ArcelorMittalen Zumarragako lantegia ez ixteko, erakunde eta langileekin elkarlanean jarraituko duela berretsi du Foru Aldundiak
ArcelorMittalen Zumarragako lantegia ez ixteko, erakunde eta langileekin elkarlanean jarraituko duela berretsi du Foru Aldundiak
ArcelorMittalen Zumarragako lantegia ez ixteko, erakunde eta langileekin elkarlanean jarraituko duela berretsi du Foru Aldundiak
Batzar Nagusietan agerraldia egin du Markel Olano Diputatu Nagusiak, Ainhoa Aizpuru diputatuarekin batera
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak ArcelorMittaleko Zumarragako langileei babesa adierazi, eta gainerako instituzioekin, eragileekin eta langile ordezkariekin elkarlanean jarraituko dutela berretsi dute gaur Batzar Nagusietan egindako agerraldian. Zumarragako lantegiaren aktibitateari eutsi eta bultzada bat emate aldera, neurriak hartzeko exijitu dio ArcelorMittali Diputatu Nagusiak, lan postuak eta plantaren biziraupena bermatuz: “Ez gatoz bat inondik inora Zumarragan jarduera eteteko erabakiarekin”.
Olanok gogorarazi du Aldundiak oso gertutik jarraitu duela altzairuaren sektoreak azken hilabeteotan izandako garapena, ikusita zer nolako zailtasunak bizi dituen, eta zenbateko garrantzia duen Gipuzkoan. “Langileak eta familiak dira guretzat orain lehentasun nagusia. Gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu beste behin, bai beraiei eta baita Urola Garaiko eskualde osoari ere. Gure esku dagoen guztia egiten ari gara, eta egiten jarraituko dugu lantegiaren itxiera saihestu eta lanpostuak mantentzeko”, azaldu du.
Aditzera eman duenez, joan den ostiralean egindako batzarrean, komunikazio eta koordinazio bideak “sendotu” egin ziren langileen ordezkaritzarekin. “Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen planaren testuinguruan, modu koordinatuan jarraituko dugu lanean gainerako erakundeekin eta langileekin batera, eta gure ekarpenak eginez. Elkarlana da egoera honi aurre egiteko gakoa. Gure helburua da enpresak ekintza plana aurkeztea Zumarragako lantegiaren bideragarritasuna eta errentagarritasuna bermatzeko”, esan du.
Ainhoa Aizpuruk, berriz, “onartezintzat” jo du euskal erakundeen ikuspegitik Zumarragako plantaren lan jardueraren etete partziala. Izan ere, estatu mailan gauzatuko den ArcelorMittalen berregituratzeak “Euskadin bakarrik” izan du eragina.
Era berean, Diputatuak goraipatu egin du erakunde guztiek eta langile batzordeak astelehenean hartutako erabakia. “Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako proposamena adostasun dokumento gisa onartu zen, honen gainean lan egiteko. Proposamen honetan Urola Garaian industria enplegua eta aktibitatea bermatzeko diseinatuta egongo den ekintza plan bat zehazteko eskatzen zaio enpresari, besteak beste produktuak dibertsifikatuz. Erakundeok erabaki hori bultzatzeko eta laguntzeko prestutasuna erakutsi dugu jada. Enpresari dagokio egoera argitzea”. Beste zenbait neurri ere aipatu ditu, dumpingari edo energia kontsumoari lotutakoak.
Etorkizunean ArcelorMittal enpresak hartutako bezalako erabakiak ekiditeko, Ekonomia Suspertzeko Planaren baitan, Aldundiak aurten industriara 27,5 milioi euro bideratuko dituela nabarmendu du Diputatuak, azkenik: “Plan honen helburu nagusietako bat, hain zuzen, ekonomia jarduera Lurraldean finkatzea da, lehiakortasuna, nazioartekotzea, berrikuntza eta langileen parte-hartzea sustatuz, besteak beste”.
2608