Aldundiak I+Garen aldeko apustua berresten du eta aurrekontua % 45 igoko du
Aldundiak I+Garen aldeko apustua berresten du eta aurrekontua % 45 igoko du
Ainhoa Aizpuruk esan du Gipuzkoa I+Garen mugarri bihurtu nahi dutela Europan.
Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako foru diputatuak eta Garikoitz Agote Berrikuntzako zuzendari nagusiak Ikerketa eta Garapena sustatzeko programak aurkeztu dituzte gaur. Gaur Donostiako CICnanoGUNE zentroan emandako prentsaurrekoan, bi programa desberdin aurkeztu dira: "Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarea babesteko programa" eta "Talentua erakartzeko eta heltzeko Fellows Gipuzkoa programa". Programa horiek 4.760.418 euroko aurrekontua dute, iaz baino % 45 gehiago.
Ainhoa Aizpuruk Gipuzkoako aldundiak I+Garekin duen konpromisoa azpimarratu du: "I+Garen alde egiten dugun apustua hain da handia, Gipuzkoa Europako mugarri bihurtu nahi baitugu", ziurtatu du. Orobat, Sustapen Ekonomikoko diputatuak enpresek eta eragile zientifiko eta teknologikoek lurraldearen garapenaren alde egiten duten lana balioetsi du, eta, ziurtatu duenez, "Aldundia laguntzeko egongo da beti".
Aurrekontua handituta, zientziako, teknologiako eta berrikuntzako euskal sareko Gipuzkoako zentroek ikerketa eta garapeneko hainbat proiektu burutu ahal izango dituzte, bereziki espezializazio adimentsuko RIS3 estrategiaren lehentasunezko eremuetan: fabrikazio aurreratua, energia eta biozientziak-osasuna. Aurtengo berrikuntza nagusiak dira Fellows programaren deialdi irekia, nazioarteko eskarmentua duen talentu zientifikoa erakarri eta heltzeko, eta I+Geko Enpresa Unitateen parte-hartze baldintzak malgutzea.
Garikoitz Agotek bi programak zehaztu ditu, eta hainbat laguntza ildo azaldu ditu. "Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Gipuzkoako Sarea laguntzeko Programa"k 4.431.800 euroko aurrekontua du. Programa horren barruan, 3 laguntza mota zehazten dira: I+Gko enpresa unitateak sortzea eta ikerketa proiektuetan parte hartzea, zientziako, teknologiako eta berrikuntzako euskal sareko Gipuzkoako zentroetan ikerketa eta garapeneko proiektuak garatzea (unibertsitateak, teknologia zentroak, eta abar), eta ekipamendu zientifiko-teknologiko aurreratuko ekipamendu berria finantzatzea (azpiegiturak edota makinak). Agotek esan du eskaerak maiatzaren 25era arte aurkeztu ahal izango direla.
Bestalde, "Talentua erakartzeko eta heltzeko Fellows Gipuzkoa programa"k 418.618 euroko aurrekontua du, eta helburu du nazioarteko eskarmentua duen talentu zientifikoa Gipuzkoako ikerketa zentroetara erakartzea. Berrikuntzako zuzendariak azaldu duen bezala, programa berri honek goi mailako ikertzaileen kontratazio programa diruz lagunduko du, hartara lurraldeko ikerketa zentroetako maila zientifikoa handitzeko. Garikoitz Agotek gogorarazi du eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 27an amaituko dela.
2403