre egiteko.
Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak jakinarazi duenez, laguntzak hiru ildotan banatu dira. Lehenengoak 273.073 euro izan ditu, eta honako hau sustatzen du: mugikortasun berriarekin lotutako erakustaldi teknologikoko proiektu pilotuen garapena. Aurten Aldundiak laguntzen gehieneko ehunekoa handitu du, proiektuen kostuaren % 80ra arte. Guztira, 11 eragilek parte hartuko duten 5 ekimeni eman zaie laguntza. Horietako 3 ekimen elkarlanean aritzekoak izango dira, besteak beste, biltegiratze soluzio bat karga ultrabizkorreko guneetan erabiltzen diren bateriekin egindakoa, mugikortasun elektrikoaren sektorean aplikatutako digitalizazioa, edo hiriko autobusak kargatzeko sistema aurreratu bat garatzea. Entitate parte hartzaileetako batzuk IBIL, Irizar, Gureak, Cidetec, Maser, Jema Energy eta CTSS dira.
Bigarren ildoa berritzailea da aurreko deialdien aldean. Honako proiektu hauek babesten ditu: gogoeta estrategikoa, negozioak berrorientatzea, dibertsifikazioa, eraldaketa digitala, lehiakortasuna hobetzeko analisia edo enpresako edozein prozesu berrantolatzea. Kasu honetan, 110.114 euro bideratu dira ibilgailu elektrikoari lotutako start up-ak eta enpresa-dibertsifikazioa bultzatzeko, Gipuzkoako Ganberaren eskutik, eta KL Katea Legaia mugikortasun elektrikoaren ekosistemaren barruan industria-laguntzaile gisa kokatzeko, eraldaketa digitaletik abiatuta.
Azkenik, hirugarren ildoak berrikuntza teknologikoa du jomugan, eta aurten 459.622 euroko zuzkidura du guztira. Ildo horrek berrikuntza teknologikoko proiektuak bultzatzen ditu, produktu edo prozesu produktibo berriak sortzeko edo nabarmen hobetzeko, MUBIL estrategiak mugikortasun berriaren eremuan zehaztutako eremuekin lerrokatuta –elektromugikortasuna, karga azpiegitura eta gidatze autonomoa–. Aurten, 8 proiektu babestu dira, zeinak 12 eragileri eragiten dieten; besteak beste, Ulma, Oribay, Ecomagnet, Lanbi, Usurbil LHII, Irulezo edo Moov drives.
Lantzen dituzten gaiak askotarikoak dira: ibilgailu elektrikorako piezak fabrikatzeko zelula konplexuak garatzea; energia berriztagarri banatua sortuz elikatzen diren birkarga puntuen kudeaketa adimenduna; baztertutako imanen bidezko iman hautsaren fabrikazioa; ibilgailuen haizetakoan film garden malguak eta eroaleak aplikatzea; muturreko higiene eskakizuneko eta produktibitate altuko eremuetarako ibilgailu pilatzaile autogidatu berri bat; pisu eta bolumen txikiagoko bihurgailu bat hiri barruko mugikortasunera bideratutako ibilgailuentzat; edo trakzio sistema eraginkorragoa birkargako bizikleta elektrikoentzat.
Gipuzkoako eragileek deialdiari emandako erantzunaren balorazio positiboa egin du Jabier Larrañagak. “Gure ekonomia indartzeko, industriaren eraldaketa lehiakorraren aldeko apustua egin behar dugu, espezializazio adimendunaren bidez, dagoeneko indargune garrantzitsuak ditugun eremuak landuz. Mugikortasuna da horietako bat. Gure helburuetako bat zen eragileen arteko lankidetza sustatzea, esparru horretan egiten ari diren aurrerapenak ezartzera eramango gaituzten hainbat gaitasun batzea, eta oinarri teknologikoko negozio eredu berriak sortzea. Uste dugu proiektuak horren isla direla».
Beste berritasun bat izan da, hain zuzen ere, oinarrietan baloratu dela zenbateraino laguntzen, koordinatzen eta lerrokatzen diren proiektuak Mubil Mugikortasun Adimendun eta Jasangarriko Zentroak bultzatutako ekimenekin. Horrela, gaur egun Tolosan dagoen poloarekin sortzen diren sinergiak eta lan partekatua sustatzen dira. Neurri horren helburua da zentroaren gaitasunak eta ezagutza maximizatzea proiektuen definizioari, hedapenari edo jarraipenari dagokionez.
Diputatuak azpimarratu duenez, Gipuzkoa “pandemia aurreko enplegu mailetara iristetik gertu dago” eta sektore batzuek “krisiaren aurretik zutena baino jarduera handiagoa dute”. Beraz, “okerrena igaro dela pentsa dezakegun honetan, ahaleginak bikoiztu behar ditugu epe luzerako proiektuak garatzeko eta hartara etorkizuneko ekonomia eraiki ahal izateko. Mugikortasuna iraultza bat bizitzen ari da, konektagarritasunak, ibilgailu autonomoek eta klima aldaketaren aurkako deskarbonizazioak eraginda. Automobilgintzarekin eta, oro har, mugikortasunarekin lotutako enpresa asko ditugu Gipuzkoan. Eraldaketa horiek erronkak ekarriko dituzte, baina baita aukera berriak ere. Aukera horiek hobeto aprobetxatzeko, pausoak zenbat eta lehenago eman, orduan eta hobeto kokatuko gara, eta onura handiagoa izango da gizarte osoarentzat”.
2533