Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundiak pantaila akustikoak jarriko ditu Tolosako herrigunearen aurrean

Aldundiak pantaila akustikoak jarriko ditu Tolosako herrigunearen aurrean

Jarduera honekin, dauden pantailak osatuko dira eta udalerriko iparraldea etenik gabe babestea lortuko da

2020/07/30

Gipuzkoako Foru Aldundiak N-I errepidean pantaila akustikoak jartzea onartu du, Irun-Gasteiz norabidean, Tolosako hirigunearen parean. Gaur egun inguru horrek kalitate akustikoko helburu aplikagarrien gainetik dauden zarata-mailak jasaten ditu, eta urria-azaro aldera jartzen hasiko diren pantaila horiekin, gaur egun dauden pantaila etenak osatuko dira. Obrak 773.283,12 euroko lizitazio aurrekontua du eta sei hilabeteko exekuzio epea eta foru erakundeak udalerrian egiteko asmoa duen lehenengo jarduera izango da.

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak Olatz Peon alkatearekin batera bisitatu du pantailak jarriko diren eremua, eta adierazi du foru erakundearentzat lehentasunezkoa dela kutsaduraren aurkako borroka eta ingurumena zaintzea.

"Kutsadura akustikoaren arloko Europako zuzentarauari jarraituz, Gipuzkoako Diputazioak bide-ardatz handi bakoitzari dagokion zarataren mapa estrategikoa prestatu du. N-I errepideak trafiko handia du, eta eguneko batez besteko intentsitatea 47 mila ibilgailutik gorakoa da. Gainera, hainbat herriren ondotik doan bide bat da eta kutsadura akustikoa eragiten du ", adierazi du diputatuak. "Azterketa horretan, gipuzkoarrek, baimendutakoak baino zarata maila handiagoak jasaten dituzten eremuak identifikatu ditugu. Inguru hori da horietako bat, eta horregatik, neurri zuzentzaileen ondoren Tolosak bere egoera akustikoa hobetuko du ', azpimarratu du Oiarbidek eta gaineratu du gaur aurkeztutakoa Gipuzkoako Foru Aldundiak herrian egingo dituen hainbat jarduketetatik lehena dela. 'Zarataren aurkako ekintza planaren barruan, 434 irteera lotunearen inguruan pantailak jartzeko asmoa dugu, GI-2130 eta GI-2135 errepideetarantz, Ibarra eta Lizartzarantz, dauden pantailak suhiltzaileen parkeraino luzatuz. 2 eta 4 metro arteko pantailak jarriko lirateke, Tolosako biztanleriaren zati bati eta Andra Mari Ikastetxeari eragingo lieketenak. Beste jarduketa batean suhiltzaileen parkearen eta kiroldegiaren arteko pantailak jarriko genituzke. Tarte horretan, batez ere, kiroldegia, Laskurain ikastola eta Yurreamendi egoitza geriatrikoa babesten dira ", zehaztu du Aintzane Oiarbidek. “Jakin badakigu errepide ondoko gune gehiago gelditzen direla babestu gabe, baina askotan baldintzak ez dira nahikoak izaten eta pantailak jartzea ezinezkoa da lekuarengatik edo alferrikakoa, eraginik ez dutelako”.

Olatz Peon alkateak eskerrak eman dizkio Aldundiari pantaila horiek jartzeagatik, eta adierazi du urte askotako eskaera dela, eta horiei esker bizilagun askoren bizi-kalitatea hobetuko dela, batez ere Ibaiondo kalean, Larramendi kalean bizi direnena eta baita alde zaharrekoena ere.

Proiektuak proposatzen du 585 metroko tartean pantaila akustiko xurgatzaile metalikoak ezartzea, altuera aldakorrekoak, 2 eta 3,3 metro artekoak, betelan baten gainean jarrita, beheko pasabidea izan ezik, hortik Asuncion klinikara sartzen baita, zubibide batekin. Hala ere, Ibiur presatik Tolosarako hornidura sarearen barruan dagoen Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren hoditeriak errepide aldera hegan egingo duen zapata bat gauzatzera behartzen du.

Aintzane Oiarbidek aurreratu duenez, zarataren aurkako planak Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bidegik, haren foru-agentziak, lurraldeko errepide-sareko kutsadura akustiko handieneko guneetan egin asmo dituzten etorkizuneko jarduketak barne hartzen ditu, 15,5 milioi eurora iristen direnak. "Errepide sare moderno bat oso garrantzitsua da ekonomiaren eta gizartearen ikuspegitik, eta pantaila akustikoek, azken puntu horretan, garrantzi handia dute, herritarren ongizatean eragin zuzena dutelako", amaitu du Bide Azpiegituretako diputatuak.

 

  

1770