Aurrekontuetan dutena baino zortzi milioi gehiago jaso ditzakete Gipuzkoako udalek UFFFtik 2019an
Aurrekontuetan dutena baino zortzi milioi gehiago jaso ditzakete Gipuzkoako udalek UFFFtik 2019an
Aurreikuspenen arabera, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsak 526 milioi eurorekin itxiko du urtea, errekor historikoa bosgarren urtez jarraian hobetuz
Udalen Finantzaketarako Foru Funtsak (UFFF) 526 milioi euroko zuzkidurarekin itxiko du 2019 urtea, pasa den ostiralean Gasteizen egin zen Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan adostutako aurreikuspenen arabera. Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur ezagutarazi dizkie datu hauek eta herriz-herriko banaketa udalen ordezkariei (EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearen bitartez), foru jauregian egin den Gipuzkoako Finantza Kontseiluan. Aurreikuspenak betez gero, funtsak bosgarren urtez jarraian hobetuko luke bere errekor historikoa, aurrekontuan jasotakoa %2,28 hobetuz.
Funtsaren behin betiko likidazioa datorren otsailean egingo den Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan egingo da, orduan egin ohi baita aurreko urtearen behin betiko likidazioa. Beraz, orduan argituko da zein izango den 2019ko UFFFren zuzkidura. Datorren urteari begira, aurreikuspenek hazkundearen bidetik jarraituko dutela iragarri diete foru ordezkariek udalen ordezkariei. Zehazki, eta betiere aurreikuspenen arabera, funtsa 18 milioi euro haziko litzateke, 2019ko aurrekontuarekin alderatuta (+%3,55).
Topaketan izan dira, Foru Aldundia ordezkatzen, Ogasun eta Finantzetako diputatu den Jabier Larrañaga; Gobernantza diputatu den Eider Mendoza; Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatu den Denis Itxaso; Ingurumen eta Obra Hidrauliketako diputatu den Jose Ignacio Asensio; eta Zerga eta Finantza Politikako zuzendari den Bittori Zabala. EUDELen aldetik, Gipuzkoako Finantza Kontseiluan parte hartu duen ordezkaritza honako pertsona hauek osatu dute: Ane Beitia, Elgoibarko alkatea; Izaro Elorza, Oñatiko alkatea; Miguel De los Toyos, Eibarko alkatea; Eneko Maioz, Orexako alkatea; eta Jaime Dominguez-Macaya, Donostiako Udaleko Ogasun eta Finantzetako zinegotzi delegatua.
2338