Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundiak "Piztu Kultura" suspertze plana aurkeztu du

Aldundiak "Piztu Kultura" suspertze plana aurkeztu du

4.050.000 euroz hornitutako plan honek eutsi egiten die kultur proiektu eta ekimenetarako aurreikusita zeuden dirulaguntzei; kultur sektorean enplegua sustatzeko laguntzak biltzen ditu, eta kulturaren kontsumoa indartzeko zenbait tresna ere eskaintzen ditu, hala nola liburuak eta ikuskizunetarako sarrerak erosteko kultur bonuak (ekinean jarriko dira salgai).

2020/05/07

Harkaitz Millan Kultura diputatua: «Kultura funtsezko ondare bat da gizarte demokratiko moderno batean; ekarpena egiten dio gure garapen pertsonal eta kolektiboari, elkarrekin bizitzen laguntzen digu, eta sektore ekonomiko bat ere bada, aberastasunaren eta enplegua sortzen baitu. Horregatik guztiagatik, beste kolektibo batzuei eskaintzen diegunaren neurriko babesa eta arreta eskaini behar genioke, gutxienez».

Kultura Departamentuak 4.050.000 € bideratuko ditu «Piztu Kultura» suspertze planera, COVID-19 gaitzaren osasun larrialdiak kultur sektorean eragin duen krisi larriari aurre egiteko. Konfinamendu neurrien ondorioz, jarduera geldiarazteaz gain, bertan behera utzi behar izan dira aurtengo aurreikusita zeuden kultur ekitaldi asko eta asko, eta horrek ataka zailean jarri ditu kulturaren profesionalak. Egoera are larriagoa da oraindik, kultur jarduerak izango direlako normaltasunera itzultzen azkenak, pandemiari aurre egiteko jende pilaketak sahiestea beharrezkoa den honetan.

«Piztu Kultura» planak neurri sorta bat egituratzen du krisialdiari aurre egiteko eta Gipuzkoan kultura suspertzeko. Plana prestatzeko, lurraldeko kultur eragileen ekarpenak eta proposamenak jaso dira, eta Arteen eta Kulturaren Kontseiluaren partaidetza izan dute. Planak helburutzat du krisiak eragindako galerak leuntzea, kultur proiektuak bideragarri egitea eta Gipuzkoako gizartea kultura kontsumitzera bultzatzea. 

Harkaitz Millan Kultura diputatuak azpimarratu du krisialdi honi aurre egin behar zaiola ezinbestean, «Gipuzkoak ezin baitu kultura alboratu». Ildo horretan, honako hau nabarmendu du foru arduradunak: «Kultura funtsezko ondare bat da gizarte demokratiko moderno batean; ekarpena egiten dio gure garapen pertsonal eta kolektiboari, elkarrekin bizitzen laguntzen digu, eta sektore ekonomiko bat ere bada, aberastasunaren eta enplegua sortzen baitu. Horregatik guztiagatik, beste kolektibo batzuei eskaintzen diegunaren neurriko babesa eta arreta eskaini behar genioke, gutxienez».

«Piztu Kultura» planak ardatz nagusi hauek izango ditu: enplegua babestea eta sustatzea, kultur proiektu eta ekimenetarako aurreikusita zeuden dirulaguntzei eustea, kulturaren kontsumoa sustatzea eta indartzea, kultur programazioa errekuperatzea eta egokitzea, kultura finantzatzeko iturri berriak bilatzea, eta kultur sektoreari aholkularitza eta babesa emateko kanalak hobetzea.

Neurri nagusi hauek biltzen ditu planak:

 

  • Kultur sektorean jarduten duten autonomoentzako eta 10 langiletik beherako enpresa txikientzako laguntzak (300.000 €).
  • Ondarearen sektorean enpleguari eusteko ekimenak: ondare higigarria kontserbatzea eta zaharberritzea eta dokumentu ondarea digitalizatzea (300.000 €).
  • Kultur proiektu eta ekimenetarako aurreikusitako laguntzei eta dirulaguntzei eustea, 2.220.000 euroren aurrekontuarekin. Zati bat (900.000 €) onetsita dago jada eta GAOn argitaratuta; gainerakoa (1.320.000) laster argitaratuko da, eskaera aurkezteko epeak alarma egoera gainditu bezain azkar ireki ahal izateko.
  • Kultura bonua (160.000 €): Kultura bonu berezi bat aterako da ekainean, harekin liburuak, musika, filmak eta ikuskizunetarako sarrerak erosteko.
  • Kultura Eskola (230.000 €): Kultur edukiak, proiektuak eta programak ikasgeletara zabalduko dira, kultura belaunaldi berrietara iristeko. Gipuzkoako sortzaile eta artistek eduki horiek garatzen parte har dezakete.
  • Piztu Kultura jaialdia (150.000 €): Aurrez aurreko kulturara itzuliko garela ospatzeko jaialdia. COVID-19aren eraginez bertan behera geratutako ekitaldi eta jarduerak eskainiko dira, Gipuzkoako hainbat udalerritan.
  • Mezenasgoa indartzea: Kultur proiektu berri eta ekintzaileak finantzatzeko Meta 2020! crowdfunding kanpaina indartuko da (128.000 €); Mezenasgoaren Araua zabalduko da eta sektore pribatuak kulturari egiten dizkion ekarpenak bideratzeko web orri bat sortuko da.
  • K-Bulegoa indartzea (160.000 €), kultur eragileentzako babes eta aholkularitza kanalak hobetzea eta horien lana egonkortzea, prestakuntza eta bitartekaritza lanak indartzea.

Harkaitz Millanek bereziki nabarmendu du udalekin eta Eusko Jaurlaritzarekin koordinatzeko eta batera jarduteko neurriak aztertzeko egiten ari den lana. Bestalde, iragarri du Planaren barruan ikerketa bat egiten ari direla kultur eragileen artean, krisi honen inpaktua eta irismena ebaluatzeko, eta espero du ondorioak laster izango dituztela eskura, aurreikusitako neurriak eta horien aplikazioa behin betiko zehazteko.

 

Millanek departamentuko zerbitzuen eta kultur eragileen lana goraipatu du, lan handia egin baitute «Piztu Kultura» plana osatzeko.

 

 

  

1769