Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour AZAROAREN 25EKO ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

AZAROAREN 25EKO ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA DESAGERRARAZTEKO NAZIOARTEKO EGUNA

Nazio Batuen Batzar Nagusiak azaroaren 25a izendatu zuen Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna. Hori dela eta, lehenengo eta behin, tinkotasun osoz arbuiatu nahi ditugu indarkeria sexista mota guztiak (fisikoa, psikologikoa, sexuala, sinbolikoa...), eta, aldi berean, gaitzetsi nahi ditugu sexismoaren adierazpide guztiak.

Emakumeen aurkako indarkeriak emakumeek bizitzaren eremu ezberdinetan jasaten duten egiturazko desberdinkerian ditu erroak. Izan ere, gizartean eta familian, sexuaren araberako zereginen eta arduren banaketa tradizionala egiten da, eta banaketa horrek gizonen azpitik jartzen ditu emakumeak. Emakumeen aurkako indarkeria desberdintasun horren beste isla bat da –guztietan larriena, ziurrenera–, baina, horrez gain, gizartea kontrolatzeko funtsezko tresna bat ere bada, desberdintasun egoerari eusten eta iraunarazten dion neurrian.

Egiturazko arazo horri modu globalean heldu behar zaio berdintasun politiken bitartez; hala, Gipuzkoako Foru Aldundiak erantzun integral bat ematen dio emakumeen aurkako indarkeria matxistari aurre egiteko abiarazi duen Aurre! foru planaren bidez. Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko herritar eta gizarte eragile oro gonbidatzen du printzipio horrekin bat egitera, eta indarkeria ozen eta irmo salatzera. Era berean, gainerako erakundeak animatzen ditugu berdintasun politikak bultzatzen jarrai dezaten, lurraldeko talde feministekin eta emakume elkarteekin lankidetzan. Ezin dugu beste alde batera begiratu emakumeek emakume izateagatik jasaten duten indarkeriaren aurrean.

Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, berretsi egiten dugu irmo jarraituko dugula emakume eta gizonen berdintasuna lortzeko politikak bultzatzen. Indarkeria sexistaren arloan, zehazki, konpromiso hauek hartzen ditugu:

Indarkeria sexistaren aurkako foru politiketan sakontzen jarraituko dugu, lau esparru hauetan: ikerketan, prestakuntzan, prebentzioan eta arretan (lehenengo biak azken bien zerbitzura daude).

 Indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko zerbitzuak hobetzen jarraituko dugu, inplikatutako gainerako erakundeekin koordinazio estuan, erantzun integral bat emateko indarkeria matxista jasan dutenen erreparazio eta ahalduntze prozesuei.

 Indarkeria sexistaren aurkako lana beste esparru batzuetara zabalduko dugu, hala nola laneko jazarpen sexistaren prebentziora.

 Gipuzkoako kontziliazio erantzunkideko foru plana garatzeko urratsak egingo ditugu, tresna horren bidez burutuko baitugu gizarte berdinzaleago baterantz egiteko beharrezkoa eta premiazkoa den eraldaketa soziala.

 Gazteak sentsibilizatzean eragingo dugu indarkeria matxista prebenitzeko helburuz, belaunaldi berriek ez dezaten errepikatu beren bizitzan emakumeek jasaten duten egiturazko desberdinkeria.

Herritarrei dei egin nahi diegu berdintasunaren alde eta indarkeria sexistaren aurka aurpegia ematera, urteko egun guzti-guztietan, eta azaroaren 25ean izango diren ekitaldietan parte hartzera. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren bidean, gure konpromiso aktiboa gure gizarteak behar duen eraldaketaren ernamuina izatea nahi genuke.

  

2355