Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Amatasun bajen PFEZa itzultzeko prozedura jarri du martxan Gipuzkoako foru Ogasunak

Amatasun bajen PFEZa itzultzeko prozedura jarri du martxan Gipuzkoako foru Ogasunak

Formularioa eskuragai dago jada foru erakundearen web orrian

2018/10/19

Gipuzkoako foru Ogasunak aktibatu du amatasun bajen PFEZa itzultzeko prozedura, Auzitegi Gorenaren ebazpenaren ondorioz, prestazio hauek salbuetsita uzteko erabakiaren ondotik. Itzulera eskatzeko inprimakia eskuragai dago jada foru erakundearen web orrian (www.ogasuna.eus), eta aurki egongo da Zergabidea plataforman, “Idatziak” atalean. Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak helarazi beharko dizkioOgasunari ordaindutako prestazioei buruzko informazioa eta, honen ondorioz, zergadunek ez dute bestelako dokumenturik aurkeztu beharko eskaria egiterako orduan. 
Ogasun eta Finantzetako foru diputatu den Jabier Larrañagak nabarmendu duenez, foru erakundeak ahalegin nabarmena egin du gai honi “ahalik eta erantzun azkarrena” emateko. Honela, zoriondu egin ditu teknikariak, “ordu gutxi batzuetan” itzulketa eskariak bideratzeko kanala aktibatzeko gai izan direlako. Foru arduradunak adierazi du planteatu den itzulketa prozedura “argia, zehatza eta sinplea” dela, eta helburua gaiak eragiten dien zergadunen kolektiboari bidea erraztea dela. Behin, Gizarte Segurantzako Instituto Nazionalaren informazioa jasota, Foru erakundeak, ahalik eta azkarren exekutatuko ditu itzulketak. 
Inprimakiak zergadunaren izena, helbidea, NAN zenbakia eta berrikustea eskatzen den PFEZaren likidazioaren urtea bakarrik eskatzen dizkio zergadunari. Idatzia Zergabidea plataformaren bidez aurkeztu daiteke, era telematikoan, erarik arin eta erosoena. Aukera hau datorren astean aktibatuko da. Bitartean, dokumentua Ogasunaren edota Gipuzkoako Foru Aldundiaren edozein bulegotan aurkeztu daiteke, baita ere posta bidez bidaltzeko aukera badago. 
Inprimakiaren bitartez, preskribatu gabe dauden ekitaldietako errenta aitorpenak zuzentzeko eskatuko dute zergadunek, eta honela amatasun prestazioak salbuesteagatik dagokien itzulketa lortu. Errenta aitorpena aurkeztu ez zutenek, orain aurkeztu beharko dute, dagokien itzulketa jaso ahal izateko. Azkenik, 2018 urteari dagozkien prestazioei dagokienean, aurtengo Errenta kanpainan erregularizatuko dira. Datorren urteko apirila eta ekainaren artean egingo da kanpaina hau. 
EAEko Ogasunak eta Eusko Jaurlaritza atzo elkartu ziren Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoan. Bertan, segurtasun juridikoa bermatzeko asmoz, prestazio hauek salbuetsita uztea erabaki zuten, eta preskribatu gabeko urteetan atxikitako kantitateak zergadunei itzultzea. Auzitegi Gorenak berriki hartu duen erabakiaren ondotik dator erabakia, urriaren 5ean prestazio hauek PFEZan salbuetsita daudela ebatzi baitzuen. Hala ere, epaiak ez dio Gipuzkoako araudiari eragiten, Ekonomia Itunaren arabera, zerga hau eskumen forala baita. 

 

  

3281