Arrakasta programa aitzindaria, martxan
Arrakasta programa aitzindaria, martxan
Aldundiaren zaintzapean dauden 6 neska gazte UPV/EHUn ari dira ikasten, programaren laguntzaz, Elkar-EKIN Gizarteratze Planaren baitan
Gipuzkoako Foru Aldundiaren zaintzapean dauden sei neska gaztek beren unibertsitate ikasketak hasi dituzte Arrakasta programa aitzindariaren babesarekin, zeinaren helburua baita arrakasta akademikoa garatzea. Hitzarmena sinatu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), 2016-2020 Elkar-EKIN Gipuzkoako Gizarteratzeko Planaren barruan. Gazte horiek dira, Foru erakundearen haur eta nerabeen babeserako eta gizarteratzerako neurrien pean adin nagusitasunera heldurik edo oraindik baliabide horien pean egonik, aukera izan dutenak UPV/EHUn unibertsitate ikasketak hasteko. Zehazkiago, gazte horietako hiru, gazteentzako emantzipazio etxebizitzetan bizi dira (18 urtetik 23 urtera bitartekoak); horietako bik laguntza espezializatuko programaren laguntza jasotzen dute; eta beste bat harrera-familia batekin bizi da.
Estatu mailan aitzindaria den Arrakasta programaren jatorrian UPV/EHUko Garaian ikertaldeko Joana Miguelenak egindako doktore aurreko ikerketa bat dago, Gipuzkoan zaintzapean dauden adin txikiko pertsonen hezkuntza ibilbideak aztertzen zituena eta arrakasta kasuak ere identifikatzen zituena: gazteak goi mailako heziketara sartzen ziren, baina hori gertatzen zen, hain zuzen, erakundeen harrera edo zaintza egoera amaitzearekin batera. Ikerketa horren emaitza gisa, Foru Aldundiak eta UPV/EHUk elkarlanean Arrakasta programa diseinatu eta martxan jarri dute. Programa aitzindari eta berri honek unibertsitateko ibilbide akademikoak errazten dizkie babes neurrien pean adin nagusira heldutako gazteei, alegia, bai Aldundiaren babespeko etxebizitzetan bai Aldundiaren laguntza programetan daudenei.
UPV/EHUren Carlos Santamaria Zentroan, Donostian, gaur goizean egin da hitzarmenaren aurkezpena. Bertan parte hartu dute: Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano, UPV/EHUko errektore Nekane Balluerka, Gizarte Politikako foru diputatu Maite Peña, eta baita Arrakasta programan parte hartzen duten gazte unibertsitarioetako bost ere.
Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok azpimarratu duenez, Arrakasta hitzarmenaren helburu nagusia da gazte horien unibertsitate arrakasta akademikoa bultzatzeko dauden eta "ezinbestekoak diren" baldintzak "sendotzea". "Eta horretarako, hainbat mailatako koordinazioa behar da Foru erakundearen (bigarren mailako arreta sarea, Gizarte Zerbitzuen Euskal sistemaren baitan), UPV/EHUren (pertsonal akademikoa eta ikasleen arretarako zerbitzu teknikoak), eta parte hartuko duten gazteen artean, aukera-berdintasuna eta hezkuntza inklusiboa zaintzeari begira" gehitu du Olanok.
UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkak, bere aldetik, adierazi du "pertsona guztien aukera berdintasuna funtsezko helburu bat da unibertsitate publiko batean. Alde horretatik, Arrakasta programa ekimen iradokitzaile eta handinahi bat da, sendotu egin nahi duguna, eta etorkizunean beste lurralde batzuetan aplikatzeko eredu izan daitekeena. Unibertsitatetik sortua da, UPV/EHUn garatu diren gizarteratze kasu arrakastatsuak ikusita. Zalantzarik gabe, lan akademikoa norberaren ahaleginean oinarritzen da, baina lehenbizi beharrezkoa da pertsona guztiei aukera hori ematea, unibertsitatera heldu eta beren prestakuntza eskakizun maila handienaz garatzeko. Eskerrak eman nahi dizkiot Gipuzkoako Foru Aldundiari proiektu honek izan duen harrera bikainagatik, eta berretsi nahi dut UPV/EHUk egitasmoarekin duen konpromisoa”.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak sinatutako akordio honen arabera, bi aldeen baliabideak ere koordinatuko dira, modu eraginkor batean lerrokatzearren gazte talde horren arrakasta akademikoa ahalbidetzean. Hala, aldeek konpromiso eta erantzukizun hauek hartzen dituzte beren gain: UPV/EHUren aldetik, "harrera eta jarraipen programa bat ezartzea, gazte horietako bat UPV/EHUn matrikulatzen den unetik beretik martxan jarriko dena", azaldu du errektoreordeak. Laguntza akademikoari dagokionez, zehaztu du gazteen hezkuntza-ibilbidean "ikasle horientzako laguntza programa bat ezarriko dela, jarraipen akademikoa bere gain hartuko duen tutore baten bitartez". Orobat, UPV/EHUk funts bat sortuko du, puntualki unibertsitate ikasketetatik eratorritako gastuekin laguntzeko, eta hura kudeatzeko.
Beste aldetik, haurren eta nerabeen babes zerbitzuen foru sarea, aurrera eramaten ari da goi mailako hezkuntza-ibilbideen detekzio goiztiar bat. "Helburua baita perspektibak zabaltzea, eta, adin txikietatik hasita, aukerak planteatzea, esperantza akademiko altuko giro bat sortzeko asmoz. Horrela, 16 urtetik aurrera, sistematikoki biltzen ditugu datuak, egoitza eta familia harrerako neurri baten pean dauden pertsonen hezkuntza-mailari buruz eta nahi duten hezkuntza-ibilbideari buruz", azpimarratu du diputatu nagusiak. Eta gaineratu du horrekin lortu nahi dutena dela “detektatzea eta jakitea zeinek parte har lezaketen, etorkizunean, Arrakasta programa honetan".
Gizarteratzeko baliabideak mantentzea
Bestetik, Olanok azpimarratu duenez, jarraitu beharko litzateke mantentzen, gizarteratze baliabideetan, ikasleen ustez, ikasketa-ibilbidean laguntzen dieten alderdiak, baina beti ere "unibertsitarioen kolektiboaren egoera partikularrera egokituta". Aldi berean, azpimarratu du "baloratu litekeela gazteei prestazio ekonomiko bat bermatzea, gizarteratzeko egoitza-baliabideetatik irten eta gero, baldin eta, momentu horretan, ez badute lan egonkor bat (6 hilabetetik gorakoa), oinarrizko beharrak asetzea bermatuko diena; hartara, 23 urtetik aurrera, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eskuratzeko aukera izan dezaten.
Gazteentzako prestazioa jasotzen ari diren gazteei dagokienez, Foru Aldundiak proposatzen du diru kopuru bat gehitzea, ikasketen gastuei aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzako beken osagarri. "Eta familia-harrerako programa batean dauden gazteen kasuan –erantsi du diputatuak–, proposatzen dugu familia-harrerari lotutako emantzipazio programaren diru laguntza mantentzea (600 euro/hilabete, gehienez) prestakuntza-ibilbide osoan (23 urteko mugarekin), eta hutsunerik gabe, beste programa batzuetarantz egon daitezkeen trantsizioetan. Baita ere, proposatzen dugu laguntza psikologikorako irispidea izatea, behar izanez gero, eta gaztearen prozesu pertsonalaren eta prestakuntza-prozesuaren aldian behingo jarraipen bat".
Aldi berean, Bigarren Mailako Arretarako Gizarte Zerbitzuen Saretik, proposatzen da harrera eta jarraipen bat goi mailako hezkuntza-ibilbidean. "Honako hauek dira kasu honetan kontuan hartu behar diren ohiko egoerak: gizarteratzeko egoitza-baliabide batean dauden neska-mutilak, eta horretarako, luzatu egingo dugu goi ikasketak egiten ari diren gazteen egonaldi kontratuaren denbora, ikasturte oso bati dagokionera luzatu ere", zehaztu du foru diputatuak, eta gero adierazi duenez, neurri hori "23 urte bete arte luza liteke, eta barne hartuko du ostatu zerbitzuetan diru kopuru bat ezartzea, neska-mutilei ikasketen gastuei aurre egiteko aukera ematearren, Eusko Jaurlaritzako beken osagarri".
Bukatzeko, aldian behingo jarraipen tekniko bat egingo da, Arrakasta programan parte hartzen duen ikasle bakoitzaren prozesua monitorizatu eta haren jarraipena era eraginkor batean egiteko. Gainera, batzorde bat sortuko da hitzarmenaren jarraipena egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko bi ordezkarik (Indarkeria Matxistaren Emakume Biktima Babesteko eta Gizarteratzeko zerbitzuburua eta zerbitzu bereko gizarte langile bat) eta UPV/EHUko bi kidek osatua (programaren arduraduna eta Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordea, edo horren ordez arituko den pertsona).
gazte horietako hiru, gazteentzako emantzipazio etxebizitzetan bizi dira; horietako bik laguntza espezializatuko programaren laguntza jasotzen dute; eta beste bat harrera-familia batekin bizi da
2274