Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundiak laguntza emango dio Soziolinguistika Klusterrari, euskararen erabilera sustatzeko politiken eraginkortasuna areagotzeko

Aldundiak laguntza emango dio Soziolinguistika Klusterrari, euskararen erabilera sustatzeko politiken eraginkortasuna areagotzeko

Oinarrizko ikerketa eta berrikuntza landuko ditu Klusterrak, euskararen biziberritze prozesua azkartzeko eta hizkuntza berdintasunera hurbiltzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Soziolinguistika Klusterrak lankidetza hitzarmena berritu  dute gaur, euskararen egoera sozialari buruzko ikerketa eta jakintza kudeatzeko hainbat proiektu garatzeko. Aldundiak ikerketaren aldeko apustu sendoa egin du eta 167.930 euroko diru laguntza emango dio Klusterrari, proiektu horien gastu diruz lagungarriaren %80, hain zuzen.  Euskararen erabilera soziala sustatzeko politika publikoak indartu eta berrikuntza ikuspegi batez mamitzearekin batera, hausnarketa eta esku-hartze tresna berritzaileak eskaini nahi zaizkie euskararen aldeko gizarte ekimenetan murgildurik diren elkarte, erakunde edo enpresei.

Herri erakundeek euskararen erabilera soziala sustatzeko burutzen duten politikari bide berriak bilatzeko, beharrezko ikusten da gizarte eragileekin lankidetza eta egindakoaren gaineko ikerketa. Bide horretan, Aldundiak jarraipena eman nahi die, Soziolinguistika Klusterraren gidaritzapean, euskararen egoera sozialaren erakusleak batu eta modu sistematiko batean eskaintzeko garatu izan diren ekimenei. Eta, horrez gain, ikerketa ildo berriak ere adostu ditu Klusterrarekin, egungo bidegurutzean norabide egokiena antzematen laguntzeko.

Markel Olano diputatu nagusiak azaldu duenez, Foru Aldundiaren nahia eta asmoa da bere hizkuntza jarduerak eta euskararen sustapenerako garatuko dituen egitasmoak, herrialdearen errealitate soziolinguistikoarekin bat etortzea, eraginkorrak izan daitezen. Horretarako, Klusterrak egiten duen lana garrantzi handikoa dela azpimarratu du. “Euskararen biziberritze prozesua bidegurutzean dago, eta bi gurpilen gainean egingo dugu aurrera: lehena da herri erakundeen eta euskalgintzako eragileen artean bide berria adostea; eta bigarrena, jakintza eta ikerketa erabiltzea bide berri hori aurkitzeko. Bigarren lan hau da Klusterrari eskatzen dioguna”.
  

3454