Arantzazuk bere aterpetxea zabaldu du
Arantzazuk bere aterpetxea zabaldu du
Gipuzkoako leku berezienetako batean kokatzen den ekipamendu berri honek gaur ireki ditu ateak, 56 plazarekin, naturari lotutako turismoa sustatzeko asmoz
Aste Santuaren atarian, Arantzazuko aterpetxe berriari ongietorria eman diote gaur. Inaugurazio ekitaldian parte hartu dute Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak,Mikel Biain Oñatiko alkateak, eta Arantzazuko Frantziskotar Probintziaren ordezkari Joxe Mari Arregik. Gandiaga 1 eraikineko solairuarteak hartu du 56 ohez hornitutako ekipamendu hau, eta berehala iritsiko dira lehenengo erabiltzaileak. Nagusiki gazte, eskola ume eta taldeengan jarriko du begirada. Arantzazuk eta Aizkorri-Aratz parke naturalak eskaintzen dituzten baliabide ugariak aprobetxatuz, aisialdia bultzatu nahi da natura gune bete-betean.
Arantzazu Gaur Fundazioarena da ekimena. Arantzazuko Frantziskotar Probintziak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Oñatiko Udalak, Mondragon Taldeak eta Kutxa Fundazioak eratutako organuak aspaldi erabaki zuen aurrerapauso bat ematea Gipuzkoako leku berezienetako bat berritu eta bultzatzeko prozesuan. Hori horrela, Gandiaga Topagunea izeneko eraikinaren inaugurazioa ekarri zuen proiektuak, berez, aurreikusita zuen jada aterpetxerako espazio bat. Aukera hori pixkanaka pisua irabazten joan zen, are gehiago 2011n Parketxea zabaldu zenean, eta azkenik iritsi da ateak zabaltzeko eguna.
Aterpetxea urte osoan egongo da irekita, urtarrilean izan ezik. Erreserba egitea edo ordutegiak aurretik kontsultatzea komeni da. Horretarako, 943 780500 eta 656 743148 telefono zenbakietara dei daiteke, edo arantzazuaterpetxea@gipuzkoamendizmendi.net helbidera idatzi. Pilotalekuen erabilera publikoko eremu estalitik sartu behar da. Behin Gandiaga 1 eraikinaren barruan, aterpetxeraino iristeko ataria gurutzatu eta eskailerak igo behar dira (edo igogailua erabili, desgaitasunen bat duten pertsonen kasuan). 408 m2 erabilgarri ditu espazioak, honela banatuta: 12 lagunentzako literak eta armairuak dituzten lau logela eta lau lagunentzako lekua duten beste bi gela txikiago.
Jangela gisa erabiliko den espazioa multifuntzionala izango da, bertan askotariko jarduerak egin ahal izateko. Ondoan, edonork erabili dezakeen sukaldea dago, besteak beste bi mikrouhin labe eta bi hozkailu dituena. Bainugelei dagokienez, emakume eta gizonentzako hiru bainugela daude, dutxekin, eta beste bat elbarrientzat egokituta. Obrek 2015eko otsailean eduki zuten behin betiko bultzada, eta ekipamendua eta altzariak ere kontuan hartuta, inbertsioa 449.594,36 eurokoa izan da, guztira. Arantzazu Gaur Fundazioak 2012, 2013, 2014 eta 2015 urteetan aurrekontuaren zati bat lanei aurre egiteko hartutako akordioek ahalbidetu dute inbertsioa, estrategikotzat jo baitzen.
Arantzazu aterpetxeak Aloña mendiaren magalean kokatzen den paraje zoragarriaz gozatu nahi duten ikastetxeak, erromesak, mendizaleak eta familiak erakarri nahi ditu. Horiei guztiei arreta emateaz eta dinamizazio lanak egiteaz arduratuko da Joseba Longarte datozen bi urteetan, Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak hari agindu baitio zeregin hori, bere proiektua ontzat eman ondoren. Zerbitzu berria haur eta gazteak Arantazura erakartzeko pizgarria izatea espero da, espazio honek joan den mendeko 60ko eta 70ko hamarkadetan eduki zuen gazte mugimendua berreskuratuz.
Horrela, aterpetxean ostatu hartuko duten eskola umeek mendi ibiliak egin ditzakete, eta baita ere Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko Interpretazio Zentroak eta Arantzazuko Parketxeak antolatutako beste hainbat jarduerataz, Gomiztegiko artzain eskolaz, Oñati-Arrikrutz kobetaz, edo Arantzazuko Basilikako bisita gidatuez gozatu. Bestalde, erromesek Inaziotar Bidea egiteko aukera izango dute. Jesusen konpainiaren ekimenez eta hark sustatuta, Inaziotar Bidea egiten dutenek berriro egiten dute Loiolako Inaziok 1522an bere sorterri den Azpeititik Manresaraino egin zuen bidea –bidaia horretan gaua igaro zuen Arantzazun-.
Inaugurazioan parte hartu duten eragile guztiek “mugarritzat” jo dute aterpetxe berria, Arantzazuren eskaintza elikatu egingo du, santutegiaren espiritualtasuna historia askotariko ekimenen sustapenarekin harmonizatzen duen proiektu baten barruan. Azken buruan, bisitariak hainbat aukera izango ditu, eta dibertsioa, natura bete-betean, indartu egiten da basilikaren inguruko eskaintza kultural, gastronomiko, ondarezko eta erlijiozkoarekin, eta Oñatiko kasko historikoarekin. “Arantzazu Gipuzkoaren ondarea da, eta aterpetxe berriarekin beste urrats inportantea egiten dugu altxor guzti hori gizartearen zerbitzura eta gozamenerako jartzeko bidean. Mundu guztia animatzen dugu etor dadin”, amaitu dute.
2051