Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundiak ziurtatzen du, ezen zerbitzua bermatu eta arrazionalizatuko duela Buruntzaldeko lizitazio berriak

Aldundiak ziurtatzen du, ezen zerbitzua bermatu eta arrazionalizatuko duela Buruntzaldeko lizitazio berriak

30 urtetik gora berritu gabe dagoen linea bakarra da, eta prozesua ez da hurrengo urteko maiatzera edo ekainera arte amaituko.

2017/11/03

Garmendia: “Ez dugu linearik kenduko. Jende gehien ibiltzen den orduetan zerbitzua indartu eta bermatuko dugu, baita zerbitzu bereziak eta ospitalerako, unibertsitaterako eta lantokietarako zerbitzuak ere. Bestalde, egunaren gainerakoan eskaintza berrantolatuko dugu, zerbitzua benetako mugikortasunera egokitzeko”.

30 urtetik gora berritu gabe dagoen linea bakarra da, eta prozesua ez da hurrengo urteko maiatzera edo ekainera arte amaituko.

Funtsik gabeko Bilduren alarmismoa gaitzetsi du, eta adierazi du behin betiko proiektua hobetuko dela alegazioak barnean hartu ondoren.

Gaur, Marisol Garmendia Mugikortasuneko diputatuak aditzera eman du Buruntzaldeko hiriarteko garraio publikoaren emakida lizitazio-lehiaketan aterako dela; izatez, 30 urteren ondoren, oraindik berritu ez den  Lurraldebusen linea bakarra da, nahiz eta aspaldi berritu behar zen. 30 urte baino gehiago daramate hiru enpresak linea hori kudeatzen, eta panorama judiziala argitu ostean, beharrezkoa da zerbitzu hori berritzea, linea horretan edonolako hobekuntza egin ahal izateko.

Hurrengo hiletan aterako den lizitazio horrekin, Aldundiak linea horiek hobetu eta arrazionalizatu nahi ditu, Gipuzkoako beste eskualde batzuetan egin duen bezalaxe. Horretarako, zerbitzua indartu eta bermatuko du erabiltzaile gehien ibiltzen den orduetan; indartu eta bermatuko ditu zerbitzu bereziak, Donostiarako zerbitzuak eta ospitalerako eta Miramonerako zerbitzuak, UPV/EHUko eta Deustuko unibertsitate-campusetarako zerbitzuak, Urnietako salestarren eskolarako edo beste eskola batzuetarako zerbitzuak. Autobus gehiago edo edukiera handiagoko ibilgailu artikulatuak jarriko dira, joateko ordutegian zein etortzekoan. Aitzitik, erabilera gutxieneko orduetan, ordutegiak moldatuko dira. Azken finean, eskualdeko mugikortasunera egokituko da zerbitzua. “Aldundiak, zerbitzu publikoa den aldetik, mugikortasuna bermatu behar du, batez ere lanerako, ikastetxeetarako, unibertsitateetarako, eta ospitaleetarako joan-etorri gehien sortzen den orduetan. Egunaren gainerakoan, berriz, zerbitzua arrazionalizatu behar da, eta horixe egiten ari gara gaindimentsionatuta zegoen linea batean”.

Mugikortasuneko diputatuak deitoratu du Bilduk erabiltzaileak aztoratzea eta duela 30 urte baino gehiagotik emakida hori ustiatzen ari diren enpresen tesiak babestea. Enpresa horiek haien interes ekonomikoak babesten dituzte, baina interes horiek ez datoz beti bat herritarren interes orokorrekin eta baliabide publikoen kontrolaren babesarekin, eta Aldundiak horiek babestu behar ditu. “Bilduk funtsik gabeko beldurra sortu nahi du, asmo politiko argiarekin. Ez da egia linearen bat kenduko dugula, eta ez dugu langilerik kaleratuko. Lanpostu guztiak bermatuko ditugu, legearen arabera. Lehiaren Euskal Agintaritzaren prozesu batean nahastuta dauden enpresa batzuekin ari da hitz egiten Bildu eta enpresa horiekin hitz egitea gomendatzen ari zaigu, enpresa horiek monopolioaren kontrako eta fabore-tratuko jardunak salatzeko prozesu batean nahastuta dauden arren”.

Diputatuaren iritziz, Bilduk guztia geldiarazi nahi du; gauzak dauden moduan nahi ditu, ondo dauden edo gaizki dauden aztertu gabe, linea gaindimentsionatuta dagoen aztertu gabe, autobusak hutsik doazen edo ez aztertu gabe eta ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren arloan zerbitzuak efizienteak eta iraunkorrak diren aztertu gabe. Garmendiak nabarmendu du Aldundiak lehen aldiz lortu duela autobusei, erabiltzaile kopuruari, ordutegiei, zonei, eta abar buruzko erradiografia zehatza. Datu horiekin aurreproiektu bat prestatu du, bi astez luzatu du alegazioen aldia eta bilerak egin ditu eskualdeko alkateekin eta zinegotziekin. Orain, Aldundiak alegazioak eta ekarpenak aztertuko ditu, eta zerbitzuak hobetzeko egokiak iruditzen zaizkionak barnean hartuko ditu. Horretarako, datu berriak barnean hartuko ditu, baita aldaketaren bat izan dezaketen 2017ko iraileko eta urriko erabilerari buruzko daturik berrienak ere, eta, horrekin guztiarekin, lizitatuko du behin betiko proiektua, ahalik eta zehaztasunik handienarekin ordutegiei, errefortzuei, zerbitzu bereziei, denboraldiko zerbitzuei, autobusen baldintzei eta abar dagokionez. Hortaz, zehaztasun handiagoko informazioa emango du; aurreproiektuan oraindik ere agertzen ez den informazioa.

Nabarmendu behar da prozesuari ez zaiola datorren urteko maiatzera edo ekainera arte amaiera emango, eta, jasotako alegazioak txertatu ostean, amaierako proiektua hobetuko dela.

Garmendiak argitu du Goierrin ere legegintzaldi honetan egin dela datu errealen arabera zerbitzuak berrantolatzeko eta maiztasunak egokitzeko prozesu hori bera, eta 2016an % 38,8ko gehikuntza izan zela eta 2017ko lehen seihilekoan % 12,4ko gehikuntza. “Datu horiek agerian uzten dute ez garela erotu eta gauzak ondo egiten ari garela, eraginkortasunez eta zorroztasunez, eta baliabide berak erabilita, zerbitzua hobetzen ari garela, beharrezkoagoa den horretan indartuz”. 

  

1721