Aurtengo udaran %34 zabor gutxiago Gipuzkoako hondartzetan
Aurtengo udaran %34 zabor gutxiago Gipuzkoako hondartzetan
José Ignacio Asensio: “Sentsibilizazio kanpainek eta herritarren konpromisoak hobekuntza hau posible egin dute. Ezinbestekoa da gure hondartzen kudeaketa jasangarria egiten jarraitzea itsasoetako hondakinen eta plastikoen arazoari aurre egiteko; Gipuzkoak egun duen ingurumen arazorik larrienetako bat baita”.
2019ko urtarrilaren 1etik irailaren 15era bitartean 491.529 kilo hondakin bildu dira Gipuzkoako hondartzetan, aurreko urtean baino %29 gutxiago. Udako denboraldian berriz, (ekainaren 1etik irailaren 15era artean), murrizketa hare handiagoa izan da. 199.369 kilo hondakin jaso da, 2018. urtean baino %34 gutxiago; izan ere, 303.716 tona bildu ziren lehengo urtean. Hondartza guztietan gutxitu da hondakinen sorrera, 2018an nabarmendu zen beheranzko joerari eutsiz. Mutriku, Deba eta Hondarribiko herriak nabarmentzen dira, zeintzuk hondakinen sorrera %68, %52 eta %50 gutxitzea lortu duten. Datuak 2017koekin alderatzen baditugu, gutxitzea %52koa izan da; izan ere, 2017ko hondartzen denboraldian 422.012 kilo hondakin bildu ziren.
Foru arduradunak nabarmendu du erregistratutako datuek gipuzkoarrek birziklapenarekiko duten konpromisoa eta kontzientziazio zein sentsibilizazio kanpainen eraginkortasuna adierazten dutela. Zentzu honetan, Asensiok hitzeman du Gipuzkoako hondartzen kudeaketa jasangarri eta integralean lan egiten jarraituko duela: “Lanean ari gara herritarrei kalitatezko eta bikaintasuneko zerbitzua eskaintzeko eta gure hondartzen kudeaketa jasangarria egiteko. Ezin dugu ahaztu gure itsasoetan hondakinen eta plastikoen arazoa Gipuzkoak aurre egin beharreko ingurumen arazorik larrienetako bat dela”, adierazi du Asensiok.
Gure hondartzetan gaikako bilketaren eta plastikoaren eraginaren inguruan kontzientzia sortzeko jarri zuen martxan Ingurumeneko Departamentuak hondartzen sentsibilizazio kanpaina hain zuzen ere. Kanpaina Emaús Gizarte Fundazioarekin eta AECC Gipuzkoarekin elkarlanean burutu da edukiontzi batean kokatutako informazio gune ibiltari baten bitartez. Gune ibiltariak Zarauzko hondartzan ekin zion bere lanari eta Donostiako Kontxan amaitu zuen abuztuaren. Ekimen honek inpaktu, harrera eta herritarren parte-hartze handia izan du, haurren artean interes berezia sortuz. Guztira, 10.593 pertsonari arreta eman zitzaion gune ibiltarian, 6.890 heldu eta 3.703 haurrei. Azaleko minbizia prebenitzeko kanpainan berriz, 1.378 pertsonak parte hartu zuten; horietatik 793 gazte, haur eta nerabe.
Sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpaina honi esker, Ingurumeneko Departamentua Gipuzkoako hondartzetako ontzi eta bilgarrien sorreraren problematikaz eta herritarren sentsibilizazioan lan egiten jarraitzeko beharraz jabetu da.
Bideometria sarea
Aurten Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak Gipuzkoako itsasertzeko bideometria sarea osatu du 5 instalazio berri gehituz. Sistemak erabiltzaileen dentsitatearen inguruko informazioa eskaintzen du eta hondartzetara egunero joaten direnen datua kalkulatzen du. Korronte eta olatuen mapak egiten ditu ere, eta bainu-hartzaileentzat arrisku gehieneko bainu guneak zehazten ditu. Hori baliagarria da sorospen zerbitzuentzako. Azkenik, denboran zehar hondartzaren forma nola aldatzen den erakusten du (harearen espazioa galtzea, harearen banaketan izandako aldaketa…). Hortaz, Klima Aldaketak hondartzetan duen eragina ezagutzea eta behatzea posible egiten du eta baita kosta lerroaren eboluzioa ere, egokitzapen neurriak aurreikusteko.
Bideometria sareari esker, Zarautz, Orio, Hondarribia, Getaria, Zumaia, Deba eta Mutrikuko erabiltzaile kopurua zenbatetsi da. Gipuzkoako hondartza guztietan 693.034 erabiltzaile egon dira 2019ko ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean. Nabarmentzekoak dira Hondarribia eta Zarauzko hondartzak, non 237.327 eta 215.870 erabiltzaile egon diren hurrenez hurren.
Bideometria sareak posible egiten du ere korronte eta olatuen mapak sortzea, bainu-hartzaileentzat arrisku gehieneko bainu guneak zeintzuk diren zehaztuz. Hori baliagarria da sorospen zerbitzuentzako. Udara honetan zehar, 91 erreskate zenbatetsi dira; 46 Zarautzen, 24 Zumaian, 12 Orion, 5 Deban eta 4 Getarian.
Denboran zehar hondartzaren forma nola aldatzen den ikus dezakegu ere bideometria sareari esker (harearen espazioa galtzea, harearen banaketan izandako aldaketa...). Hortaz, Gipuzkoako kostaldean klima aldaketaren eraginak ikusi eta ezagutu ahal izango dira eta baita itsasertzaren eboluzioa ere, egokitzapen neurriak aurreikusteko.
Irisgarritasuna eta garbiketa
2020ko hondartzen denboraldiaren hasieran irisgarriak izango dira Gipuzkoako hondartza guztiak. Irailean Getariako Gaztetape hondartzaren irisgarritasuna hobetzeko obra-lanei hasiera eman zitzaion. Urrian zehar Getariako Malkorbe hondartzan eta Debako Santiago eta Lapari hondartzetan obra-lan gehiagori ekingo zaie. Jarraian, Hodarribiko hondartzan eta azkenik, Orioko Antilla eta Mutrikuko Portu hondartzetan.
Ingurumeneko Departamentuak 330.000 euroko inbertsioa egingo du hobekuntza lan hauetarako. Eskailera berrien garbiketa eta konponketa, sarbiderako arrapalen egokitzapena, baranda eta eskubanden instalazioa, hondatutako osagaien berritzea eta hormen handitzea burutuko dira besteak beste.
1688