Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundiak hirugarren sektoreko entitateen energia solidarioa babestuko du 1,46 milioirekin

Aldundiak hirugarren sektoreko entitateen energia solidarioa babestuko du 1,46 milioirekin

Gobernu Kontseiluak gizarte-ekimenerako laguntzak onartu ditu gaur. Iaz 338 proiektu garatzea ahalbidetu zuten laguntza horiek.

2024/07/16

Diputatuen Kontseiluak gaur onartu ditu Gipuzkoakoan gizarte zerbitzuen eremuan diharduten irabazi asmorik gabeko gizarte ekimeneko entitateentzako laguntzen deialdiaren oinarriak. Aurten 1,46 milioi euro bideratuko dira laguntza horietara. “Dirulaguntza horien bidez hirugarren sektoreko entitate askok urtero egiten duten lana babestu nahi dugu, lurralde gisa bereizten gaituen aktibo oso garrantzitsua baita, eta gizarte-politikarako gure ereduaren oinarri nagusietako bat. Gizarte-erronka berriak sortzen ari diren une honetan, haien eginkizuna indartzen jarraituko dugu, egungo egoerara ziurtasunez egokitzeko”, azaldu du Irune Berasaluze foru bozeramaileak.

            Horrela, Aldundiak oinarrien azterketa sakon bat gauzatu du, Plan Estrategikoak ezarritako norabidean bideratzeko. Planaren helburu nagusia da pertsona ororen ongizatea, eta hori da instituzioaren norabidea zehazten duena. 2024ko deialdiak 4 lan-ildo izango ditu: esku-hartze sozialeko programak pertsonekin, familiekin, taldeekin eta komunitateekin -960.000 euro-; sentsibilizazio eta prebentzio programak gizarte-egoera eta -arazo jakin batzuetarako -244.000 euro-; sortzen ari diren gizarte-arazoak eta gizarte-arretarako moduak ezaugarritzeko ikerketa eta berrikuntza proiektuak -60.000 euro-; eta transformazio digitala eta modernizazio teknologikoa -200.000 euro-, azken hori berria da aurreko urteekin alderatuta.

            Lagunduko diren programak gizarte-ongizate orokorra sustatzean kokatu beharko dira. Horien helburua izango da autonomia pertsonala sustatzea, mendekotasunetik eta desgaitasunetik eratorritako pertsona eta familien beharrak jakinaraztea eta haiei arreta ematea, eta babesgabetasun eta bazterketa egoerek sortutako beharrak jakinaraztea eta haiei arreta ematea, eta baita larrialdi egoerek sortutako behar pertsonalei eta familiarrei ere.

            Transformazio digitalaren lerroari dagokionez, gailu digitalak eskuratzeaz gain, eraldaketa digitala helburu duten azterketak edo antzekoak egiten lagunduko da, bai eta partaideak eremu horretan prestatzen ere. Entitate bakoitzak 6.000 euro arteko laguntza jaso ahal izango du. Horrez gain, gizarte-premia berriei lotutako ikerketa- eta berrikuntza-proiektuak egiteko laguntzetara bideratutako diru-kopurua 40.000 eurotik 60.000 eurora igo da, jarduera berritzaileak balioesteko. Balorazio irizpideak zehatzago zehaztu dira, eta horietan aitortzen da Gipuzkoako boluntarioek gizarte-zibila osatzen duten gizarte-zerbitzuen arloko entitateetan egiten duten “berebiziko ekarpena”.

Oinarri berriak uztailaren 22ko astean argitaratuko dira. Entitateek Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez aurkez ditzakete haien eskaerak, eta irailaren 9ra arte egin dezakete. “Gizarte geroz eta helduago, pluralago eta konplexuagoan bizi gara, nahi gabeko bakardadea, osasun mentala, bazterketa- edota probezia-egoeren kronifikazioa bezalako errealitate berriak eta gizarte-erronka handiak planteatzen dizkigun egoera batean. Gipuzkoan elkarte-sare eredugarria dugu, eta sendotasun eta energia solidario horietatik, lankidetzatik eta berrikuntzatik abiatuta, egoera ahulean egon daitezkeen pertsona guztien ongizatea bermatu nahi dugu”, adierazi du Berasaluzek.

338 ekimen

275 elkarteren eskaerak erantzun ziren iaz, eta 338 ekimen babestu ziren guztira, 1,38 milioi bideratuta: 181 lehen lerroan, 85 bigarrenean, 9 hirugarrenean eta 63 laugarrenean. Tipologia askotarikoa izan zen. Esate baterako, esku-hartze sozialeko programen artean, egoitzetan esku-hartzeko programa bat lagundu zen diruz, Algaraklown irabazi asmorik gabeko elkarteak kudeatua, clown talde profesional egonkor batekin, boluntarioek laguntzarekin eta elkarteko zuzendari artistikoak gidatuta.  Diruz lagundutako programaren onuradunak hirugarren adineko egoitzetako egoiliarrak eta haien familiako kide eta laguntzaileak. Ezberdintasunak ezberdintasun, pertsona horiek guztiek amankomunean dute haien bizitzetan erabateko norabide aldaketa jasan izan dutela, aldaketak ahalmen fisikoetan eta psikikoetan, familia-ingurunearen urruntzea eta bakardade-sentsazio progresiboa.

Sentsibilizazio-programen modalitatean, Gautena elkarteak urtero antolatzen duen autismoari buruzko hitzaldi-zikloaren programa lagundu zen diruz. Bertan, sektoreko profesionalek parte hartzen dute Autismoaren Espektroko Nahasmenari (AEN) buruzko hainbat gai jorratzeko. Beharrezko laguntza pertsonalak kudeatzeko beharraz sentsibilizatzea da helburua, autismoaren espektroko nahasmena duen edo adimen- eta/edo garapen-desgaitasuna duen pertsona bakoitzak eta haren familiak aukera egokiak izan ditzaten inklusioaren aldeko gizarte batean bizi-kalitate osoa lortzeko.

Azkenik, hirugarren lerroan, Zabalduz Koop Elkarteak aurkeztutako proiektuak jaso zuen dirulaguntza, harrera-eredu berriak aztertzeko. Proiektu horren helburua da harrera-eredu sekuentzial berritzaileak identifikatzea eta ikertzea, eta babes-sisteman ezartzeko aukerak aztertzea. Alde batetik, Euroeskualdeko harrera-eredu sekuntzial berritzaileak eta haien aplikagarritasuna aztertzen dituzte. Era berean, arreta jasotzen duten adingabeen, familien eta profesionalen iritzia, beharrak eta kezkak jaso nahi dituzte, familia-etxearen eta dagokion baliabidearen arteko presentzia txandakatzen duen harrera-eredu hori aplikatzeko.

  

3978