Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aurrekontu Irekiak osatzeko ekimena Azkoitian izan da gaur

Aurrekontu Irekiak osatzeko ekimena Azkoitian izan da gaur

Aldundiak karpa jarri du Herriko Plazan, bere jardueraren inguruan kontuak eman, eta herritarren proposamenak bertatik bertara jasotzeko

2017/05/19

Foru Aldundiaren aurrekontu irekien ekimenak Azkoitian izan du atal berri bat. Horren bitartez, gipuzkoar guztiek parte hartu ahal izango dute Foru Aldundiaren 2018ko aurrekontuen osaketan. Azkoitiarren lehentasunak eta proposamenak jaso, aztertu eta aurrekontuetan txertatzeko helburuarekin, karpa jarri da Herriko Plazan. Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak bertan azaldu duenez, Aldundiak herritarrei gerturatzeko ahaleginean dihardu burubelarri: “Oraindik ere erakundea oso ezezaguna da askorentzat, eta ezagutzen ez dena ez da ulertzen. Aurrez aurreko komunikazioa lantzen ari gara horri buelta emateko, bi helbururekin: Aldundia zertan aritzen den azaltzea xehetasun guztiekin, datuen bitartez, eta herritarrak parte hartzera animatzea, haien beharrei pultsua hartuz, eta haien proposamenak pertsonalki entzunez”.

Karpa 10:00etatik 19:00etara egon da zabalik. Aurreko egunetan ez bezala, eguraldia aldekoa izan ez bada ere, adin guztietako hainbat lagun gerturatu dira. Arretarako teknikariak izan dira bertan, parte hartzeko interesa dutenei Aldundiaren aurrekontuen edukia azaltzeko, laguntza eskaintzeko, zalantzak argitzeko, eta proposamenen bilketa sustatzeko.

Gainera, Joseba Muxika Herritarren Partaidetzako zuzendariak lagunduta, Lasak topaketa egin du goizean Urolako Lanbide Eskolako Administrazio eta Finantzetako, eta Fabrikazio Mekanikoko ikasleekin, haiekin ekimena partekatu asmoz. Diputatua herriz herri egiten ari den bileretan, gazteak protagonismo handia ari dira edukitzen, haiek baitira askotan Aldundia “urrun” sentitzen dutenak. “Gipuzkoa proiektu komuna eta kolektiboa izatea nahi dugun heinean, ezinbestekoa da gazteak inplikatzea, haiek direlako gure gizartearen etorkizuna”.

Eskolako gazteek Aldundiaren aurrekontuetarako proposamenak egiteko aukera izan dute bukaeran, etxez etxe banatutako eskuorria beteta. Halaber, kezka adierazi diote Diputatuari hainbat konturen inguruan, hala nola krisialdiaren ondorioz langileen lan baldintzek jasandako atzerakada, edota langileen partaidetza bultzatzeko, enpresariak kontzientziatu beharra. Lasak erantzun du oraindik lan handia dagoela egiteko enplegua sustatzeko, eta hori dela Aldundiaren lehentasunetako bat, industria eta, batik bat, etorkizuneko sektore estrategikoak sendotzea kalitatezko lanpostuak sortzeko: fabrikazio aurreratua, biozientziak, elektromugikortasuna eta zibersegurtasuna, adibidez. Era berean, zerga politikan egin beharreko aldaketen inguruan eztabaidatu dira. “Oso ariketa positiboa eta aberasgarria” izan dela nabarmendu du Lasak bukaeran.   

Diputatuak gogorarazi duenez, karpara joateko aukerarik eduki ez duten azkoitiar guztiek ere, norbanakoak edo kolektiboak izan, beraien proposamenak aurkez ditzakete ekainaren 30era arte, etxez etxe banatutako esku orria bete eta udaletxeko erregistroan entregatuz. Internet bidez ere parte hartu ahal izango da, gipuzkoa.eus/partaidetza webgunean, aurrekontu irekien atalean. Internet bidez ere parte hartu ahal izango da, gipuzkoa.eus/partaidetza webgunean, aurrekontu irekien atalean. Proposamenak bidaltzeaz gain, bi aukera ematen zaizkie herritarrei: haientzat Gipuzkoaren etorkizuneko erronka nagusia zein den zehaztea, eta Aldundiak zein arlotan inbertitzea nahiko luketen adieraztea. 16 urtetik gora edukitzea da baldintza bakarra.

Proposamen guztiek erantzuna edukiko dute memoria batean, arrazoituko duena zeintzuk onartzen diren, zeintzuk ez, eta zergatiak. Parte-hartzaile guztiei helaraziko zaie memoria 2018ko urtarrilean. Horrez gain, aurrekontuetarako onartutako eskaera edo proiektuak nola gauzatzen diren jarraitu ahal izango da.

Aurrekontu irekien karpa herriz herri ibiliko da, Gipuzkoako 37 udalerritan guztira, maiatza eta ekaina bitartean. Bihar, Zarautzen txanda izango da. Partaidetza@gipuzkoa.eus posta elektronikoan, eta 943 113960 telefonoan, proposamenak bidaltzeko epea zabalik dagoen bitartean, interesa duten guztiek informazioa eta aholkularitza jaso ahal izango dute horiek prestatzeko

  

1591