Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Azken txanpan sartu da Gipuzkoako bakardadeen aurreko estrategiaren diseinua

Azken txanpan sartu da Gipuzkoako bakardadeen aurreko estrategiaren diseinua

Gaur hasi da Errenterian parte hartze prozesua udalekin eta tokiko eragileekin, beraien ekarpenak jasotzeko eta Hariak estrategia osatzeko.

Azken fasean sartu da Gipuzkoan sustatutako Hariak estrategia, nahi ez diren bakardadeei aurre egitea helburu duena; izan ere, ekarpenak biltzeko parte hartze prozesua hasi da gaur udalen, tokiko eragileen eta hirugarren sektoreko entitateen eskutik. Horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik bideratzen duten ibilbide orriaren bitartez, bakardadeen fenomeno “zabalari” buruzko hainbat esperientzia, ezagutza eta iritzi bildu nahi dira. Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatuak adierazi duenez, "gero eta gaitasun, baliabide eta tresna gehiago izan nahi ditugu bakardadeei aurre egiteko, toki mailatik, komunitatetik, berrikuntzatik eta esperimentaziotik abiatuta".

Parte hartze prozesua hasi da gaur Errenterian eta, bertan, Oarsoaldea eskualdeko lau udaletako ordezkariek parte hartu dute -Errenteria, Pasaia, Oiartzun eta Lezo-; halaber, tokiko eragileek, hainbat kolektibo sozialetako ordezkariek eta hirugarren sektoreko entitateek parte hartuko dute bigarren saio batean. Hariak estrategiaren bidez, Foru Aldundiak eta Adinberrik bakardadeei buruzko elkarrizketa publiko bat sortu nahi dute, loturak eta gizarte harremanak sendotzeko eta, horrela, bakardade egoerak prebenitzeko edo gainditzeko. Estrategia hori elkarlanean eraikitzen ari da, ikuspegi zabal eta kolektibo batekin, eta ekintzari oso lotuta. Horretarako, prozesuaren hasieratik eremu soziosanitarioko adituek, ikertzaileek, udalek eta hirugarren sektoreko erakundeek parte hartu dute.

Maite Peñak gogorarazi du Gipuzkoan 55 urtetik gorako pertsonen %5,5a bakarrik sentitzen dela, baina zeharkako bakardadea edo bakardade pribatua %29,5ekoa dela. "Desberdintasun hori bakardadeari lotutako estigmak eragiten du batez ere. Bakardadeei aurre egitea erronka sozial eta kolektiboa da; izan ere, gai pertsonala izan arren, eragin handia du gizartean, eta estrategia globala eta partekatua behar du. Lehen mailako erronka da, baina aukera-testuinguru batean mugitzen gara", adierazi du Peñak, eta estrategia osatzeko eta amaitzeko, “inplikatutako eragileen ekarpenak jaso nahi ditugu, zer egiten den jakiteko, eta, horrela, bakardadeei buruzko elkarrizketa publikoa sortzeko, betiere bakardade egoerak prebenitzeko edo gainditzeko baliagarri izango diren loturak eta harremanak sendotzeko asmoz".

Estrategiaren lehen zirriborroan, lau lan-ibilbide eta 12 esku-hartze mota jaso dira, eta, ildo horretan, diputatuak azpimarratu duenez, "sare gero eta indartsuagoa eraiki nahi dugu, bakardadeei aurre egitera bideratutako jarduketa eraginkorrak, berrikuntzaren ikuspegitik, sortze aldera. Horretarako, esku hartzeko jarduketak sustatuko dira, bakardade egoerei, bakardade-arriskuko egoerei eta harreman-inklusioko egoerei erantzun ahal izateko".

Lehenengo saioa gaur egin da, maiatzaren 24an, eta, uztailaren 15era arte, saio bikoitzak egingo dira Gipuzkoako eskualde guztietan, non lurraldeko udal guztiak gonbidatuko diren parte hartzera. Diputatuak azaldu duenez, parte hartzeko prozesua amaitu ondoren, Gipuzkoako bakardadeen aurreko Hariak estrategiaren idazte fasea bukatuko da, eta estrategia horren aurkezpena egingo da lurralde osoan aplikatzeko, "eta, horrela, zaintzen arloan eta eragile bakoitzak jokatu behar duen rolean sakontzen jarraitzeaz gain, belaunaldi arteko harremanak sendotzeko ahalegina egingo da, berrikuntzaren eta esperimentazioaren ikuspuntutik".

Bestalde, Adinberriko zuzendari Rakel San Sebastianek Hariak estrategiaren "izaera parte-hartzailea eta esperimentala" azpimarratu nahi izan du, gizarte eta osasun arloko hainbat adituren ezagutza eta esperientzien gainean eraikitzen ari dena: "Egiten ari garen lana hausnarketa prozesu zabal batean oinarritzen da. Bakardadeen inguruko hainbat ikerketa eta elkarlan hartu ditugu oinarri eta, orain, udalerrien eta tokiko eragileen esperientzia gehituko dugu", gaineratu du.

  

1473