Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundiak Via Irun proiektua garatzeko erakunde arteko hitzarmena azpimarratu du, eta “Gipuzkoako hiri-berroneratzeko hurrengo erronka estrategikoa dela” adierazi du

Aldundiak Via Irun proiektua garatzeko erakunde arteko hitzarmena azpimarratu du, eta “Gipuzkoako hiri-berroneratzeko hurrengo erronka estrategikoa dela” adierazi du

Denis Itxasok azpimarratu duenez, “Gipuzkoako bigarren hiririk handieneko bihotzean dagoen eremu degradatu bat birgaitzea eta erabilera ekonomiko zein sozialen bitartez eremu hori herritarrentzat berreskuratzea oso garrantzitsua da, Irunerako eta Bidasoaldea osorako ez ezik, Gipuzkoa osorako eta Eurohiriaren mugaz gaindiko proiekturako ere bai”.

Lehen diputatu nagusiorde Denis Itxasok eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Marisol Garmendiak, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari-lanetan, Via Irun izeneko hiri-berroneratzeko proiektua egingo den eremura egindako bisitaldian eta proiektu hori garatzeko erakunde arteko hitzarmena sinatzeko ekitaldian parte hartu dute Sustapeneko ministro José Luis Ábalosekin eta beste erakunde batzuetako ordezkariekin batera. Proiektu horretan, zehazki, Foru Aldundiaz gain Sustapen Ministerioak, Eusko Jaurlaritzak eta Irungo Udalak hartzen dute parte.

Denis Itxasok adierazi duenez, “proiektu hau estrategikoa da Gipuzkoarako, orain arte trenbide-lautadez eta dagoeneko erabiltzen ez diren trenbide-azpiegiturez okupatuta egon den eta Irungo hiriko bihotzean kokatuta dagoen 64.000 metro koadroko eremu degradatu baten eraldaketa eragingo baitu”.

Hitzarmen horri esker, trenbide zaharren antzinako eremua eraldatu eta Irungo eragile ekonomiko eta sozial bihurtuko da. Ildo horretan, Itxasok adierazi duenez, “Pasaialdean egindako urratsa bideratu ondoren, Gipuzkoa berroneratzeko hurrengo erronka handia Via Irun da, tamaina handia duelako eta gure lurraldeko bigarren hiririk garrantzitsueneko erdialdean kokatuta dagoelako; aurri-egoeran zegoen eremu bat Irungo erdialdearen zabalkuntza bat izango da, eta, beraz, herritarrentzako eremu bat sortuko da, enplegua sortzeko aukera egongo da, eta bultzada ekonomiko eta sozial handia emango zaio Gipuzkoa osoari zein mugaz gaindiko proiektuari, ez baitugu ahaztu behar Eurohiriaren bihotzean egingo dela”.

Halaber, dagoeneko erabiltzen ez den eta Irungo herritarrek baliatzeko berreskuratuko den trenbide-eremu horren antolamendu berriak hiri-sarearekiko lotura eta egitura berri bat, hiriko erdialdearen zabalkuntza eta Irungo mugikortasunaren eta konektibitatearen hobekuntza ahalbidetuko ditu.

Marisol Garmendiak adierazi duenez, “aukera historikoa da, halaber, Irungo trenbide-azpiegiturak eta intermodalitate-azpiegiturak modernizatzeko, garraio publiko jasangarriaren aldeko apustuaren barruan (AHTaren etorrera, AHTaren nazioarteko trenbide-geltoki berriaren eraikuntza, aldiriko tren-geltokiarena eta autobus-geltoki intermodala)”.

Erakunde arteko akordio horren bidez, amaiera emango zaio herritarren eremu hori berreskuratzeko sei urteko itxaronaldi luzeari, eta bultzada handia emango zaie Irungo eta Bidasoaldeko modernizazioari eta garapen ekonomiko eta sozialari.

  

1531