Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundiak parte-hartze prozesu bat abiarazi du Giza Eskubideen eta Aniztasunaren II. Foru Plana lantzeko

Aldundiak parte-hartze prozesu bat abiarazi du Giza Eskubideen eta Aniztasunaren II. Foru Plana lantzeko

Markel Olano diputatu nagusiak gizarteari dei egin dio «elkartasuna, bizikidetza eta kohesioa desagerraraztea helburu duten diskurtso populistak bistaratzera eta aurre egitera».

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak gipuzkoarrak animatu ditu giza eskubideen aldeko konpromisoari eustera eta Europan zein Estatuan presente dauden zenbait korronte ideologikok planteatzen dituzten «faltsutze eta eztabaida arrazista, homofobo eta matxisten aurrean erne egotera». «Lurralde irekia eta modernoa gara, baina erne jarraitu behar dugu gure gizartearen ezaugarri diren bizikidetza, kohesioa eta elkartasuna desagerrarazi nahi dituzten diskurtso populistak bistaratzeko», adierazi du.

Olanok Gipuzkoako elkarte sareko berrogeita hamar bat ordezkariren aurrean egin ditu adierazpen horiek, Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendaritzak antolatutako lan jardunaldi batean. Saio horren helburua da giza eskubideei eta aniztasuna eta diskriminaziorik eza kudeatzeari buruzko II. Plana egiteko partaidetza-prozesu bat aktibatzea. Diputatu nagusiak «gure lurraldeak berezkoa duen gizarte kohesioaren eredua» indartzearen alde egin du, bai eta erakundeen eta eremu horretako gizarte eragileen artean «lankidetza-espazio berriak» partekatzearen alde ere, Gipuzkoa «desberdintasun sozial gutxien duen lurraldeetako bat» izan dadin Europan.

Horregatik, diputatu nagusiak azpimarratu duenez, «garrantzitsua» da gizarte zibil eta antolatuak giza eskubideen politika publikoak eta plangintzak «egiten» parte hartzea, gaur goizean hasitako partaidetza prozesuak lortu nahi duen bezala. «Ikuspegi eta sentsibilitate desberdinak elkartu nahi ditugu, eta, horregatik, Gipuzkoako elkarte sarean metatutako ezagutza eta esperientzia txertatu nahi ditugu. Kontua da denok eskubide eta erantzukizun berdinak izango ditugun herrialde bat eraikitzea, non ongizatea oinarrituko baita herritar guztiei aukera eta eskubide berdintasuna bermatzen dien gizarte kohesioan», eta ez, diputatu nagusiak laburbildu duenez, «batzuen ongizatea beste batzuen diskriminazioaren gainean eraikitzean».

130 proiektu baino gehiago

Giza eskubideen eta aniztasunaren arloan lan egiten duten erakunde, entitate eta elkarteetako 50 ordezkari inguru bertaratu dira gaur goizean Gipuzkoako Merkataritza Ganberan World Kafe formatuan egin den lan saioan. Jardunaldi horretan, Aniztasuneko Bizikidetzarako I. Foru Planaren balantzea egiteaz gain, partaidetza-planaren fase nagusien berri eman da. Ion Gambra Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendariak jakinarazi duenez, gaurtik azarora arte hainbat lan saio eta eztabaida egingo dira. Parte hartzeko gune horietan jasotako proposamenak Aniztasuneko II. Planean bateratu eta sartuko dira. Era berean, webgune bat prestatuko da Giza Eskubideetako Foru Zuzendaritzaren atarian, eta, bertan, parte hartzeko behar den dokumentazioa eskuratu ahal izango da, baita ekarpenak eta iradokizunak egiteko online formularioak ere.

Aniztasuneko Bizikidetzarako I. Foru Planak honako lau helburu hauek ezarri zituen: aniztasuna eskubideen eta diskriminaziorik ezaren ikuspegitik sustatzea; gizarte kohesioa, diskriminaziorik eza eta bizikidetza sustatzea; sinergiak ahalbidetuko dituzten espazioak eta ekintzak antolatzen eta sortzen laguntzea, eta Gipuzkoan dauden aniztasun mota guztiei modu koherentean erantzutea. Premisa horrekin, 2017tik 2019ra, aniztasuneko bizikidetzako, giza eskubideetako eta gizartea eraldatzeko hezkuntzako 132 proiektu sustatu ziren, 14 azterlan eta ikerketa, gizarte berrikuntzako sei proiektu eta sentsibilizazioko eta gizarte hezkuntzako hainbat kanpaina, besteak beste.

  

1962