Aldundiak konpromiso errealekin erantzun die Herritarren Batzarrak egindako 9 gomendioei
Aldundiak konpromiso errealekin erantzun die Herritarren Batzarrak egindako 9 gomendioei
Foru erakundeak nekazaritza eta klima aldaketari buruzko hainbat konpromiso hartu ditu, hala nola baserritar misto profesionalen figura bultzatzea edota oreka berdeari buruzko erreferentzia zentroa sustatzea
Markel Olano diputatu nagusia eta Eider Mendoza Foru Aldundiko borezeramailea
Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen duen Herritarren Batzarrak nekazaritza eta klima aldaketari buruzko bederatzi gomendio egin dizkio foru erakundeari, azken hilabeteetan gai honi buruzko hausnarketa eta lanketa sakona egin ostean. Erantzun gisa, Aldundiak hainbat konpromiso hartu ditu, esaterako, baserritar misto profesionalen figura bultzatzeko proiektu esperimentala martxan jartzea, edota nekazaritza eta klima aldaketa uztartuko dituen erreferentzia zentroa eratzea. “Prozesu aitzindari eta berritzaile honen bitartez, zozketa bidez aukeratu diren 32 herritarrek nekazaritza jarduera eta klima aldaketa bezalako gai publiko garrantzitsuen gaineko deliberazioan parte hartzen ari dira modu zuzenean. Hau da, etorkizunetako erronka nagusietakoak diren gaien hauen inguruan, herritarren partaidetzarako kanal berri eta zabala ireki dugu, emaitza interesgarriak utzi dituena”, azaldu du Eider Mendoza foru bozeramaileak.
Foru arduradunak Etorkizuna Eraikiz Gunean egin den ekitaldian hartu du parte, eta bera izan da Herritarren Batzarreko kideei Aldundiaren erantzuna helarazteko arduraduna. Berarekin izan da Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusia. Herritarren Batzar hau Arantzazulab gizarte berrikuntza laborategiak (Etorkizuna Eraikiz-en markoan Gobernantzaren Berrikuntzan erreferentzia zentro dena) eta Telesforo Monzon Euskal Herrigintza laborategiak (TMeLab) sustatzen dute, eta Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren aterkipean garatu da. Hauekin batera, demokrazia deliberatiboan adituak diren bertako zein nazioarteko aholkularien bidelaguntza izan du, esaterako, ELGA (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea) eta Deliberativa elkartea. Gainera, Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten talde politiko guztien babesa izan du prozesuak.
Diputatu nagusiak, bere hitzaldian, esan du Herritarren Batzarraren prozesu guztia lankidetzazko gobernantza sustatzeko estrategia indartzera etorri dela. “Hasieratik, honen guztiaren jatorria eta planteatu zen dilema izan zen nola lagundu lehen sektoreari klima larrialdiari aurre egiteko. Alegia, klima larrialdiari aurre egin nahi horretan, ezinbestekotzat jotzen dugu lehen sektorearen papera, eta horregatik lehen sektoreak baldintza onetan egon behar du bere ekarpena egiteko”, adierazi du. Gainera, “Gipuzkoako landa-eremuko lehen-sektorearen garapena, eta klima-larrialdiari zein bere eraginei aurre egitea gizartearekin elkarlanean landu beharreko erronka konplexua dela uste dugu. Gainera, eragileen arteko koordinazio eta antolaketa-modu berriak eskatzen ditu”, gogoratu du. “Beraz Gipuzkoako Herritarren Batzar honek lankidetzazko gobernantza sendotzeko gure apustu irmoarekin bat egiten du, gipuzkoar herritarrak modu esanguratsuan inplikatzeko aukera irekitzen duelako gure lurraldearen etorkizuna baldintzatuko duten erabaki publikoetan. Lan egiteko modu honek, % 100ean uztartzen du Gipuzkoan ezartzen ari garen lankidetzazko gobernantza eredu berriarekin eta Etorkizuna Eraikizekin”, nabarmendu du.
Bederatzi gomendioak
“Nola bermatu dezakegu Gipuzkoako nekazal-jarduera klima-larrialdiari aurre egiteko?” izan da Herritarren Batzarrak landu behar izan duen galdera. Gaur egin den itzulera saio horretan, Foru Aldundiak Herritarren Batzarrak erronka horri erantzuteko egin dizkion bederatzi gomendioei erantzuna eman die, Eider Mendoza foru bozeramailearen bitartez. Lehenengo gomendioan, Herritarren Batzarrak gomendatzen du landa-inguruneko jabeei ordain ekonomikoa itzultzea, zerbitzu ekosistemikoei egiten dieten ekarpenen arabera, eta Aldundiak prest agertu da gai honi buruz ikertu eta sentsibilizazio lana martxan jartzera. Honela, foru erakundeak Zerbitzu Ekosistemikoren inguruko azterketa bat egiteko konpromisoa hartu du, hobari fiskalak aztertzeko lan-dinamika bat jarriko du martxan eta gai honi buruzko sentsibilizazio eta gizarte-inplikazio ekintzak areagotuko ditu, oreka berdea izeneko errelatoarekin bat eginda.
Herritarren batzarraren bigarren gomendioak basoen kudeaketa sustatzea eskatzen du, I+Gren bidez eta sektore hau estrategikoa bihurtuz. Aldundia ados agertu da, eta basoak mantendu eta indartzeko ekimenak beharrezkotzat jo ditu. Hartu dituen konpromisoen artean, ikerketa aplikatuko plan bat diseinatzea; izaera estrategikoa araudietara eta adierazpen publikoetara eramatea; baso jabeekin harremanak estutzea; eta BSTK Fundazioaren bidez, zerbitzu ekosistemikoek jabeei ematen dizkieten onura ekonomikoak laburbiltzea.
Hirugarren gomendioaren kasuan, lehen sektorea estrategikotzat hartzea eskatzen da, balorazio ekonomikotik ekosistemikora igaroz, inplikatutako eragileen parte-hartzearen bidez. Aldundia ados agertu da gomendio honen muinarekin, eta lehen sektoreak politika publikoan duen zeregina indartzeko eta gizarteratzeko konpromisoa hartu du. Bestalde, ‘Ganbara’ izeneko proposamen batzordea sortzea ere gomendatzen du Herritarren Batzarrak, eta foru erakundeak gaur gaurkoz dauden mahai ezberdinak batu eta indartzearen alde lan egiteko konpromisoa hartu du. Honekin batera, Aldundiak balio estrategiko handiko lurzoruen alde lan egiten jarraitzeko konpromisoa berritu du, eta Gipuzkoan Oreka Berderako Erreferentzia Zentro bat bultzatzeko ere konpromisoa hartu du, lehen sektorearen eta ingurumenaren arteko elkargune izango dena. 2 milioi euroko aurrekontua izango luke proiektuak, eta 2026 urtean garatuko litzateke.
Laugarren puntuan, haurtzarotik gizartea nekazaritza-munduari eta klima-aldaketari buruz kontzientziatu eta sentsibilizatzea eskatzen zaio Aldundiari. Foru erakundea hemen ere ados agertzen da, eta erakunde arteko lankidetza indartzearen alde egiten du, bakoitza bere eskumenen esparruan aritzeko. Gizarteari begira, hedabide eraginkorra sortu eta erabiltzearen alde egiten du, esaterako, Gure Lurra aldizkaria, izen bera daraman kongresua, Parketxe Sarearen bidez egiten den dibulgazio lana, Gabonetan egiten den komunikazio kanpaina edota foru erakundeak ETBrekin dituen konpromisoekin jarraitzea.
Herritarren Batzarrak, bere bosgarren gomendioan, lehen sektorea gaztetzeko neurriak aztertzea eskatzen du. Aldundiak, bere aldetik, erantzun du lehen sektorearen belaunaldi-aldaketa kezka nagusienetako bat dela beretzat, eta horri aurre egiteko neurri espezifikoak daude. Hemen hartu dituen konpromisoetako batzuk dira aplikazio informatiko eraginkor bat diseinatzea, lurzoruaren eskaria eta lurzoruaren eskaintza errazteko. Gainera, aplikazio horren bidez lurzorua bilatzeko egungo lan-sarea zabaltzeko konpromisoa hartu du; Espainiako Gobernuarekin lankidetza indartzera konprometitu da, zuntz optikoa hedatzen jarraitzeko; Gaztenek Berri eta Trebatu laguntza programak indartzeren alde egin du; eta eremu honetan eragiteko zerga-onurak aztertzera konprometitu da.
Seigarren gomendioak, bere aldetik, lehenengo ekoizpen fasetik KM0 sustatzea eskatzen dio Aldundiari. Foru erakundea guztiz ados agertzen da estrategia honekin, eta gogoratzen du foru erakundeak, Etorkizuna Eraikizen aterkipean, elikadura jasangarriaren inguruko misioa bultzatzen ari dela, non ezartzen den Gipuzkoak 2040an elikadura-sistema jasangarri, osasungarri, irisgarri eta lehiakorra izango duela, tokiko ekoizpen-gaitasuna maximizatuko duena eta kontsumo arduratsua sustatuko duena, lurraldearen kultura eta nortasuna proiektatuz. Honen paraleloan, foru erakundeak konpromisoa hartzen du gainerako erakundeekin elkarlana hobetzeko, Gipuzkoako Azoken Sarea indartzeko, tokiko elikagaiak eskaintzeko cateringean eta Aldundiak antolatutako beste ekitaldi batzuetan, eta kudeatzen dituen baliabide guztietan KM0 produktuak sustatzeko neurriak hartzeko (egoitzak, jantoki kolektiboak…).
Zazpigarren puntuan, Herritarren Batzarrak nekazaritza ekologiko estrategikoa sustatzea gomendatzen du, lehiakortasuna, produktibitatea eta merkaturatzea areagotuko dituen entitate bat sortuz edo handituz. Kasu honetan, foru erakundeak balioan jartzen ditu Ekolurra eta Biolur eragileen lana, Herritarren Batzarrak egiten dituen proposameneko funtzioetako asko betetzen dituztenak, eta Aldundiak urtero argitaratzen dituen dirulaguntza deialdietan ere jarri du arreta. Zortzigarren gomendioaren kasuan, berriz, tokiko produktua sustatzea eskatzen da, hobari fiskalak egokituz. Gaia konplexua izaki, Aldundiak konpromisoa hartu du tokiko produktuak sustatzeko hainbat aukera aztertzeko (hobari fiskalak, laguntza ekonomiko gehigarriak, kontsumitzaileentzako bonuak).
Azkenik, bederatzigarren puntuan, baserri misto profesionalaren figura sustatzea eskatzen du Herritarren Batzarrak. Aldundia ados dago planteamendu horrekin, eta uste du ezinbesteko neurria izango dela Gipuzkoan etorkizunean landa-jarduera izaten jarraitzeko. Honen ondotik, proiektu pilotu bat martxan jartzera konprometitzen da, 5 urtetan luzatuko dena. Urtero dirulaguntzen deialdi bat egitea egingo da, eta laguntzen deialdia enpresari eta baserritar mistoa izateko prest dagoen langileari zuzenduta egongo litzateke. Helburua urtean 30 langile ingurura iristea da, hau da, 5 urtean 150 baserritar misto profesionaletara iristea, eta urtero 1,8 milioi euro bideratuko dira honetara.
Prozesua
Gipuzkoako Herritarren Batzarrean parte hartzen ari diren herritarrak zozketa bidez hautatuak izan dira, lurraldeko aniztasuna eta biztanleria ondo islatzen dute eta ordain ekonomiko bat jasotzen ari dira ekimenean parte hartzeagatik. Prozesuari erreparatuta, saioak ostiral arratsaldea eta larunbat goizetan egin dira beti. Lehen bi saioetan proposatutako galderaren inguruan adituen eskutik informazioa jaso zuten parte-hartzaileek (azaroak 4-5 eta azaroak 25-26); hirugarren saioan, informazioaz hausnartu eta deliberatu zuten (abenduak 16-17); eta laugarren saioan, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat proposatutako galderari erantzun eta gomendio adostuak egin eta idatziko zituzten (urtarrilak 13-14). Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako konpromisoa jarraituz, Batzarrak egindako gomendioak aztertu ditu, eta lehen itzulera-saio bat egin du.
Hala ere, prozesua ez da gaur bukatzen; datozen hilabeteetan gomendioen inplementazioaren jarraipena egingo diote 32 batzarkideek, laborategi sustatzaileen bitartez. Beste bi mugarri aurreikusten dira datozen hilabeteetan, bata, 2023ko udazkenean, eta bestea, 2024ko urte amaieran. Modu horretan prozesu honen eragin positiboa, herritarren ahalduntzea eta politika publikoetan inpaktua bermatu nahi dira. Horrela jaso da Euskal Herriko Unibertsitateko Parte Hartuz taldeak egindako prozesuari buruzko ebaluazioan; prozesuak eragin positiboa izan du batzarkideengan, eta parte hartu ondoren konfiantza handiagoa dute politikan, demokrazian eta partaidetza-prozesuetan.
Etorkizuna Eraikizen erreferentzia zentroa den Arantzazulab-ek lurraldean mota honetako bi Herritarren Batzar sustatu ditu modu aitzindarian (Tolosako Udalean izan da bestea). Bi egitasmo hauekin Arantzazulab-en azken helburua da demokrazia deliberatiboaren inguruko ezagutza garatzea, tokiko gaitasunak sortzea eta euskal erakundeetan deliberazio prozesuak instituzionalizatzeko baldintzak sortzea. Izan ere, prozesu hauek lankidetzazko gobernantzan eta berrikuntza demokratikoan sakontzeko aukera ematen digute eta erakunde publikoen eta herritarren arteko harreman eredu berriak aktibatzen dituztela frogatu ahal izan da. Gainera, bi prozesuak oihartzun zabala izaten ari dira bai gurean zein nazioartean. Esparru honetako hainbat aditu zein Europako beste herrialdeetako eragileak bi Herritarren Batzarrak gertutik jarraitzen ari dira, eta demokrazia deliberatiboaren esparruan nazioarteko adituen eta gobernuen sareetan posizionatu ditu gure lurraldea, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Arantzazulab.
3553