Arantxa Urretabizkaiak jasoko du 2019ko Anton Abbadia saria
Arantxa Urretabizkaiak jasoko du 2019ko Anton Abbadia saria
Euskararen alde egindako lana aitortu dio erakundeak, besteak beste.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Arantxa Urretabizkaia idazle donostiarrari eman dio 2019ko Anton Abbadia Saria, hala erabaki baitu aho batez epaimahaiak. Ohitura den bezala, abenduaren 2an, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan, jasoko du Abbadia Saria, Foru Jauregian egingo den ekitaldian. "Urretabizkaiak bizitza osoa darama euskararen alde lanean, baita egoerarik zailenetan ere, eta euskara batuaren erabilera normalizatzea lortu zuen eta gure hizkuntza aro modernora ekarri zuen belaunaldiaren ordezkaria da. Gainera, aitzindaria izan da euskal literaturan emakumearen gaineko imajinarioaren aldaketan", azaldu du Eider Mendoza aldundiko bozeramaileak.
Foru Aldundiko bozeramaleak agerraldia egin du hedabideen aurrean, gaurko Diputatuen Kontseiluan hartutako erabakien berri emateko. Urtero bezala, sarituak Gipuzkoako artista gazte batek sortutako obra bat jasoko du. Literatur sorkuntzaren hainbat esparrutan nabarmendu da Urretabizkaia. Bere lan aipagarrienen artean daude Zergatik, Panpox (1979), Koaderno Gorria (1998), 3 Mariak (2010), Zuri-beltzeko argazkiak (2014) edota Bidean ikasia (2016), gaztelaniara eta, zenbait kasutan, beste hizkuntza batzuetara ere itzuliak izan diren lanak guztiak. Kasu honetan, Udane Juaristi (1985) artista azkoitiarra da egilea, eta obra bat sortuko du bereziki horretarako. Juaristik Arte Ederretako lizentzia lortu zuen Bilbon eta Parisko Arte Ederretako Goi mailako Eskola Nazionalean
Anton Abbadia saria Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zuen 1996an, euskararen normalizazioaren alde lan egiten duten pertsona eta elkarteak saritzeko asmoz. "Badira euskararen inguruko beste sari batzuk, baina gehienak beste sektore batzuetan ari dira, eta gaian adituak diren pertsonei zuzenduta daude. Nolanahi ere, Anton Abbadia sariak leku handiagoa bete nahi du, euskararen erabilera biziberritu, gizarteratu eta hedatzen duten pertsona eta taldeentzako nolabaiteko aitortza izan nahi baitu", azaldu du Mendozak. "Anton Abbadia gogoratuz, sariak euskaltzaleen topaleku izatea nahi da: sari hau ematearekin batera, euskararen inguruan lan egiten duten pertsona guztien harremanak indartu eta berritu nahi ditugu, giro hurbil, bero eta alaian", gaineratu du.
Eibarko eta Pasaiako egoitzak
Horrez gain, Diputatuen Kontseiluak Eibarko eta Pasaiako udalekin sinatu beharreko hitzarmenak onartu ditu, Eibarko San Andres egoitza eta Pasai San Pedroko egoitza eta eguneko zentroa Kabian sartzeko. Bi akordio horiek sinatu ondoren, bi azpiegiturak foru erakunde autonomoko kide izango dira 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera. Eibarko egoitzak 120 plaza ditu, eta Pasaiakoak, 41 plaza egoitzan eta 15 plaza eguneko zentroan.
Orain arte, Azkoitiko, Elgoibarko, Villabonako, Zumaiako, Lasarteko, Andoaingo, Bergarako, Ordiziako, Arrasateko eta Tolosako egoitzak sartu dira Kabian. Gaur onartutako erabakia gauzatzen denean, Irungo eta Hernaniko egoitzak baino ez dira geratuko Kabiarako bidea egiteko, eta, aurreikuspenen arabera, 2020ko lehen seihilekoan sartzekoak dira. Prozesua osatzen denean, Kabiak 16 egoitza kudeatuko ditu guztira: 1.505 plaza (1.336 plaza egoitzetan eta 169 eguneko zentroetan), 299 langile (116 funtzionario eta 183 kontratatu), eta zerbitzua ematen duten 18 enpresa, guztira 949 langile dituztela.
"Kabiak finkatutako eredua erreferente bihurtuko da Gipuzkoan adinekoen egoitza arretan, eta jasangarria eta kalitatezkoa izango da", azpimarratu du foru bozeramaileak. Nabarmendu duenez, Kabiaren eredua "guztion artean" definitu dute, betiere Aldundiaren eta udal administrazioen arteko adostasuna bilatuz, eta horretarako, hamaika bilera egin dituzte. "Aldundiaren babespean 16 udal egoitza kudeatzea, bakoitzak bere berezitasunak dituela, erronka handia izaten ari da, baina pixkanaka-pixkanaka hartutako konpromisoak betetzen ari gara, arduraz eta errealismoz", azpimarratu du Mendozak.
Adinberri
Azkenik, Diputatuen Kontseiluak Pasaiako Udal Plangintzako Arau Subsidiarioen aldaketa onetsi du, Adinberri erreferentzia zentro berria definitzeko, urrats garrantzitsua baita azpiegitura eraikitzeari begira. Praktikan, zentroa kokatuko den lurzatiaren hirigintza araudia definitzeko lehen urratsa da, eta aurrerantzean, ekipamendu komunitario sanitario asistentzialeko sistema orokorraren kalifikazio globala izango du. Horrela, tramitazioari hasiera ematen zaio, eta gero Pasaiako Udalak onetsi beharko du.
Adinberri zentroa Hospitalilloko lursailean kokatuko da, eta bertan, alde batetik, adinekoentzako arreta zerbitzu berritzaileak eta, bestetik, zahartzeari buruzko ikerketa, dokumentazio, prestakuntza eta orientazio ekimenak bateratuko dira. Horrela, gizarte eta teknologia arloko berrikuntza prozesuaren egonkortasuna sendotzen da, Gipuzkoan aberastasuna eta kalitatezko enplegua sortuko dituena. Azpiegitura berriak, gainera, adinekoentzako zerbitzuen estaldura hobetuko du Oarsoaldean, eta Pasaialdea biziberritzen lagunduko du.
Instalazioek 31.321 m2-ko azalera izango dute, eta bertan zerbitzu hauek eskainiko dira: egoitzan 120 plaza, eguneko zentroan 30 plaza, eta tutoretzapeko 18 apartamentu. Aurreikusitako inbertsioa, guztira, 32,2 milioi eurokoa da. 2020an, Adinberri zentroa eraiki aurreko fasean, Hospitalilloko aparkaleku estalia egiteko lanak hasiko dira. Datorren urteko aurrekontuak jasotzen dituen foru arauaren proiektuak guztira 7,6 milioi euro bideratzea aurreikusten du foru proiektu honetara, eta horietatik milioi bat erreferentziazko zentroa hartuko duen eraikina egiteko da.
1985