Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour AT sistema urtarrilaren 9an jarriko da martxan

AT sistema urtarrilaren 9an jarriko da martxan

Aintzane Oiarbide: "Garraiolariek hilabeteko epea izango dute, Irungo ordainlekuan diruz ordaintzea debekatu baino lehen"

2017/12/28

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak iragarri du urtarrilaren 9an jarriko dela abian AT sistema, gabonen ondoren. Era berean, jakinarazi du garraiolariek ezingo dutela diruz ordaindu Irungo ordainlekuan, kanonaren ordainketaren funtzionamendu egokia finkatzeko, zirkulazioaren segurtasuna eta fluxua bermatzeko, eta zirkulazioari ahalik eta gutxien eragiteko.

3,5 tonatik gorako kamioiei kanona kobratzeko sistema urtarrilaren 9ko 00:00etan aktibatuko da. Une horretatik aurrera, Irungo, Andoaingo eta Etzegarateko arkuetan erregistratutako zirkulazio guztiak kobratuko dira.

AT sistema abian jartzen denean, Irungo ordainlekuan diruz ordaintzen duten garraiolariei informazioko liburuxka bat eta tiket bat emango zaizkie, non jakinaraziko zaien trantsizio aldi batean daudela eta free-flow sistemarekin bateragarria den ordainarazpen bitarteko batekin uztartu behar dutela bere kamioia, hau da banku txartel batekin edo Via T gailuarekin. Oiarbidek aurreratu duenez, "gaur egun, garraiolarien        % 2,5ak bakarrik ordaintzen du dirutan, eta urtarrilaren 9tik aurrera, hau da, AT sistema abian jarriko den egunetik aurrera, garraiolariek hilabeteko epea izango dute Irungo ordainlekuan diruz ordaintzea debekatu baino lehen". Diputatuak gogorarazi du egiten diren joan-etorrien % 92an bateragarria den Via T gailua erabiltzen dela, eta % 5,40ak kontu korronte bati uztartuta dagoen txartel baten bidez ordaintzen duela; beraz, horietako inork ez du alta eman beharko sisteman, eta kanona automatikoki kobratuko zaio sistema indarrean sartzen denean.

Bidesari berria laster ezartzekoa denez, Bide Azpiegituretako diputatuak azpimarratu du garraiolariak erregistratu egin behar direla. Via T sistemarekin bateragarri den gailurik ez badute, ibilbidea N-I eta A-15 errepideetan barrena egiten duten garraiolariek erregistratu beharra izango dute, Bidegiren web orria (www.bidegi.eus;), urtarrilaren 3an aktibatuko dena, erabiliz, edo errepide sarean horretarako jarriko diren bost kioskoetakoren batean. "Lehenengo egunetan, kiosko horiek jarriko diren lekuetan langileak egongo dira informazioa emateko eta garraiolariei erregistratzen laguntzeko", jakinarazi du Oiarbide diputatuak.

Kioskoak puntu hauetan kokatuko dira: Oiartzungo zerbitzugunean (AP-8), bi noranzkoetan; Aritzetako bezeroaren arretarako gunean (GI-20); Alegiako zerbitzugunean, Gasteizerako noranzkoan (N-I), eta Etzegarateko zerbitzugunean. Garraiolariak bere datuak eta ordaintzeko modua sartu beharko ditu, eta erregistratuta geratuko da momentuan. AP-8 eta AP-1 errepideetarako Via T sistema duten garraiolariek ez dute tramiterik egin beharko, gailu hori bateragarria izango baita sistema berriarekin.

  

1432