Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Argi&Garbi superheroiek diskurso faltsuen eta aurreiritzien aurka borrokatuko dute

Argi&Garbi superheroiek diskurso faltsuen eta aurreiritzien aurka borrokatuko dute

Aldundiak sustatutako ikus-entzunezko materiala da, sare sozialetan erabiltzeko eta gezurrei aurre egiteko.

Denis Itxaso: «herritarrei egia-ostearen aurkako diskurtsoa eskaini nahi diegu, egintzen indarraren aurrean gezurra eta zurrumurrua bertan behera gelditzen direlako»

Denis Itxaso Kultura eta Lankidetzako foru diputatuak ARGI &GARBI superheroiak aurkeztu ditu gaur; beren superboterea da datuak kontrastatzea egia ez diren errealitateen aurrean, horiengan oinarritzen baitira gorroto eta aurreiritzi diskurtsoak. «Eta superheroiek dioten bezala,  superboterak izatea erantzukizun handia da. Sarean murgildu eta mezua zabaldu behar dute» azaldu du Itxasok. Era berean, prentsaurrekoan izan dira Fernado San Martin, Peio Aierbe Sos Racismo elkarteko ordezkaria, eta Rosabel Argote CEAR elkartekoa.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapenerako Lankidetzako Zuzendaritzak ikus-entzunezko material hau prestatu du sareetan zabaltzeko. Bideo bakoitzak gai jakin bat aztertuko du emigrazioari, errefuxiatuei, lankidetzari, eta atzerritarrei buruz esandako gezurren inguruan. «Horren bidez, egia-ostearen aurkako diskurtso bat sortzea gustatuko litzaiguke. Tresna bat jarri nahi dugu gure gizartean dagoen gezurren, zurrumurruen, eta aurreiritzien mamu hori desegiteko, egintzen indarraren aurrean gezurra eta zurrumurrua bertan behera gelditzen direlako» azaldu du Itxasok, eta horretarako datu objektiboak zabaltzeko laguntza eskatu die herritarrei.

Aurreneko bideoan pertsonaiak eta beren eginkizunak aurkezten dituzte, eta bigarrenean, hain zabalduta dagoen uste bat lantzen dute, alegia, etorkinen inbasioa datorkigula eta gure baliabideak agortuko dituztela.  Argik eta Garbik datuak ematen dituzte sinismen horiei aurre egiteko: Gipuzkoan bizi diren pertsonen % 7,2 bakarrik dira atzerritarrak, iparramerikarrak eta europarrak barne; osasun gastuari dagokionez, atzerritarrei % 4,3ko gastua bakarrik dagokie, eta botika gastuei dagokienez, berriz, Espainian jaiotakoek 374 euroko gastua egiten dute, eta atzerritarrek, 73 eurokoa; diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonen % 27 bakarrik dira atzerritarrak; eta, nolanahi ere, atzerritarrek gastatzen dutena baino gehiago ematen dute, 583 milioi euro gastatzen baitituzte eta 631 euroko ekarpena egiten baitute.  Horiek ditugu kalean dabiltzan zurrumurruetako batzuen adibideak.

RAEren arabera egia-ostea 2016n sortutako hitza da, eta egintza objektiboetan oinarritzen ez den informazio edo baieztapenak dira, emozio, sinismen edo nahietan oinarrituak.  Edo beste modu batera esanda, ez da egia, baina egia dela sentitzen duzu.

«Sare sozialak puri-purian daude. Tresna horrek, berez, hedabideen demokratizazioa eta erabilera masiboa dakar edozein kausatarako. Onena eta txarrena egiteko aukera ematen du aldi berean. Arazoa ez da bitartekoa, edukiak baizik. Zurrumurru horiek zailak izaten dira desegiten, edukian egia zati bat dutelako sinesgarria izateko, eta horregatik ez ditu inork zalantzan jartzen edo ukatzen. Gure aurreiritzietan eta beldurretan oinarritzen dira; irentsi egiten gaituzte eta gure bizitza osoa hartzen dute.  Gauza gutxiago daude hain sotil eta eraginkorrak, egietan oinarritutako edo horietan sotilki bildutako gezurrak baino» adierazi du Itxasok.

Egia erdien erabilera zital ikaragarri horrek, edo zuzenean gezurra esateak aliatu indartsuak ditu: gezur bat behin eta berriz errepikatzeak, kontrastatu eta agerian uzten duena deskalifikatzeak, informazioa eta informazio iturriak manipulatzeak, muntaiek... dena gezurra dela dioen ideia maltzurra zabaltzen dute. Horrela, badirudi ezin duzula ezer sinistu, eta hala ere, edozer gauza sinesteko prest gaude».

  

1872