Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Ataungo haurrak hasi dira ametsetako herriaren eraikuntzan

Ataungo haurrak hasi dira ametsetako herriaren eraikuntzan

‘Haurren Erabakia’ proiektuaren bitartez, Gipuzkoako bost hezkuntza zentrotako ikasleek etorkizuneko erronkak landuko dituzte, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan

2018/01/31

Gipuzkoako Foru Aldundiak ‘Haurren Erabakia’ proiektua abiarazi du, UNICEF-rekin elkarlanean, haurren eta nerabeen parte hartzea sustatzeko eta horien iritzi, ekarpen eta proposamenak politika publikoen diseinuan txertatzeko.  Gauzak horrela, parte hartze prozesu honetan gazteek herri mailako zein lurralde mailako lanketa egingo dute. Lehen kasuan, herriaren inguruko hausnarketa egingo dute. Gipuzkoa mailan, aldiz, etorkizuneko erronkei helduko diete, ondoren, Foru Aldundiaren aurrekontu irekietan parte hartu eta proposamenak eta ekarpenak egiteko. “Modu honetara, politika publikoen diseinuan haur eta nerabeen parte hartze eskubidea bermatu nahi dugu”, Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak adierazitakoaren arabera.

Urtarrilaren 10ean eta 11ean Ataungo Joxemiel Barandiaran Eskolako Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleek herri mailako azterketari ekin zioten. Herria ezagutzeko eta birpentsatzeko aukera izan zuten eta haurrak jabetu ziren gauzak aldatzeko eta proposamenak egiteko ahalmena zutela. Horren haritik, herriaren aldaketan eta hobekuntzan parte hartu nahi zutela adierazi zuten.

Aipatu saioetan lan metodologia parte hartzailea eta dinamikoa erabili zen, haurrengan sormena eta hausnarketa sustatzeko helburuarekin. 

Herriaren azterketan murgildu aurretik, eta haurrak gaian kokatzeko, ‘egia ala gezurra’ izeneko dinamika egin zen. Hezitzaileek zenbait baieztapen egin eta haurrek egia ala gezurrak ziren erabaki behar zuten, baieztapen horien inguruko hausnarketa sustatuz. Ondoren, talde txikitan banatuta eta herriko plano bat esku artean izanda, eurentzat garrantzitsuenak diren lekuak identifikatu eta leku horien inguruko hausnarketa egin zuten, hobetuko lituzketen egoerak zehazteko eta euren behar eta nahien araberako herriaren plano edo eredu berria diseinatzeko.

Lanketa eta proposamen abrasgarriak

Egindako tailerretan, besteak beste, sei gai garrantzitsu jorratu eta azpimarratu zituzten Joxemiel Barandiaran Eskolako ikasleek eta horien gaineko proposamen zehatzak ere egin zituzten.

Adibidez, herriko liburutegiari lotuta, liburutegiko ordenagailuak 16 urtetik beherako kideek ere erabiltzeko aukera aipatu zuten, betiere erabilera desegokia ekidite aldera, ordutegi zehatza jarrita. Bestalde, liburutegian gauzak aurkitzea zaila dela ere gaineratu zuten. Egoera horri buelta emateko liburuak adinka sailkatzea eta espazioa politagoa eta erosoagoa izatea proposatu zuten.

Herriko zinemari dagokionez, gauez helduentzako eta arratsaldez edo goizez oso ume direnentzako filmak besterik ez direla ematen plazaratu zuten. Proposamena izan zen proiektatu behar diren filmen inguruko gazteen iritzia jasotzea eta aintzat hartzea, horretarako iradokizunetarako postontzia jarriz.

Herriko plazan oso zaharkituta dagoen eraikina omen dago eta haurren aburuz oso baliagarria den espazio kentzen du. Hori dela eta, eraikina bertatik kentzea proposatu zuten, jolaserako aukerak areagotzeko.

Balio anitzeko Garbilene espazioaz esan zuten oso leku triste eta iluna dela eta kanpotik margotzeko eta apaintzeko proposamena egin zuten, hala nola, graffiti txapelketa bat eginez.

Bestalde,  Ataungo erdigunea eta ibaiaren beste aldean dauden 2 auzo lotzen dituen errepidearen aldamenean bidetxo bat dago eta hori lokaztu egiten da euriarekin. Beraz, oinez zein bizikletan ibiltzeko desegoki dagoela aipatu zuten.

Amaitzeko, guztiek adierazi zuten herrian igerilekua izateko nahia, baina proiektua bideraezina zela ikusita -horretarako azterketa egin baitzuten- Ataun ibai ertzean dagoenez, ibaiaren eremu sakonaren inguruko baliabide naturalak egokitzea proposatu zuten.

  

2052