Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundiak unitate berria abiarazi du buru nahasmen larria duten pertsonentzat

Aldundiak unitate berria abiarazi du buru nahasmen larria duten pertsonentzat

Diputatu nagusia San Rafael zentroko unitate berrian izan da. Zazpi plaza eskaintzen dira bertan; Aldundiak dagoeneko 473 plaza ditu hitzartuak ezaugarri horiek dituzten pertsonentzat

Markel Olano diputatu nagusia eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatua San Rafael zentroan (Donostia) izan dira gaur goizean, Foru Aldundiak unitate berri bat abiarazi baitu, buru nahasmendu larria duten pertsonentzako. Etxebizitza komunitario bateko bigarren solairuan kokatua, 7 plaza berri ditu unitateak, eta horri esker Aldundiak 473 plaza eskaintzen ditu guztira lurralde osoan ezaugarri horiek dituzten pertsonentzako: 234 eguneko zentroetan, 124 egoitzetan eta 115 etxebizitzetan.

Osasun mentaleko unitate berria, ingurune sozial normalizatu batean dago, Ategorrieta auzoan, eta laguntza “malgua, banakoa eta jarraitua eskaintzen die bertako erabiltzaileei”, azaldu du Tomas Burutaran San Rafael zentroko zuzendariak. Gaineratu du zentro misto honetako 8 langilek sustatu eta gainbegiratu egiten dituztela eguneroko jarduerak, beti ere erabiltzaileek –batzuek enplegu babestua dute- “bizitza ohitura osasungarriak izan ditzaten: gutxieneko lo ohiturei eutsita eta ohitura sedentarioak saihestuta”.

Halaber, Olanok zehaztu du talde terapeutikoak lan egiten duela bai erabiltzaileen “oreka psikologikoa” sustatzeko bai beraien osasuna “modu integral batean” hobetzeko. Eta zehaztu du erabiltzaile horiek Osakidetzaren osasun komunitarioko saretik jasotzen dutela “osasun arreta”, bai lehen mailako osasun zentroetatik, bai buruko osasun saretik, baliabide horietara “bakarrik edo lagunduta jotzen baitute, norberaren premien arabera”.

Bestalde, Burutaranek adierazi duenez, talde terapeutikoak, harreman interpertsonalak, familiarrak eta sozialak sustatzeaz gain –lan arlokoak eta okupazionalak barne- erabiltzaileekin “banaka nahiz taldeka”, dinamika parte hartzaileak eta bizikidetzakoak bultzatuz, eta baita ere beraien eguneroko antolaketarekin zerikusia dutenak. “Adibidez, erabiltzaileek etxeko lanetan parte hartzen dute, beraien errehabilitazioaren prozesuaren barruan, beti ere haien gaitasunak eta autonomia bultzatuta”.

Bisitan zehar, Olanok azpimarratu du 1905ean sortutako San Rafael “erakunde aitzindaria” izan zelarik, gaur egun ere aitzindaria izaten jarraitzen duela”, zeren zentroan elkarrekin bizi dira buru nahasmendu larria duten pertsonak eta itsuak edo gor-itsuak diren pertsonak, baliabide ekonomiko eskasekoak, gainera”. Horren harira, esan du elkarbizitza “oso ona izaten ari dela”, baita agindu ere foru erakundea “bidaide” izango dutela hasitako “bide berri honetan”.

Laburbiltzeko, diputatu nagusiak nabarmendu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren errehabilitazio psikosozialeko sarearen helburua dela buruko nahaste larria duten pertsonei laguntzea, “bizitza duin bat izan dezaten, kide diren komunitatearen barruan, beren errehabilitazio prozesuko protagonista bilakatuz”; eta gaineratu du horretarako, “bizitza proiektua garatzen” laguntzen zaiela, autonomia, bizi kalitatea, ongizatea, integrazioa eta parte-hartze soziala sustatuz; “izan ere, erabiltzaile askok tresnarik onenetakoa dute gizarteratu daitezen: enplegu bat”.

"Eraikitzen ari garen etorkizuneko Gipuzkoan, ezin da inor atzean geratu, eta pertsona guztiek aukera bat izan behar dute bizitza proiektu bat izateko. Horretarako, eta lurraldeko gizarte ehunarekin batean, proiektu berritzaileak jartzen ari gara martxan, pertsonak erdian jartzen dutenak eta kolektibo zaurgarrienei ematen diegun laguntza hobetzen dutenak", amaitu du diputatu nagusiak.

Bizikidetza etxebizitza komunitarioan oso ona izaten ari da

 

  

1997