Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundiak udalei eta erakundeei lagunduko die udan haurrei eta gazteei aisialdirako aukera bat emateko

Aldundiak udalei eta erakundeei lagunduko die udan haurrei eta gazteei aisialdirako aukera bat emateko

Harkaitz Millan: «Udalei eta erakundeei laguntza, aholkularitza eta prestakuntza emango diegu, baita osasun materiala ere, hala nola maskarak eta gela».

Uda kanpainak berriro ekin dio ikasleentzako udako kirol jardueren eskaintzari, lurraldeko udalekin, klubekin eta kirol erakundeekin koordinatuta.

Harkaitz Millan Kultura eta Gazteria diputatuak, Isaac Palencia Gazteriako foru zuzendariarekin eta Goizane Alvarez Kiroleko foru zuzendariarekin batera, haur eta gazteen udako eskaintzari alternatiba bat emateko departamentuak prestatu dituen ekimenak aurkeztu ditu gaur goizean, udalekuak bertan behera utzi eta gero.

 

Hiru aldundiek erabaki hori hartu zuten hiru lurralde historikoetako, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa hainbeste haur mobilizatzea bideraezina dela iritzita. «Udalekuak bertan behera uzteko erabakia hartu zenetik, lanean aritu gara Gipuzkoako gazteentzat aisialdirako alternatiba bat bilatzeko», adierazi du Kultura diputatuak. Osasun egoerak hobera egin zuela eta deskonfinamenduaren 3. fasea iristear zela ikusita, Eusko Jaurlaritzak joan den astean ireki zuen haurrei zuzendutako jarduera ludikoak eta hezitzaileak antolatzeko aukera.

 

Millan joan den ostiralean bildu zen lurraldeko udalekin Gaztematika sareko foro politiko batean, haurrei eta gazteei zuzendutako udako aisialdiko jarduerak koordinatzeko eta normaltasun berriaren barruan inplikatutako alderdi guztientzako eskaintza segurua antolatzeko orduan udalerrien kezka nagusiak zein ziren bertatik bertara ezagutzeko.

 

Diputatuak udalei adierazi die udalei eta erakundeei ematen zaizkien laguntzak mantentzeko konpromisoa duela, udalek aisialdiko jarduerei laguntzen jarraitu ahal izan dezaten eta, horrela, familiei kontziliazioan lagundu diezaieten. Halaber, udalak eta diruz laguntzen ditugun gainerako erakundeak osasun material gehiagoz hornitzeko konpromisoa hartu du, hala nola maskarak edo gel hidroalkoholikoa, osasun publikoa COVID-19tik babesteko ezarritako protokoloak betetzen laguntzeko. Udalei eta erakundeei laguntza eskaintzeko plan horren esparruan, Kultura eta Gazteria Departamentuak  jarduera horiek antolatzeko aholkularitza eta laguntza ematen jarraituko du, eta beharrezkoak diren prestakuntza baliabideak emango ditu.

Udalek haur, nerabe eta gazteentzako planak eta proiektuak garatzeko diru-laguntzak (450.000 €). Udalentzako diru-laguntzak aurreratu egin dira, zenbatekoei eutsi zaie, udako jarduerak barne, besteak beste. Eskaera egin zuten udalak 70 izan ziren.

Denbora libreko elkarteentzako diru-laguntzak: 180.000 euro. Iaz 8.638 haurrek parte hartu zuten eta 56 erakundek eskatu zuten.

Uda kanpaina eta Txuri Urdin ludoteka

Uda kanpaina, Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero onartzen duen eskola kiroleko programaren barruan ikasleei zuzendutako udako kirol jardueren eskaintza bat da, udalekin eta lurraldeko kirol-klub eta -erakundeekin koordinatuta gauzatzen dena.  Urtez urte antolatu izan da 90eko hamarkadaz geroztik, eta parte hartze handia du. Kanpaina honetan, tradizionalki, udarako bereziki aproposak diren jarduerak sartzen dira; igeriketa, surfa, piraguismoa, arrauna, hipika, bela eta antzeko jarduerak izan ohi dira arrakastatsuenak. Gipuzkoako Foru Aldundia jardueren erantzukizun zibileko eta istripuetako asegurua lortzeaz arduratzen da, eta udalek tokiko eskaintza diseinatzen dute eta, kasu jakin batzuetan, dirulaguntzak ematen dituzte. Horrela, eskaintza herritarren sektore zabal batentzat eskura jartzen da.

COVID-19aren ondoriozko inguruabarrak ikusita, Aldundiak inkesta bat bidali zien Gipuzkoako udalei, egoeraren berri izateko. Ekainaren hasierarako erantzun duten udalen laurdenek gutxienez uda honetan uda kanpaina antolatzeko interesa agertu dute. Horrela, nahiz eta Aldundiak martxoan eskola kiroleko programaren jarduerak etetea onartu zuen, udako jarduerak barne, interesa duten udalei ematen zaien laguntza mantentzea erabaki da, eta ekainaren 22tik aurrera egitea onartu da. Ekainaren 22tik aurrera Txuri Urdineko ludoteka ere erabilgarri egongo da, osasun neurri zorrotzekin eta toki kopuru mugatuarekin.

Uda kanpainaren barruan udalek tokian-tokian antolatu edo koordinatutako jarduerez gain, klubek eta beste kirol erakunde batzuek ikasleentzako kirol jarduerak ere antola ditzakete uztailaren 1etik aurrera. Kasu horretan, jarduerek Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena beharko dute, ohiko bitartekoen bidez.

Jarduera horiek guztiek, kasu bakoitzean, deskonfinamenduaren fase bakoitzerako ezarritako prebentzio neurriak eta gainerako betekizunak jaso beharko dituzte, edo, hala badagokio, normaltasun berriko etaparako ezartzen direnak.  Gipuzkoako Foru Aldundiak zerbitzu bat jarri du garatu beharreko irizpide eta izapideei buruzko aholkularitza posta elektronikoaren bidez emateko: kirolagertu@gipuzkoa.eus. Erakunde antolatzaileei dagokie protokolo espezifikoak prestatzea.

 

 

 

 

 

 

  

1651