Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundiak milioi bat euro bideratuko du Adinberri diru laguntzak jasoko dituzten 15 proiekturako

Aldundiak milioi bat euro bideratuko du Adinberri diru laguntzak jasoko dituzten 15 proiekturako

Proiektuak 2019ko urrira arte garatuko dira, eta luzaroko bizitzarako etxebizitzen eta zaintzen eta arreten ingurukoak dira

Gipuzkoako Foru Aldundiak Adinberri programaren diru laguntza jasoko duten 15 enpresak bildu ditu gaur goizean lan saio batean. Programa horretara milioi bat euro bideratu da, eta helburua da I+G+B jarduerei laguntzea, zehazki zahartze osasuntsuan, sistema sozio-sanitarioan eta industria horren lehiakortasunean eragina izan dezaketenei. Lehen deialdi honetan, bi gairi eman zaie lehentasuna: luzaroko bizitzarako etxebizitza, eta zaintza eta arreta. Gaurko saioa Etorkizuna Eraikiz eraikinean egin delarik, enpresa onuradun bakoitzak bere proiektua aurkeztu du «sinergiak eta harremanak sortzeko, zeren xedea baita Adinberri ekosistemako eragileen arteko sareko lana eta lankidetza sustatzea», esan du Markel Olano diputatu nagusiak, zeinak lan saioan parte hartu baitu Maite Peña Gizarte politikako diputatuarekin, Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuarekin, eta Rakel San Sebastián Adinberri fundazioko zuzendari nagusiarekin batera.

15 proiektuak 2018ko ekinetik 2019ko urrira garatuko dira, eta Adinberri estrategiaren hiru ardatzetako batean kokatzen dira: 1) 55+ urteko pertsonen bizi kalitatea eta osasuna hobetzea, eta haien zaintza asistentziala ere bai; 2) sistema sozio-sanitarioaren bikaintasunari eta haren epe luzeko iraunkortasunari laguntzea; 3) Garapen ekonomikoa eta lehiakortasuna sustatzea zahartzearen eremuko industrian. Zentzu horretan, diputatu nagusiak azaldu du proiektu guztiek esperimentazioa eta entsegu pilotuak egiten dituztela. Eta gehitu du: «guztien jarraipen bat egingo dugu, eta, ondoren, aurrerapausoen berri emango dugu. Horien artean, ikusiko dugu zeinek duen arrakasta eta zabaldu litekeen lurralde osora; eta, bestetik, kale egiten dutenetatik ondorioak aterako ditugu eta ikasi egingo dugu».

Rakel San Sebastiánek, berriz, azpimarratu du deialdiak oso erantzun ona izan duela. Izan ere, 54 proiektu aurkeztu dira, «Adinberriren estrategiaren ildoa jarraitzen dutenak eta oso interesgarriak». Eta gehitu du ezen, 15 izan badira ere hautatu diren proiektuak, «aztertuko dugu nola heldu hautatuak izan ez diren horiek, baliozkoak baitira». Hautatu diren 15 proiektuak hauek izan dira:

  • Ariketa Fisikoa pertsona nagusien egoitzetan (EHU)
  • Teleadin: Urruneko laguntzaile pertsonala, bakarrik bizi diren pertsonen autonomia sustatzeko (Inmakulada Lanbide Ikastola, Tolosa)
  • Komunitatean subjektu ahulak identifikatzeko eta ebaluatzeko metrika eta protokolo berriak, bizkarraren diagnosi funtzionalerako eta orekaren ebaluaziorako teknologietan oinarrituta (Tecnalia)
  • OK en casa proiektu pilotua: ikerketa industrialaren fasea eta plataformen eta aplikazioen garapen esperimentala (Gipuzkoako Zerbitzu Sozio-sanitarioak)
  • Elderlydigital: Dispositibo bat garatzea diagnostiko ultraeramangarria egiteko hirugarren adinean (Oiarso S. Coop)
  • Protect: Dementziari atxikitako jarrera trastornoen eta trastorno psikologikoen arriskua aurreikusteko modelo bat eraikitzea Machine Learning-en bidez (Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa)
  • Adinekoen etxebizitza kooperatiba (Hiritik at)
  • Baloraziorako unitate bat diseinatzea eta pilotatzea, eta adinekoen funtzionaltasunari laguntzea (Biodonostia Institutua)
  • Esteka: Hauskortasunari eman beharreko komunitate arretan aurrera (Grupo Ssi Silver Hub)
  • Gipuzkoan ahultasun egoeran dauden adinekoen arratarako tresnak eta modeloa definitzea (Hurkoa Fundazioa)
  • App Alusti: Adinekoen ebaluazio fisiko eta funtzionalerako test unibertsal bat garatzeko, balioesteko eta informatizatzeko tresna (Gaia)
  • Resivoz: Egoitza zentroetako informazio erregistroa bikaintzen Ahots interakzioaren bidez (Caser Residencial Betharram)
  • Gaitasun kognitibo gorenen entrenamendua adinekoengan; jarrera eraginak eta burmuin oinarriak (BCBL)
  • Bakardadeak (Matia Institutua)
  • Etxebizitza egokitzea kaltetze kognitiboa duten pertsonentzat diseinu terapeutikoari jarraikiz (Errotu)

Proiektuen puntuazioak egiteko, alderdi hauek balioetsi dira: Interes taldeen lankidetza proiektuak garatzeko; berrikuntza irekiaren ikuspegia, unibertsitate eta ikerketa zentroen lankidetza bilatuz; Gizarte Berrikuntzaren ikuspegia, Adinberriren muinean dagoen alderdia izanik; proiektuek aintzat hartzea azken erabiltzailearen ikuspegiak eta partaidetza aktiboa, proiektuen definizioan, karakterizazioan eta garapenean, garbiro bideratuta ko-sorkuntzara eta ko-diseinura; eta praktika onen trukeak ekartzea mugaz gaindiko eskualdeekin.

 

55+: herritarren % 46,5 2031n

Gipuzkoan, 2017. urtean, guztira zeuden 713.000 pertsonetatik 250.000 pertsona inguruk 55 urte edo gehiago (55+) zituzten (biztanleriaren % 35). 2031. urteari begira, talde horren ehunekoa % 46,5era arte haziko da (343.495 pertsona). Biztanleria horren % 27,1ek 65 urte baino gehiago izango du, eta % 5ek 85 urte baino gehiago. Nahiz adineko gehienez zahartzaroan autonomia funtzionala eta harreman autonomia izango dituzten, mendekotasun mailaren bat duten herritarrak 29.000tik 39.000ra igoko da 2031.

Aldaketa hori, diputatu nagusiaren esanetan, «lehen mailako erronka bat izango da, oso konplexua, bai asistentziaren ikuspegitik, zaintzen kalitatea bermatzeko, bai ikuspegi sozialetik. Izan ere, eskatuko digu egitura sozial eta ekonomikoak aldaketa demografikora eta zahartzearen erronkara egokitzea». Alabaina, esan du «aukera bikaina ere badela herritarren osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko, Pertsonengan Oinarritutako Arreta modelo berrietara gerturatuz, eta osasun asistentzia sistema hobetzeko, baita hazkunde ekonomikoa eta ekoizpena ere».  

Horrela, Adinberri estrategiaren bidez, «Gipuzkoako berrikuntzaren indarra maximizatu nahi dugu, bereziki hirugarren alorreko talentua eta trebetasuna, denon artean bizitza osasuntsuaren aldia luzatzeko eta Gipuzkoa mugarri izaten jarraitzeko alor horretan», nabarmendu du Olanok. Orobat, ziur agertu da Adinberri ere mugarri izango dela esperimentazio aurreratuaren eremuan. Horren harira, gogoratu du datorren azaroaren 22an eta 23an «Zahartzea, erronka eta aukera I. Adinberri Kongresua» egingo dela Tabakaleran. «Aukera bikaina izango da zahartzea alderdi guztietatik aztertzeko: direla arretaren eta zaintzen berrikuntzak; dela silver economya, Gipuzkoako jarduera ekonomikoaren motorra». Eta, horretarako, «bertako eta nazioarteko esperientziak aztertuko ditugu adituen hitzaldi eta mahai-inguruetan, jendearen partaidetzarekin», amaitu du diputatu nagusiak.

helburua da I+G+B jarduerei laguntzea, zehazki zahartze osasuntsuan, sistema sozio-sanitarioan eta industria horren lehiakortasunean eragina izan dezaketenei
  

1591