Antioko Musika Zikloa programazio anitzarekin eta tokiko talentuarekin itzuliko da
Antioko Musika Zikloa programazio anitzarekin eta tokiko talentuarekin itzuliko da
Zikloa irailaren 7, 14, 21 eta 28an izango da, Suhar Korua, Musbika Ensemble, Iñaki Salvador Quartet eta Daniel Bertomeuren emanaldiekin.
Gaur goizean aurkeztu da urtero, irailean, Antioko baselizan ospatzen den Antioko Musika Zikloaren 41. edizioa. Prentsaurrekoan María José Telleria Kulturako foru zuzendaria eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak parte hartu dute.
María José Telleria Kulturako foru zuzendariak adierazi duenez, ziklo hau "kulturarekin eta ondarearekin dugun konpromisoaren isla da. Musikak, bereziki Antio bezalako ingurune enblematiko batean, belaunaldiak konektatzeko eta gure nortasun kulturala gordetzeko ahalmena du. Harro gaude tokiko talentua sustatzen duen eta kalitate handiko proposamen artistikoen bidez gure lurraldea aberasten duen ekitaldi bat babesteaz. Kultura Departamentuaren helburua da kultura eskaintza lurralde osora dibertsifikatzea, maila horretako jarduerak Gipuzkoako txoko guztietara iristen direla ziurtatuz."
41. edizio honetan, Musika Hamabostaldiaren eta Antioko Konpainiaren laguntza ere izango du. Ziklo hau 1984an jarri zen abian eta Gipuzkoako lehenetarikoa izan zen, Debakoarekin batera. "Asmoa musika kultua deiturikoa deszentralizatzea izan zen, eta horretarako Antio leku aproposa izan zitekeela pentsatu zen, bai akustikagatik eta historiagatik, bai bere ezaugarri den interes turistiko eta kulturalagatik" azaldu du Mikel Serrano Zumarragako alkateak. Parte hartu izan duten musikarien artean Ara Malikian, Kukai dantza taldea, Kalakan, Jacob de Han zuzendaria eta abar egon dira. Aurten programazio anitza egin nahi izan da, etorkizuneko artistei ere aukera berriak eskainiz.
PROGRAMAZIOA
Irailak 7 - SUHAR KORUA
Zuzendaria: Esteban Urzelai
SUHAR gizonezko ahots grabeen abesbatza bat da, 30 ahots ingururekin 2018ko udazkenean hasi zen kantu koralean, formazio mota horretarako errepertorioa ahalik eta gehien lantzeko helburuarekin. Suharren balioen artean nabarmentzekoak dira bere proposamen artistikoen kalitatea; gure musikagileen obraren hedapena, gure musika koralarekiko konpromisoan oinarritua, eta berritzeko eta sortzaile izateko ahalegina.
Suhar abesbatzak 2. saria eta publikoarena lortu ditu Eslovenian, Mariborreko 17. Gallus Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan. Urzelaik, gainera, Gallus musikariaren partitura baten zuzendaritza eta interpretazio onenaren saria jaso du.
Irailak 14 - MUSBIKA ENSEMBLE
"Tutto Vivaldi"
Musbika musika-konpainia bat da, eta musikaren sentsibilizazioaren eta hedapenaren bidean lan egitea du helburu. Egon daitezkeen oztopoak eta etiketak hausteko nahiarekin, musika pertsona guztiei helarazteko. Musika klasikoari eta antzinako musikari egozten zaizkien oztopoak eta klixeak gainditzeko asmoz, eszenaratze fresko eta dinamiko bat proposatzen du MUSBIKA ENSEMBLE proiektuaren bidez, edonor harrituta uzteko eta musika honekin gozatzeko aukera eskainiz.
Duela 320 urte, zehazki, historiak oparitu digun musikari handietako bat bere talentua eta sormena loratzeko aukera emango zuen ingurune berezi batean sartu zen. 1703ko irailean, Antonio Lucio Vivaldi Veneziako Ospedale della Pietà izeneko umezurztegi batean biolin maisu bihurtu zen.
Hurrengo 30 urteetan, umezurztegi horretan lan egiten zuen bitartean, bere lanik garrantzitsuenak konposatu zituen. Musikagilearen sormen-etapa bati hasiera eman zion gertakari hutsal baina garrantzitsu honen urteurrenean, Musbikak Antonio Lucio Vivaldiren obra garrantzitsuenetan oinarritutako programa monografiko bat aurkezten du.
Irailak 21 - IÑAKI SALVADOR QUARTET - "Txoria nuen maite: Laboa gogoan”
Iñaki Salvador (pianoa, moldaketak, musika-zuzendaritza), Ainara Ortega (ahotsa), María Berasarte (ahotsa), Hasier Oleaga (bateria), eta Angel Unzu (gitarrak, buzukia, perkusioa).
Iñaki Salvador donostiarra Euskal Herriko musikaren funtsezko pieza da azken hamarkadetan, eta zalantzarik gabe, gure jazzaren nazioarteko ordezkari garrantzitsuenetako bat. Pianista, konpositorea, moldatzailea eta irakaslea da. Piano, harmonia eta konposizio ikasketak egin zituen, José Antonio Medina eta Jesús González Alonso piano-jotzaileen edo Francisco Escudero konpositorearen zuzendaritzapean. Funtsean autodidakta izan zen, musika modernoari eta jazzari dagokienez.
Iñaki Salvadorren septetoak Mikel Laboaren musika berrikusiko du, musika inprobisatuaren eta jazzaren estetikatik abiatuta. Oraingo honetan, eta lehen aldiz Laboaren irudiaren inguruan Salvadorrek egindako proiektuetan, testuak abestuta, ahotsa funtsezko tresna gisa erabiliz Laboak aukeratutako poesia zein euskara lehen lerroan jartzeko. Horretarako, karrera sendoa duten artista ospetsuen banda bat eratu da. Moldaketak eta egokitzapenak Laboak besarkatu zituen hiru ildo eta konpromiso artistikoek inspiratu dituzte: tradizioaren errespetua eta ezagutza; poesia eta sorkuntza garaikidearen inguruko lana; eta ikerketaren eta abangoardiaren aldeko apustua.
Irailak 28 - DANIEL BERTOMEU, pianoa - "Un viaje por el romanticismo"
Schubert, Granados, Chopin, Rachmaninoff eta Mendelssohn"
Carles & Sofia International Piano Competition (2023) lehiaketan C piano kategoriako Bach eta Rachmaninoven interpretaziorik onenaren saria.
Carles & Sofia International Piano Competition (2023) lehiaketan Silver Hands bigarren saria piano emergent kategorian (17-21 urte).
Sigüenzako Pianista Handi Txikien Nazioarteko Lehiaketako (2023) B kategoriako hirugarren saria.
Sigüenzako Pianista Handi Txikien Nazioarteko Lehiaketako (2023) kategoria guztietan errusiar autorearen interpretaziorik onenaren saria.
Kataluniako Talentu Indibidualaren BBVA Musika Sarian (2023) alebin kategoriako lehen saria.
Albaceteko Diputazioko Piano Lehiaketa Nazionaleko (2023) B ikasketa profesionalen kategoriako lehen saria.
4404