Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Volver Azahara Domínguez diputatuak Isabel Pérez Marcos Lurraldebuseko gidariaren "ausardia, kemena eta gizatasun aparta" aitortu ditu

Azahara Domínguez diputatuak Isabel Pérez Marcos Lurraldebuseko gidariaren "ausardia, kemena eta gizatasun aparta" aitortu ditu

Azkar jokatuta, autobusean zihoala bihotzekoak eman zion Lurraldebuseko erabiltzaile baten bizitza salbatu zuen. Hori dela eta, astelehen honetan, aitortza egin zaio Aldundian egindako ekitaldi batean, non Susana García Chueca Mugikortasun Iraunkorreko sailburuak ere parte hartu duen.

2025/03/10
Isabel Pérez Marcos Lurraldebuseko gidariari egindako omenaldia

Isabel Pérez Marcos Lurraldebuseko gidariari egindako omenaldia


Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak Isabel Pérez Marcos Lurraldebuseko gidaria aitortu du astelehen honetan, autobusean zihoala bihotzekoak eman zion erabiltzaile baten bizitza salbatu eta gero.
Aitortza, Gipuzkoako Foru Aldundian izan da eta bertan, hunkituta azaldu den Isabel Pérez Marcosen senitartekoak eta lakideak izan dira, baita Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriko sailburua ere.
Diputatuak azaldu duenez, gertakaria azaroaren 15ean izan zen, Isabel Pérez Marcos UK10 (Zumaia>Donostia) lineako 7: 45etako zerbitzua betetzen ari zela. Donostiara iristerakoan, unibertsitateetan zegoela autobusaren erabiltzaileetako batek konortea galdu zuela ohartu zen. Bizi-konstanteak hartu eta pultsurik ez zuela ohartu ondoren, autobusa hustu eta bihotz-biriketako bizkortze maniobra bat egin zion anbulantzia iritsi zen arte, eta erabiltzailea egonkor eraman ahal izan zuten Donostia Ospitalera. " Bidezkoa da Lurraldebuseko gidari Isabel Pérez Marcosi jendarurrean aitorpen hau egitea, autobusean zihoan erabiltzaile batek bihotzekoa izan eta modu heroikoan bizitza salbatu baitzion. Zalantzarik gabe, izandako erantzun azkarra, tentsio goreneko une batean izan zuen lasaitasuna eta erabakiak presiopean hartzeko gaitasuna funtsezkoak izan ziren tragedia saihesteko. Izan ere, zalantzarik gabe esan dezakegu egun hartan Isabelek salbatu zuela bidaiari haren bizitza", adierazi du Azahara Dominguez diputatuak.
"Ekitaldi hau ez da Isabelen giza kalitatearen testigantza bakarrik, gure garraio publikoko zerbitzuko langile guztiek egunero erakusten duten dedikazioaren eta konpromisoaren erakusgarri ere bada. Garraio publikoan lan egiten duten pertsonek erantzukizuna, enpatia, pazientzia eta ustekabeko egoerei aurre egiteko gaitasuna behar dute. Eta Isabelen adibideak bidea markatu behar digu", gaineratu du Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru arduradunak.
"Ezin dugu ahaztu garraio publikoaren zerbitzuaren atzean gidariak, operadoreak, teknikariak, arretako langileak, mekanikoak... daudela, eta horiek ahalbidetzen dutela egunero gure lurraldea modu jasangarrian, erosoan, seguruan eta irisgarrian konektatzea. Haiek dira, beren etengabeko lan konprometituarekin, zerbitzuak funtziona dezan eta herritarrek beren benetako beharretara egokitutako zerbitzu bat izan dezaten eragiten dutenak, pertsona guztiei bizitza ibilgailu pribatu bat eduki beharrik gabe garatzeko aukera ematen dietena. Ezin baitugu ahaztu familia askok ez dutela ondasun hori izateko sarbidea", amaitu du.
Bestalde, Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriko sailburuak, Euskotrenen buru denak (UK10 linearen emakidadun enpresa publikoa), nabarmendu du profesional hori "eredugarria" dela "langile guztientzat, bere eguneroko lanaren testuinguruan irmotasun-adibide bat baino gehiago izan delako tentsio handiko, gizalegezko eta konpromiso sozialeko egoera baten aurrean". García Chuecak nabarmendu du garrantzitsua dela enpresek lehen sorospenetako prestakuntza sustatzea (Euskotrenen kasuan, 238 lagunek jaso dute prestakuntza hori 2024an), eta desfibriladoreak instalatzea gune estrategikoetan edo jende asko biltzen duten guneetan (sozietate publiko horren 30 tren geltokitan instalatuta daude dagoeneko).
Azkenik, Lurraldebuseko gidari Isabel Pérez Marcosek omenaldia eskertu du eta oso hunkituta agertu da bere senide eta lankideen presentziarekin. Gainera, garraio publikoaren sektorean lan egiten duten pertsona guztien lana goraipatu du: "Autobus gidarien gremio honetan lan egiten dugun guztiok oso arduratsuak gara eta badakigu zer daramagun esku artean. Edozein larrialdi-egoeratan, gure esku dagoen guztia egiten dugu, ahal denaren barruan. Horregatik, gu guztion lana nabarmendu nahi dut".
 

  

3140