Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Donostiako Udala eta Aldundiaren arteko hitzarmena Altzako polikiroldegi berria eraikitzeko

Donostiako Udala eta Aldundiaren arteko hitzarmena Altzako polikiroldegi berria eraikitzeko

Altzako funtsezko zuzkidura gune bilakatuko da

Astelehen honetan hasi diren lanak gauzatzeko 20 hilabeteko epea aurreikusi da, eta amaitutakoan auzoak kiroldegi berri bat izango du.

Goiaren esanetan “kirol instalazio berriak altzatarren eskaerari eta Donostia Kirolaren konpromisoari erantzuten die, auzoak ekipamendu moderno bat izan dezan”

Itxaso: “Kirol eraikinaren kokapen estrategikoari esker, non kiroldegi estaliaz gain udako igerilekua eta plaza publikoa ere eraikiko baitira, Altzako funtsezko zuzkidura gune bilakatuko da, auzoko kirol eta kultura jarduera gehiena bilduz”.

Eneko Goia Donostiako alkateak eta Denis Itxaso Kultura eta Kiroleko diputatuak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute Altzako udal kiroldegia eraikitzeko, eta bisita bat egin dute astelehenean bertan hasitako obretara.  Proiektuaren kostu zenbatetsia 18 milioi euro da, eta Foru Aldundiak 600.000 euroko ekarpena egingo du.

Altzako kiroldegi berria egiteko 20 hilabeteko epea zehaztu da, eraikuntza lanak hasten direnetik aurrera, eta proiektua Donostiako Udalak zuzenduko du Proiektu eta Obren Zuzendaritzaren eta Donostia Kirolaren bitartez.  Lanak amaitutakoan, auzoak guztiz berria den kirol instalazio bat izango du, banakako nahiz taldeko kirol diferenteak egiteko espazioekin. Kiroldegiaren hegoaldean udako igerilekua kokatuko da, solariuma eta berdegunearekin. Ekipamendu horrekin, Donostia Kirola udal patronatuak hiriko auzo populatuenaren beharrei erantzun nahi die, bertako biztanleek eta kirol klubek kirola egiteko aukera izan dezaten beste inora joan beharrik izan gabe.

Eneko Goia alkateak gogorarazi du aurreko legealdian zailtasunak sortu zirela amiantoz kutsatutako lurrak agertu zirenean, eta horren ondorioz proiektua zalantzan egon zela. Alabaina, Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta altzatarren beraien elkarlanari esker, proiektua bideratu da, lurzoru kutsatuen gaia konponduz, eta irtenbiderik onena bilatuz kiroldegia eraikitzeko.

“Bai Udalak bai altzatarrek argi genuen auzoak kirol instalazio bat behar zuela, bertan bizi diren milaka pertsonei eta auzoko kirol klubei erantzuna emateko. Kiroldegi berria guztion, altzatarren eta Udalaren, ahaleginaren emaitza da. 

Itxasoren iritziz “kirol eraikinaren kokapen estrategikoari esker, non kiroldegi estaliaz gain udako igerilekua eta plaza publikoa ere eraikiko baitira, Altzako funtsezko zuzkidura gune bilakatuko da, auzoko kirol eta kultura jarduera gehiena bilduz, besteak beste inguruko eskola espazioetatik gertu eta nolabait ere haiekin integratuta dagoelako”.

 Proiektua bost mailatan antolatuta dago:

-Kiroldegia: +1 eta +2 solairuak. +2 solairuko iparraldeko hormartearen solairuartean goiko galeria eta estalkipeko instalazio orokorrak kokatuko dira.

-Igerileku estalia: -1 eta 0 solairuak. Igerilekuaren guneak kanpoko ataripe handi bat izango du hegoaldera, eta solairuarte bat iparraldean (ikusleen galeria) eta mendebaldean (atondo orokorra eta kafetegia). Mendebaldeko solairuartearen azpian muskulazio gimnasioa jarriko da.

-Instalazioak: -2 solairua. Igerileku-ontzia eta langileen bulegoak kokatuko dira.

Kirol ekipamenduak birmoldatu, berritu, ordeztu eta lekualdatzeko 2017-2020 aldiko Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planaren esparruan sartzen da laguntza; izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat inbertsio finantzatuko ditu lurraldeko kirol azpiegiturak hobetzeko eta, horrela, erantzuna emateko Gipuzkoako gizarteak jarduera fisikoa eta kirola egiteko duen premiari. Aldundiak lehentasuna eman dio egungo ekipamenduak berritu eta birmoldatzeari, instalazio berriak eraikitzearen ordez

Itxasok nabarmendu duenez, "planak 55 udalerriri eta 567.000 biztanleri eragiten die, hau da, Gipuzkoako biztanleen % 80ri; guztira 53,8 milioi euroko inbertsioa egin da, eta Aldundiak 10,6 milioi euroko laguntza eman du".

“Foru Aldundian adin guztietako, edozein sexuko eta jatorri guztietako herritarrek instalazio egokiak izan ditzaten eta horietara sarbidea izan dezaten nahi dugu, haietan kirola edo gainerako aisialdiko jarduerak egin ahal izateko eta, horrela, haien bizi kalitatea hobetzeko”, esan du Itxasok. 

Bai Donostiako Udalak bai Aldundiak balorazio ona eman diote lankidetzari, eta adierazi dute bizi ditugun garai hauetan inoiz baino beharrezkoagoa dela baliabide publikoak modu eraginkorrean eta jasangarrian erabiltzea, erakundeen arteko lankidetzatik abiatuta.

 

 

  

1971