Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Amuteko auto-ilarak arintzeko lanak egingo ditu Aldundiak

Amuteko auto-ilarak arintzeko lanak egingo ditu Aldundiak

Biribilgune bat egingo da. Lanek 5 hilabete iraungo dute eta bidegorriak ere egingo dira.

2017/03/14
Biribilgune bat egingo da. Lanek 5 hilabete iraungo dute eta bidegorriak ere egingo dira.

Amuten (Hondarribia), Mendelurako N-638 errepideko bidegurutzean biribilgunea egiteko proiektua onartu du gaur Gobernu Kontseiluak. 715.701,86 eurokoa izango da aurrekontua, guztira, eta lanek bost hilabete iraungo dute. Bidegurutze hau trafiko puntu korapilatsua izan ohi da bertan gertatzen diren auto-ilarak direla-eta, udan bereziki, bisitari eta turista asko gerturatzen baitira eskualdera. “Eremu honetan auto-pilaketa handiak egoten dira. Azken urteetan behin baino gehiagotan eskatutako aktuazioa da, eta Foru Gobernuak heldu egin dio. Uste dugu hobekuntza nabarmena ekarriko duela”, azpimarratu du Imanol Lasa foru bozeramaileak. 

Amute auzoan N-638 eta GI 2134 errepideen artean egun dagoen bidegurutzeak zirkulazioa bideratzeko irletak eta semaforoak ditu, eta hainbat fasetan ibilgailuen zirkulazioa erabat eteten dute. Baldintza horietan bidegurutzearen funtzionamendua traketsa eta ahalmen gutxikoa da, eta edukiera egunero gainditzen da, batez ere uda garaian. Kontuan hartu behar da urtean, batez beste, 25.000 ibilgailu igarotzen direla bertatik.  Hori dela-eta, Lasak “lehentasuntzat” jo du obra.

 Bidegurutze horren ahalmen gabezia eta bertan sortzen diren zirkulazio arazoak konpontzeko, Bide Azpiegituretako departamentuko zerbitzu teknikoek biribilgune proiektua idatzi dut, eta gaurko Kontseiluak eman dio oniritzia, obrak egiteko hartu beharreko ondasun eta eskubideen zerrenda onesteaz gain. Esleipena egin ondoren, lanak irailean hasiko dira, trafiko afekzioak ahalik eta txikienak izateko.

Proiektuak, N-638 errepidearen Zubieta eta Amute arteko egungo trazatuan biribilgune zirkular bat zehazten du, 50 m-ko kanpoko diametroa eta hiru bide-adar dituena; Hondarribiranzko bide-adarra egungo bi erreietara egokitzen da, baina Irun eta GI-636 errepiderako bide-adarrek errei bakarra izango dute, egungo sekziora egokitzeko. Sarrerak, berriz, eraztuna baino pixka bat lehenago bi erreira zabaltzen dira, bidegurutzearen ahalmena handitzeko.

Bestalde, proiektuak jasotzen du Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planean aurreikusitako bidegorriak egitea, eta lanek atxikitako espaloiak eta zerbitzu guztiak berregitea. Proiektua joan den abenduan jarri zen jendaurrean, alegazioak aurkezteko hilabeteko epearekin. Zazpi aurkeztu ziren, eta guztiei eman zaie erantzuna epe eta forma egokian.

  

1487