Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundiak lurraldeko enpresak babestuko ditu krisi ostean irekitzen diren aukera eta erronken aurrean

Aldundiak lurraldeko enpresak babestuko ditu krisi ostean irekitzen diren aukera eta erronken aurrean

Diputatu nagusiak lurraldeko ekonomiaren egoeraren irakurketa baikorra egin du, eta foru erakundea agertoki hau egonkortzeko lanean ari dela berretsi du

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, Foru Aldundia lurraldeko enpresen bidelagun izango dela berretsi du krisi ostean ireki den agertokian. “Aldaketa honek erronka berri asko dakartza”, esan du foru arduradunak, globalizazioa edota saltzaile-bezero erlazio berriak adibide bezala jarriz, “baina baita aukera berriak ere, industriaren ohiko arauak hausten ari direnak”. Horrela, testuinguru berri hau baliatzera dei egin du, erronkei eutsi eta Gipuzkoa lehiakor izaten jarraitzeko.

Olanok ADYPEk antolatutako gosari informatiboan hartu du parte gaur goizean Donostian, eta bertan lurraldearen analisi ekonomikoa egin eta Aldundiak kurtso honetan dituen erronka eta egitasmo nagusien berri eman du. Diputatu nagusiak ekonomia agertokiaren irakurketa baikorra egin du, adierazle nagusiek hobera egin dutela azpimarratuz. Barne Produktu Gordinaren (BPG) indartzea, enplegua agertzen ari den berreskurapen zantzuak eta gizarte kohesio adierazleen bilakaerak aipatu ditu, besteak beste.

Aldundia burutzen ari den egitasmoen artean, diputatu nagusiak Ekonomia Suspertzeko Planean jarri du azpimarra. Gogoratu duenez, egitasmo honi esker 50 milioi bideratu dira aurten lurraldeko jarduera ekonomikoa indartzera eta “lehen emaitzak jasotzen ari gara”. Foru arduradunak adierazi du ekimena legealdi osorako plana dela, eta hori dela eta 2017ko aurrekontuetan ere beste 50 milioiko zuzkidura izango duela. “Apustu sendoa egiten ari gara 4.0 industria, biozientziak, energia gordailuak… Hau da, enpresa eredu gizatiar, sustraitu eta nazioartekotuagoa lortzeko”, esan du.

Olanok Etorkizuna Eraikiz programari buruz ere aritu da, foru erakundeak lurraldearen etorkizuneko erronkei erantzuteko abian jarri duen erreminta. “Herritarrekin konektatu eta egun dituzten kezka eta erronkei eutsi eta irtenbide bila hasi nahi dugu, gaur bertan”, esan du. Diputatu nagusiak gogoratu duenez, jada martxan jarri dira kontziliazioa, langileen partaidetza edota zerbitzu publikoen arloko ekimen berritzaileak. “Esperimentazio aktiboan datza Etorkizuna Eraikiz, eta ondorioak politika errealean txertatuko ditugu”, esan du.

“Aldundira iritsi ginenean, gure lurraldea indartzea jarri genuen helburu”, esan du Olanok, “behar zuen bultzada ematea lau urteko geldialdi eta blokeoaren ostean”. Azaldu duenez, horretan ari da foru erakundea, eta Gipuzkoaren ezaugarri nagusiak sendotzea da bidea: elkartasuna, berdintasuna, lehiakortasuna eta zintzotasuna. “Ziur gaude norabide honetan sakondu behar dugula etorkizuna eraikitzeko”, esan du, gogoratuz Gipuzkoako egitura sozioekonomikoak zortzi urteko krisi latza jasan duela eta ongizate maila mantentzeko bermerik onena “egitura hori mantentzea” dela.

Diputatu nagusiak Europa iparraldeko herrialdeak jarri ditu eredu, bai gizarte zein genero ezberdintasunak kudeatzeko orduan. “Asko daukagu ikasteko”, esan du Olanok, eta lan horretan gizarte eragile guztien ekarpenak beharrezkoak direla azpimarratu du. “Gizarte guztiak izan behar du lehiakor gure enpresak hala izatea nahi badugu. Baina ez enpresak bakarrik, baita hezkuntza sistema, ostalaritza, merkataritza edota gu geu, erakunde publikoak”, adierazi du. Marko honetan, Aldundiaren papera egile guzti hauen arteko elkarlana sustatzea dela nabarmendu du, “eta horrela egingo dugu”. 

  

2351