Aranzadiren lana azpimarratu du Aldundiak, Ondare Arkeologikoaren Europako Saria jaso berritan
Aranzadiren lana azpimarratu du Aldundiak, Ondare Arkeologikoaren Europako Saria jaso berritan
Foru erakundeak harrera ofiziala eskaini dio Zientzia Elkarteko ordezkaritza zabal bati aitortza dela-eta
Foru Aldundiak aitorpen instituzionala egin dio gaur Aranzadi Zientzia Elkarteari, Europako Arkeologia Elkarteak (EAA) ematen duen 2023 Ondare Arkeologikoaren Europako Saria jaso baitu, joan den abuztuaren 29an Belfasten egindako Arkeologiaren Europako Kongresuaren barruan. Arlo honetako saririk garrantzitsuena da, eta Aranzadik lortzen duen nazioarteko lehena. EAAk nabarmendu egin ditu elkarteak “ondare arkeologikoarekin eta memoria historikoarekin duen konpromisoa, bere lanak gizartean eta politikan izan duen eragin sakona eta, bereziki, Irulegiko Eskua, azken urteotako Europako aurkikuntzarik esanguratsuenetako bat, gizartean eta politikan izan duen inpaktuagatik, eta orain arte baskoieraz, euskararen aurrekarian berreskuratu den lekukotasunik zaharrena eta osatuena delako”.
Goraipamena ematen duen erakunde horrek arkeologiako 15.000 profesional baino gehiago biltzen ditu 60 herrialdetan, bereziki Europan, eta erreferentzia nagusia da diziplina zientifiko horretan. Profesionalen batzorde independente batek positiboki baloratu du Aranzadiren ibilbidea eta bikaintasuna, eta, sariaren harira, Elkarteko hainbat arkeologok ikertzen ari direnaztarnategi arkeologikoei eta haien hedapenari buruzko ponentziak aurkezteko aukera izan zuten Kongresuaren baitan.
Eider Mendoza diputatu nagusiak, Jokin Otamendi Aranzadiko lehendakariak, Goizane Alvarez Kultura, Koooperazio, Gazteria eta Kirol diputatuak eta Arantza Aranburu geologo eta Aranzadiko Zuzendaritza Batzarreko kideak parte hartu dute tronu aretoan egindako ekitaldian. María José Tellería Kulturako zuzendaria ere bertan izan da, baita hainbat hamarkadatan ondarea berreskuratu eta zabaltzearen alde elkartearekin batera lan egin duten arkeologo ospetsuen ordezkaritza ugaria ere, belaunaldi desberdinetakoak.
“Funtsezko babes-lana”
Eider Mendozak Aranzadiren lana eta sariak Gipuzkoarentzat duen garrantzia azpimarratu ditu. “Lurralde txikia gara, baina 100 urte baino gehiago daramatzagu gure arkeologia ikertzen eta balioesten. XX. mendearen hasieran egin zituzten lehen esku-hartze arkeologikoak Gipuzkoako ikertzaileek, hala nola Telesforo de Aranzadik eta Joxe Migel Barandiaranek, Aldundiaren bultzadarekin. Diktadura frankistaren hasierak dinamika hori hautsi zuen, baina gure herritarrek Gipuzkoan egoitza zuen Aranzadi bezalako erakunde bat bultzatzeko gaitasuna izan zuten. Erakunde horrek ikerketa arkeologikoak bultzatu zituen, ez bakarrik gure lurraldean, baita lurralde horretatik haratago ere. Gainera, aztarna arkeologikoen kontserbazioaz eta kudeaketaz arduratu zen, ondare arkeologikoari buruzko politika publikorik, eta erakunde demokratikoei ez zegoenean. Aranzadik funtsezko babes-lana egin zuen, denona zainduz, eta hori aitortu nahi dugu Gipuzkoako gizartearen izenean”.
Aranzadik ondare arkeologikoa “modu jasangarrian eta errespetuz” kudeatzeko duen zeregina ere nabarmendu du diputatu nagusiak, Altxerriko edo Ekaingo haitzuloak aipatuz adibide gisa, besteak beste. “Izan ere, ikertu ez ezik, behar bezala babestu dira. Eta lan hori, gainera, Aldundiarekin lankidetza estuan eta etengabean egin da, herritarren parte-hartzea oinarri hartuta. Ehunka izan dira urte hauetan guztietan indusketetan borondatez parte hartu duten pertsonak, pasioz, entregaz eta espiritu altruistaz. Hori da Gipuzkoarentzat defendatzen dugun etorkizuneko eredua: erakundeen eta elkarteen arteko lan partekatua, eta interes komunean laguntzen duten ekimenetan parte hartzen duen herritargo aktibo bat”.
Jokin Otamendi Aranzadiko lehendakaria, berriz, “harro” agertu da aitortza dela-eta. “Gure sorkuntzatik auzonalean, gizarteari begira ikertzen baitugu, eta sari honek arkeologia sozialaren eredua goratzen du, gure lana bikain eginda dagoela adieraziz. Irulegiko Eskuaren aurkikuntza bozgorailua izan da hamarkadetako esfortzu guzti hau azaleratzeko. 75 urteotan, labar arte zoragarria, monumentu megalitikoak, hiri erromatarrak, Erdi Aroko gazteluak, pezioak, burdinolak eta beste hainbat gune arkeologiko aurkitu ditugu. Gipuzkoako iraganaren mapa osatzen jarraitzen dugu oraindik, arkeologoen lana ez baita inoiz amaitzen”.
Arantza Aranburu EHUko geologia irakaslea, Aranzadiko Zuzendaritza Batzarreko kideak eta hainbat indusketa lanetan aritutakoak azpimarratu duenez, “75 urteko lana izan da, eta gutxienez beste 75 izatea nahi dugu.Ikerketa zientifikoa oinarri bat da guztion ondarea ulertu, babestu eta gizarteratzeko. Gure iraganaren ikerketan dihardugunok tresna ezinhobea daukagu gizartearen pentsamendu kritikoa sustatzeko. Begirada zientifiko honek lagundu gaitzake gizarte aurrerakoi, demokratiko eta justuagoa eraikitzeko, bereziki polarizazio, gerra eta gatazka momentu hauetan. Euskal Herri mailan, Aranzadik balore hauek irmoki defendatzen ditu, Ez baitago etorkizunik zientziarik gabe, ezta iraganik memoriarik gabe ere”. Otamendik adierazi duenez, sari honen muinean “kolektibo anitza, ugaria eta multidiziplinarra dagoela azpimarratu nahi dut. Azken hamarkadetan arkeologia lanetan buru belarri egon zareten profesionalak eta boluntario batzuk hemen zaudete gaur gurekin. Gure arkeologoen konpromisoa eta pasioak jarraipena izan dezan, belaunaldi berriak etor daitezen, ogibide hau bultzatzeko babes instituzionala eta pribatua ezinbestekoa da. Aldundia beti izan dugu bidelagun honetarako, eta hala izaten jarraitzea espero dugu etorkizunean”.
Azkenik, Gipuzkoako Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatu Goizane Álvarezek ziurtatu du saria Aranzadi Zientzia Elkarteari ematea ez dela “soilik poz eta harrotasun handiko arrazoia”; batez ere, “Gipuzkoako ikerketa arkeologikoaren mailaren erakusgarri garbia” da. Eta hori “arkeologiako profesionalek egindako lanari esker” da haren esanetan. Era berean, foru erakundeak egin duen lana nabarmendu du. Izan ere, esan duen bezala, “gure ondare historiko-artistikoa, arkeologikoa eta etnografikoa babesteko eta zabaltzeko sentikorra izan da, beti izan baitu ondare hori mantentzeko eta zabaltzeko erantzukizuna, erakundeekin lankidetzan eta babes ekonomiko garrantzitsuarekin”.
1990