Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour A-15eko Oindolar eta Gorosmendiko tuneletako lanak gaur hasiko dira

A-15eko Oindolar eta Gorosmendiko tuneletako lanak gaur hasiko dira

Aintzane Oiarbide: “Lanek aurrerapen nabarmena ekarriko dute A-15eko tunelen segurtasunean eta erosotasunean”

2023/02/03
Trafiko argia.

Gure lurraldea Nafarroarekin lotzen duen A-15 autobideko tunelak berritzeko lanek fase berri bati ekingo diote gaur, Oindolar eta Gorosmendiko tunelen estaldura  indartzeko eta instalazioak egokitzeko obren. Lanak ostiral honetan, otsailaren 3an, hasiko dira, eta aurtengo irailerako amaituta egongo direla aurreikusten da. Une honetan, prestaketak amaitzen ari dira, eta by-pass bat jarriko da, gaur, ostirala, 22:00etatik aurrera.

Tunelen segurtasunari buruz indarrean dagoen Europako Zuzentaraua betez, 2018 urtetik ari da Aldundia A-15eko tuneletan lanean. Fase ezberdinetan ari da gauzatzen hau eta, bihar, Oindolar eta Gorosmendiko pasabideei helduko zaie. Honenbestez, beste urrats bat eginda da “gure lurraldeko funtsezko azpiegitura bat modernizatzeko konpromisoan”. Azpiegitura hau, izan ere, Europa mailako komunikazio-ardatz nagusietako batean kokatzen da, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak azaldu duenez, eta “garrantzi handikoa” da. Bi tunelak 1995. urtetik daude zerbitzuan eta 500 metro baino gehiagoko luzera dutenez, neurri horrekin, Europar Batasunak ezarritako araudia aplikatzen zaie.

Teknologia eta jasangarritasuna

Obra hauek, honela, "aurrerapen nabarmena" suposatuko dute azpiegitura honen segurtasunean eta erosotasunean, eta, era berean, “urrats garrantzitsua emango da gure errepideak pixkanaka digitalizatzeko eta modernizatzeko; azken teknologiarekin, aurreratuak eta energetikoki eraginkorrak diren errepideak hain zuzen”, Oiarbidek azaldu duenez. Oindolar eta Gorosmendiko tunelak, ardatz osoko zaharrenak direnez, erabat berrituko dira. Gainera, drainatze-sistema berriei, isurketen eta suteen kontrolari, aireztapenari eta komunikazioari, LED bidezko argiztapen-sistema eraginkorra gehituko zaizkie, energia-kontsumoa % 40 murriztuko duena. Azpimarratzekoa da, halaber, istripuak kudeatzeko eta prebenitzeko sistema berria, ikusmen artifizialeko kamerak erabiltzen dituen Gertakariak Automatikoki Detektatzeko sistema duen telebista-zirkuitu itxia duena.

Elurrarekin itxi egingo da

Obrek eragin berezia izango dute elur-iragarpena 700 metrotik beherakoa denean eta errepidean elurra badago. Kasu horretan, elurra kentzeko kamioiekin trafiko-desbideratzeetan ibiltzerik ez dagoenez, errepidea erabat itxiko da, egoerak hala eskatzen duenean. Bi galtzadetan dauden mota guztietako ibilgailuei galaraziko zaie sartzea, Berastegiko lotunearen eta Andoaingo lotunearen arteko zatian. Oiarbidek azaldu duenez, autobidea ixten denean, Nafarroako taldeekin koordinatuko da trafikoa beste ibilbide batzuetatik desbideratzea. Gainera, GI-2130 errepidetik pasatzen diren kamioientzako debeku-seinale bertikalak jarriko dira, eta Trafiko Zuzendaritzarekin koordinatuko da etete hori eraginkorra izan dadin. Andoain-Iruña norabideko galtzada Andoainen moztuko da, eta ezin izango da ibilgailurik sartu. Iruña-Andoaingo noranzkoan, galtzada errei batera estutuko da Berastegiko lotunetik gertu, eta ibilgailuak lotunera desbideratuko dira. Lotunean, Ertzaintzak diskriminazioa egingo du ibilgailu astunak Nafarroara birbideratuz, A-15 errepidetik. Gainera, errepideko erabiltzaileek informazio zehatza jaso ahal izango dute Telegram bidez, ELURRA A-15 NIEVE izeneko taldean

Fasekako egokitzapena

Foru Aldundia lanean ari da A-15 errepideko tunelak hobetzeko, joan den legealditik, San Lorentzo-Larreko lanak hasi zirenetik, hain zuzen ere. Tarte horretako lanak amaituta daude bi norabideetan. Halaber, iazko maiatzean amaitu ziren Belabietako tunelean Iruñerako hodia hobetzeko lanak, eta, orain, Oindolarren (Donostiarako norabidean) eta Gorosmendin (Iruñerako norabidean) jarri dira martxan jarduketak. 2023an eta 2024an bi tunel horien lau hodiak berrituko dira; azkenik, 2024tik 2025era Belabietako tunelaren Donostiarako norabideko hodia egokituko da. Horrela, A-15ean Gipuzkoan ditugun 500 metrotik gorako tunel guztiak Europako zuzentaraura egokituta egongo lirateke 2025a amaitu baino lehen, Oiarbidek azpimarratu duenez.

  

5351