Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Ate irekien jardunaldi arrakastatsu batekin esan dio agur Foru Aldundiak urteari

Ate irekien jardunaldi arrakastatsu batekin esan dio agur Foru Aldundiak urteari

160 lagunek bisitatuko dute foru jauregia gaurko egunean zehar, eta 1.500ek baino gehiagok egin dute beste horrenbeste iaz ekimena martxan jarri zenetik

2017/12/29

160 lagunek baino gehiagok parte hartuko dute gaurko egunean zehar Foru Aldundiak antolatutako ate irekien jardunaldian, goiz eta arratsaldez antolatutako bost txandetan. Bisita gidatua egin ahal izango dute, foru jauregia eta bertako areto azpimarragarrienak ezagutuz. Hango objektu, margolan eta elementu nagusien bitartez, ibilbidea egin ahal izango dute historian eta arkitekturan barrena. Era berean, Aldundiaren, Batzar Nagusien, horien eskumenen eta antolaketa administratiboaren inguruko azalpenak jaso ahal izango dituzte. Guztira, 1.500 lagunek baino gehiagok ezagutu dute Aldundia barrutik, iazko martxoan martxan jarri zen ekimen arrakastatsu honen eskutik. Bisitak amaitzerakoan, asebetetze inkesta egiten zaie parte-hartzaileei, eta bertan jasotako iritziak ere oso positiboak izan dira. Formatuan eta antolaketan hobekuntzak egiteko kontuan hartu dira ekarpen hauek.

Markel Olano Diputatu nagusiak eta Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak harrera egin diete gaur goizean visiten lehen txandako parte-hartzaileei. Olanok gogorarazi duenez, abuztuan eta abenduan egin ohi diren ate irekien jardunaldiez gain, hilabetero eskaintzen da aukera Aldundian doaneko bisita egiteko, larunbatean. Hori dela-eta, “gipuzkoar guztion etxea” ezagutzeko deia egin die herritarrei. Gipuzkoa@gipuzkoa.eus helbidera idatziz, 943-112111 telefonora deituz, edo foru jauregiko harreran bertan eman daiteke izena.     

Diputatu Nagusiak azpimarratu duenez, bisitaren bidez ibilbidea egin daiteke Gipuzkoaren, eta lurraldeko pertsona esanguratsuen historian barrena. Begi-bistako interesa dauka historia, arte edo arkitektura ondarearen ikuspegitik, bai eraikinak eta baita bertan dauden elementuek balio handia baitute. Horiei, duela gutxi frankismoaren biktimei eskaini genien Gipuzkoako Urrezko Domina erantsi behar zaie, jauregiko ohorezko leku batean ikusgai dagoena”. Haren esanetan, ekimen honek irudikatzen du erakundea egiten ari den lana “bere jarduera eta ibilbidea herritarrei gerturatzeko, ateak eta leihoak zabalduz, eta arlo guztietan gardentasunaren aldeko apustua eginez”. 

  

1412