Aldundiak turismo sektoreari laguntzen dio Gipuzkoako esperientzia-kutxa batzuk sortuz
Aldundiak turismo sektoreari laguntzen dio Gipuzkoako esperientzia-kutxa batzuk sortuz
Paketeak salgai egongo dira Gipuzkoa Turismoa webgunean, hiru bertsio desberdinetan, eta barruan, lurraldeko oroigarriak edukiko dituzte.
Foru Aldundiko Turismo Zuzendaritzak esperientzia-kutxa batzuk prestatu ditu eguberri hauetarako, opari interesgarri bihur daitezen tokiko eta estatuko bidaiarientzat, eta, horrela, eragin positiboa izan dezaten Gipuzkoako turismo industrian. Izena “Souvenirs from Gipuzkoa 2022" duela, helburutzat dauka “gure hurrengo bidaiaren oroitzapenak aurreratzea, eta dagoeneko esku artean edukitzea Gipuzkoara egindako bisita batetik eramango genituzkeen oroigarriak”. Kutxen barruan, 100, 150 eta 300 euroko hiru bertsiotan eskuragarri, lurraldearekin lotutako zenbait objektu daude: bat-bateko argazki bat, postal bat, pegatina bat, sagardo tapoi bat, eta edizio mugatuko argazki bat. Paketeetan sartzen diren argazki guztiak José Javier Serrano Yosigo argazkilari donostiarrak eginak dira: gaur egun, Hego Korean dago, bere “Holiday Memories” erakusketarekin, zeina ari baita marka guztiak hausten, 200.000 ikusle baino gehiagorekin, uztailean inauguratu zenetik.
Ekimenaren aurkezpenean Turismoko zuzendari Iker Goiriak azaldu duenez, “kanpaina honekin lagundu nahi diegu esperientzia turistikoak eskaintzen dituzten sektoreko enpresei, COVID-19ak gehien kaltetu dituenetako batzuk izan baitira. Nazioarteko turismoaren beherakadak zuzeneko eragina izan du horrelako negozioetan, horrelako esperientziak kontratatzen dituen bidaiari mota baita”.
Goiriak gaineratu du Foru Aldundiaren helburua dela “sektorea indartzea, eta turismo jarduera udatik harago dinamizatzea, eta eskualde guztietan banatuta; kanpaina hau, bada, printzipio horietan oinarritzen da. Bestalde, ez da ahaztu behar ezen, gertuko eta estatuko turismoaren funtzionamendu ona, turismo mota horri zuzenduta baitago neurri handi batean kanpaina hau, funtsezkoa gertatzen ari dela sektorea suspertzeko, eta ekimen honekin ere ildo berari jarraitu nahi diogu”, azpimarratu du, gogoraraziz ezen bisitarien urriko azken datuak “bereziki positiboak izan direla, krisiaren aurrekoak ere hobetu dituzte-eta”: “Susperraldi hori ez da kasualitate bat, baizik eta sektoreak ondo egindako lanaren emaitza, baita lurraldeak kalitatezko eredu turistiko jasangarri baten alde egindako apustuaren emaitza ere”.
Goiriarekin batera, Iratxe Elsok parte hartu du aurkezpenean, ‘Navegavela’ enpresaren bazkide sortzailea. Enpresa hori itsas esperientzien antolaketan zentratuta dago, eta kanpainan parte hartzen du. “Hasieratik asko gustatu zitzaigun ideia hori, hau da, gure produktua oparitako esperientzia-kutxa batean merkaturatzekoa, esperientzia esklusibo, bakar eta ahaztezin bat diseinatuz. Gure kasuan, bela-bataio bat da, baina beste horrenbeste esperientzia interesgarri daude, gozatzea merezi dutenak”, azpimarratu du.
Beste alde batetik, Yosigo argazkilariak azaldu duenez, “gozatu egin dut lan hau eginez Gipuzkoan; oso dibertigarria izan da bat-bateko argazkiekin jolastea, nire argazkiak postalei aplikatzea, eta gure herria ezagutzera ematen laguntzea”. Artista hori, zeinak bideodei bidez parte hartu baitzuen aireportutik Koreara bidean, ezaguna da udarekin lotuta dauden bere bat-bateko argazkiengatik, eta haien indar estetiko handiagatik; horren erakusgarri da Asian abian duen erakusketa, baita Instagramen duen komunitatea ere, 200.000 jarraitzaile baino gehiago baititu.
Oparitako kutxak
Gipuzkoa Turismoaren webgunean (www.gipuzkoaturismoa.eus), hiru kutxa-eredu desberdin erosi ahal izango dira, era askotako esperientziak eskaintzen dituztenak lurraldeko erakargarritasunei lotuak –kultura, gastronomia, paisaia eta natura–: Hernio (100 €), Txindoki (150 €), eta Aizkorri (300 €). Kasu guztietan sartzen dira oroigarriak eta plan zerrenda bana, zeintzuetatik bat hautatu ahal izango baita 2022. urtean zehar hartaz gozatzeko. “Kutxa horiek biltzen dute Gipuzkoak helmuga turistiko gisa duen funtsa: benetakotasuna”, adierazi du Goiriak.
Esperientziak, beti bi lagunentzat, hauek dira:
HERNIO KUTXA
Esperientziak:
- Leitzarango Ferrata ibilbidea, eta ibarra zeharkatzeko bizikleta elektrikoen alokairua.
- Esperientzia Mater Ontzi Museo Ekoaktiboan, eta bisita Talai Berri txakolindegira.
- Bisita Sagardoetxea museora, bazkaria sagardotegian, eta oparia.
- Esperientzia enogastronomikoa Hiruzta upategian.
- Bisita gidatua Hondarribian.
- Pintxoak dastatzea eta ardoarekin uztartzea.
- Kultura-paseoa mugaldetik.
TXINDOKI KUTXA
Esperientziak:
- Bisita Donostiako portura, pintxo dastaketa eta bazkaria Itsas Etxea kofradian.
- Kayakak alokatzea (2 ordu) Oria ibaian, eta bazkaria sagardotegian.
- Bidasoa ibaiaren jaitsiera monitorearekin, bisita Sagardoetxera, bazkaria sagardotegian, eta oparia.
- Pintxo Tour, Donostian.
- Bela-bataioa (3 ordu), eta pintxo dastaketa.
- Bisita Albaolara, Itsas Kultur Faktoriara, eta bazkaria sagardotegian.
- Bisita Loiolako Santutegira, eta bertako gozokien dastaketa.
AIZKORRI KUTXA
Esperientziak (esperientzia guztietan gidaria sartuta dago):
- Kostaldea, arraina parrillan eta txakolina Getarian.
- Bisita mendiko euskal ekoizleei, eta bazkaria elkarte gastronomiko batean.
- Bisita pribatua gaztandegi batera, baserri batera, eta bazkaria sagardotegian.
- Bisita pribatua sagardotegi eta txakolindegietara.
- Tour pribatua Pasai Donibanetik, geldialdia Hiruzta upategian, eta bisita Hondarribira.
- Tour pribatua: Zarautz, Getaria eta Zumaia.
- Bisita Loiolako Santutegira, Ekainberri haitzuloetara, eta bazkaria mendiko jatetxe batean.
Esperientzien kudeaketa guztiaz, salmentaz eta bezeroekiko nahiz hornitzaileekiko koordinazioaz arduratzen dena Viajes Equinoccio tokiko enpresa da.
1705