Aldundiak onespena eman dio lehentasunezko mezenasgo jardueren urteroko dekretuari
Aldundiak onespena eman dio lehentasunezko mezenasgo jardueren urteroko dekretuari
Iaz 50.000 pertsona eta erakundek baino gehiagok zerga-hobariak izan zituzten Gipuzkoaren intereseko jarduera horietan laguntzeagatik.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak onespena eman dio urtero onartzen den lehentasunezko mezenasgo jardueren dekretuari. Bertan, lurraldeak aurrera egiteko interes orokorrekotzat jotzen diren mezenasgo-eremuen zerrenda jasotzen da. Lehentasunezko jarduera horietarako ekarpenek zerga-hobariak dituzte: % 30ekoa PFEZn; sozietateen gaineko zergaren kasuan, berriz, ekarpena gastutzat hartzen da eta % 18ko hobaria ezartzen da. "Fiskalitatean dugun eskumena ahalik eta gehien aprobetxatzen jarraitzeko borondate sendoa dugu, Gipuzkoako herritarrei eta komunitateari mesede egingo dieten politikak eta ekintzak modu aktiboan bultzatuz", adierazi du Irune Berasaluze foru bozeramaileak.
Berasaluzek mezenasgo politika horren "irismena eta eragin zabala" azpimarratu ditu; izan ere, 49.182 pertsona fisikok (PFEZ) eta 883 erakundek (sozietateen gaineko zerga) hobariak jaso zituzten iaz (2022ko errenta). Lehenengoek 7.757.299 euro eman zituzten, 2.206.412 euroko kenkariarekin. Bigarrenek 8.331.001 euroko dohaintzak egin zituzten, 1.499.580 euroko kenkariarekin. Hala, dohaintzak 16.088.300 eurokoak izan ziren guztira, eta zerga-arintzeak 3.705.992 eurokoak. "Zifra horiek lurralde konprometitua eta zentzu kolektibo handikoa dela adierazten digute, babestu behar dugun indargunea", adierazi du.
Lehentasunezko jarduerak zortzi talde handitan sailkatzen dira. Lehenik eta behin, gizarte politiken eremua: desgaitasunen bat duten eta/edo baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonak gizarteratzea eta laneratzea; pobrezia- eta kalteberatasun-egoeran dauden haurrak eta haien senideak zaintzea eta laguntzea; mendekotasun-egoeran, desgaitasunen bat duten pertsonak, osasun mentaleko arazoak dituztenak eta gizarte-bazterkeriako edo -babesgabetasuneko egoeran edo arriskuan daudenak; familia kalteberak; zahartze aktiboa sustatzeko formulen aniztasuna; gizarte-premia berriei erantzuteko erantzukizun komunitarioa; eta gizarte-zerbitzuen edo esparru sozio-sanitarioaren eta tokiko zaintza-ekosistemen arloetako gaiei buruzko ikerketa eta berrikuntza.
Bigarren arloak, ingurumenari buruzkoak, lehentasunezkotzat jotzen ditu irabazi-asmorik gabeko erakundeen programak edo jarduerak, elikagaiak alferrik galtzea edo xahutzea murrizteko eta, horrela, hondakinak prebenitzen eta murrizten laguntzeko. Hirugarren arloa kirola da, eta bertan definitzen dira eskola-kiroleko jarduerak, lurraldeko elkarte, selekzio eta kirolarien parte-hartzea txapelketetan, kirol-ekitaldien sustapena, emakumearen sustapena kirolean, kirol egokitua eta
errendimendu handiko kirola sustatzeko irabazi-asmorik gabeko elkarteek garatutako programak.
Laugarrenik, kulturaren arloan, nazioarteko kultura-proiektuak eta lurraldeko arte eszenikoen konpainiek sustatutako eta haurrei eta gazteei zuzendutako kultura-hedapeneko proiektuak jasotzen dira. Atal honetan, gogoratu behar da badela beste foru arau bat kultur mezenasgoa berariaz arautzen duena. Bosgarren ildoa Nazioarteko Lankidetza da, eta honako hauek jasotzen ditu: giza eskubideen defentsa, genero-berdintasunaren defentsa eta sustapena maila ekonomiko, sozial edo politikoan, eta ingurumenaren eta bizitzaren jasangarritasunaren defentsa. Seigarrenik, euskararen esparrua: euskararen erabilera soziala sustatzeko programak; IKT edukiak euskaraz zabaltzeko proiektuak; tokiko komunikabideak; eremu sozioekonomikoan euskara sustatzeko ekintzak; eta ahozko euskal ondarea berreskuratzea.
Zazpigarren ildoa sustapen ekonomikoarena eta berrikuntzarena da: hainbat arlotan (nanozientziak, fabrikazio aurreratuko ikerketa-jarduerak, adimen artifiziala, energia berriztagarriak, zibersegurtasuna, pertsonen zahartzea, elektromugikortasuna...) ikerketa- eta esperimentazio-lana garatzen edo ahalbidetzen duten jarduerak; enpresa-ekintzailetzaren eta nazioarteko enpresa-lankidetzaren kultura sustatzeko jarduerak; bizialdi osoko ikaskuntza sustatzeko jarduerak; EHUren "Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astea"; ekonomia berdearekin lotutako ekimenak (diseinu ekologikoa, ekonomia funtzionala, berrerabilera...); eta Gipuzkoan terapia aurreratuak eta konputazio kuantikoa azkarrago ezartzera bideratutako jarduerak.
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan jarduteko tarte handiena duen eremuetako bat izanik, honako hauek jasotzen dira: emakumeak erabakiak hartzeko organoetan sartzea, lurraldearen garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko beharrezko elementu gisa; eta mundu zientifikoko erantzukizun-eremuetan emakumeen presentzia bultzatzera bideratutako jarduketak, bai neskatoak eta gazteak mundu zientifikora hurbiltzen laguntzeko ekimenen bidez, bai beka-programak, coaching-a edo emakumeek gidatutako ikerketa-taldeentzako berariazko laguntzak sustatuz. Gainera, aipatu behar da 2022an Aldundiak foru arau espezifiko bat onartu zuela oinarrizko ikerketarako mezenasgoaren sustapena bultzatzeko, “pizgarri berri eta indartsuekinW.
Azkenik, zortzigarren arloa suteen aurkako borrokari buruzkoa da, eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek suteen aurkako lanari buruzko prestakuntza emateko garatutako jarduerak eta programak biltzen ditu. Aldundiko bozeramaileak adierazi duenez, lehentasunezko jarduera horiek "oso lerrokatuta" daude Foru Aldundiaren legegintzaldirako Plan Estrategikoarekin, Gipuzkoa “komunitate konprometitu, orekatu eta bidezkoa izan dadin, ekonomia lehiakor, berritzaile eta jasangarri batekin, pertsona guztien ongizate integrala zaintzen duena eta etorkizuna duten proiektuak garatzeko aukerak sortzen dituena, banakakoak zein kolektiboak. Ikuspegi horrek inspiratuko du gure zerga politika".
Salmentak % 0,7 gehitu dira
Kontseiluan, lurraldeko Foru Ogasunak aldizka egiten duen Gipuzkoako enpresen egoerari buruzko txostenaren datuak ere eman dira ezagutzera. Bozeramaileak jakitera eman duenez, 2024ko lehen bost hilabeteetan Gipuzkoako enpresen salmentak % 0,7 igo dira, 2023ko aldi berarekin alderatuta. Barne-salmentak pixka bat hazi dira, % 0,1; esportazioak, berriz, neurri handiagoan hazi dira, % 1,7.
Maiatzeko datuak positiboak izan ziren: guztizko salmentak % 2,7 gehitu ziren. Barne-salmentak % 1,2 handitu ziren eta esportazioak % 5,3. Enpleguak, bestalde, indarra mantentzen du, lan-etekinak jasotzen dituzten pertsonen kopurua % 1,2 igo baita maiatzean, eta % 1,7 urteko metatuan. Soldatek ere gora egin dute, % 5,8 maiatzean eta % 7,8 2024ko lehen bost hilabeteetan.
2024ko lehen bost hilabeteetako salmenten hazkunde hori (+%0,7) zerbitzuen sektorean izandako +%2,3ari zor zaio; izan ere, salmentak pixka bat jaitsi ziren industrian (-% 0,2) eta neurri handiagoan eraikuntzan (-% 3,3). Maiatzean, ordea, salmentak sektore guztietan gehitu dira: industrian +%1,8, eraikuntzan +%2,8 eta zerbitzuetan +%4,3. Eta kanpo-merkataritzaren noranzkoa kontuan hartuta, EBrako urteko metatuan esportazioak % 1,2 jaitsi ziren bitartean, gainerako herrialdeetarako salmentak % 5,4 hazi ziren. Maiatza oso positiboa izan zen, Europako salmentak % 1,3 igo baitziren, eta gainerako herrialdeetakoak % 10,5.
Oraingo honetan ere industria-enpleguaren portaera ona nabarmendu behar da, maiatzean % 2,4 igo baita eta % 2,9 aurten. Zerbitzuen sektorean moderatuagoa da hazkundea (+% 0,5) eta eraikuntzan, aldiz, % 1,1 jaitsi da. Urteko lehen bost hilabeteetan, industriaren sektorean igo dira gehien soldatak, % 9, eta eraikuntzan (+%4,1) eta zerbitzuetan (+%6,2) zertxobait gutxiago hazi dira.
Berasaluzek positiboki baloratu ditu datu hauek, gure ekonomia eta gure industria “ziurgabetasunez betetako egoera kudeatzeko gai” izatea lortzen ari direla argudiatuz. “Maila globalean lehiakorrak izaten ari dira exijentzia handiko testuinguru batean, Europar Batasunetik haratago dauden nazioarteko merkatuetan presentzia izanik. EBtik kanpoko salmenten hazkundeak esportazio-mailari eustea ahalbidetzen du, eta egokitzeko gaitasun handia erakusten du. Balioa eman behar diogu gure enpresak eta enpresak osatzen dituzten pertsona guztiak egiten ari diren ahaleginari, lurralderako aberastasuna eta ongizatea sortzen jarraitzeko”.
Pedro Mari Otañori buruzko ikus-entzunezkoa
Azkenik, Kontseiluak Eguzki Art Zinema SLri 40.000 euroko dirulaguntza ematea onartu du, Pedro Mari Otaño (Zizurkil, 1857 – Rosario, 1910) idazle eta bertsolariari buruzko ‘Ombuaren Itzala’ filmaren ekoizpen gastuak ordaintzen laguntzeko. Proiektua Patxi
Bisquert zuzendari eta zinemagileak bultzatu du, eta Uma Manterola, Olatz Beobide, Sara Cozar, Joseba Usabiaga, Iñaki Beraetxe, Ramon Agirre eta Kandela Manterola aktoreek ere parte hartu dute.
Pedro Mari Otaño bertsolari ospetsuenen artean dago, eta zenbaitek guztien artean handientzat jotzen dute, arlo horretan beti modernitatearen adibide izanik. Xabier Lete edo Josanton Artze bezalako poeta eta abeslariek ere euren bertsoak errezitatu eta interpretatu dituzte. Euskal letren berritzaile handia izan zen, bere garaiko erreferente kultural distiratsuenetako bat bihurtuz. Librepentsalari eta autodidakta, lan garrantzitsuen egilea izan zen, eta Argentinako euskal diasporako seme-alabei euskara irakasteko metodologia espezifiko bat ere sortu zuen. “Garrantzi handiko figura kulturalaz ari gara, baina apur bat ahaztuta geratu da, batez ere belaunaldi berrientzat. Hori dela eta, filmak bere ekarpena ezagutarazi nahi du, eta helburu hori partekatzen dugu”, adierazi du bozeramaileak.
Gainera, Foru Aldundiak lehentasunezkotzat jotzen du hizkuntza-normalizazioaren alde lan egiten duten erakunde eta gizarte-eragileekin lankidetzan aritzea, proiektu zehatzetan oinarrituta euskararen erabilera areagotzeko. Helburu hori 2024-2027 Plan Estrategikoan jasota dago. Plan horren bidez, “ekosistema kulturala euskaraz eta euskaraz indartu nahi da, lankidetza-politika integral eta koherenteak garatuz, eremu artistiko guztietan sorkuntza eta zabalkundea hobetzeko eta areagotzeko, ahalegin berezia eginez ikus-entzunezkoetan”.
Gainera, Berasaluzek azpimarratu du proiektuak baduela berezitasun gehigarri bat, “are balio handiagoa ematen diona, auzolanean lan egin baita finantzaketa lortzeko eta gizarteratzeko”. Udalak, erakundeak, kultura-elkarteak, ikastolen sarea eta Hezkuntza Publikoa inplikatuz, eta, horrela, proiektuari oinarri herrikoi zabala gehituz, 150 aurkezpen publiko baino gehiago eginez euskal lurralde guztietan. “Beraz, ilusio handia pizten duen ekimena da, osagai guztiekin, Aldundiak bere hondar alea jarriz ekarpena egin dezan”, amaitu du.
3869