Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Azkoitia eta Urretxu arteko errepidea hobetzeko lanak hasi dira

Azkoitia eta Urretxu arteko errepidea hobetzeko lanak hasi dira

Jarduketak 7,8 milioi euro inguruko aurrekontua du, eta GI-631 errepidea hobetzeko proiektuan aurreikusitako hiru aurreratze tarteetako lehena da.

2021/06/08

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur hasi ditu, ekainak 8, asteartea, GI-631 errepidea hobetzeko obrak, Azkoitia eta Urretxu artean. Lanek 7.759.602 euroko aurrekontua dute, eta aurreikuspenen arabera, 15 hilabeteko iraupena izango dute. Obraren helburua da egungo errepidearen trazadura hobetzea eta errepidearen plataforma handitzea, bi erreitik hiru erreira, 1,3 kilometroko tarte batean, gutxi gorabehera bi udalerrien arteko ibilbidearen erdian, Aizpurutxo auzotik gertu.

Horrenbeste espero izan den obra honi hasiera emateko, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak Azkoitiko eta Urretxuko alkateak, Javier Zubizarreta eta Jon Luqui izan ditu lagun, eta pozik agertu dira obrei hasiera eman zaielako. «Azkoitia eta Urretxu artean GI-631 errepidea berritu eta hobetzea da, gaur egun, Foru Aldundiarentzako proiektu estrategikoetako bat», adierazi du Bide Azpiegituretako diputatuak,  proiektu horrek Urola eskualderako duen irismen handia azpimarratuz. «Errepide horrek dituen 13 kilometroak oso garrantzitsuak dira ibilbide hori erabiltzen duten milaka gidarirentzat, bai Zumarragako erreferentziako ospitalera joateko, bai bertatik Gipuzkoako gaitasun handiko biribilgunearekin konektatzeko. Lanek aukera emango dute joan-etorri horien segurtasuna eta erosotasuna hobetzeko», azaldu du foru arduradunak.

«Bizilagunak aspalditik ari ziren eskatzen Azkoitia-Urretxu errepidea hobetzeko, eta hori zor genien. Hainbeste espero eta eskatu den jarduketa honekin, bide segurtasunean eta denboran irabaziko dugu. Zumarragako Ospitalera, Beasain-Bergara autobidera eta Ezkio-Itsasoko euskal Y-aren geltokira hurbilduko gaitu. Gure mugikortasunerako funtsezkoa da, sarrerako eta irteerako bi bideetako bat baita», adierazi du Azkoitiko alkate Javier Zubizarretak.

Bestalde, Urretxuko alkate Jon Luqui jaunak eskerrak eman dizkio Aldundiari Urola Erdiko udalerriekin hartutako konpromisoa betetzeagatik. «GI-631 errepidea hobetzeko obrekin jarraitzeak esan nahi du, batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuak gure udalerriekin hartu zuen konpromisoari eusten diola egiaztatzea, –eta hori oso pozgarria da– eta, bestetik, gero eta gertuago ikustea ibilbide denbora laburragoa eta segurtasun handiagoa errepide zati horretatik igarotzeko orduan; zalantzarik gabe, hilabete gutxi batzuen buruan laburragoak irudituko zaizkigu 13 km horiek. Afekzioak ezingo ditugu saihestu, baina mereziko dute, eta horregatik, ohiko gidariei pazientzia edukitzea eskatzen diegu».

 

Obra honekin, herrien arteko bidaia denborak murrizteaz gain, aurreratzeen segurtasuna areagotu nahi da. Hori lortzeko, aurreratze tarteak eraiki nahi dira, norabide batean eta bestean txandaka jarrita. Horrela, egungo errepidearen plataforma handitu egingo da, bi erreitik hiru erreira, 1,3 km-ko luzera duen tarte batean, Urretxu eta Azkoitia arteko 13 kilometroko ibilbidearen erdian, non lurraren orografiak eta geologiak erraztasun handiagoa eskaintzen duen hori egiteko. Horrela, noranzko bakoitzean, txandaka, aurreratzeko tarte seguru bat egin ahal izango da, 400 metrokoa bakoitza.

Horrekin batera, errepide zati horretan dauden hainbat sarbideren segurtasuna hobetzeko jarduketak ere aurreikusten ditu proiektuak, eta horretarako, itxaroteko erdiko erreiak jarriko dira. «Proiektu honek erronka handi bat ekarriko du; izan ere, errepidea irekita mantenduz egin behar dira obrak, eta trafiko handiko bidea da; 3.300 ibilgailuk baino gehiagok erabiltzen dute egunero errepide hori, eta horietatik % 10 baino gehiago astunak dira», zehaztu du Oiarbidek, eta GI-631 errepidea hobetzeko proiektuaren barruan tarte hori egiteak duen garrantzia azpimarratu du.    

Era berean, nabarmendu duenez, obra hori egiteak lurralde orekaren aldeko apustu garbia islatzen du, eta, beraz, barneko bi eskualdek, Urola Garaiak eta Urola Erdiak, hobetu egingo dituzte konexioak, eta, horrela, eremu horretako sare ekonomikoaren lehiakortasuna indartuko da. «Errepide sare erosoa, modernoa eta segurua izatea ere funtsezkoa da gure enpresentzat eta egunero lantokietara joaten diren langile guztientzat», azpimarratu du, eta adierazi du azpiegituretan inbertitzea ere oso kontuan hartu beharreko faktorea dela sustapen ekonomikoaren aldeko politikak bultzatzeko orduan.

Horixe da errepide hori hobetzeko proiektuan aurreikusitako hiru aurreratze tarteetatik lehenengoa. GI-631 errepidea hobetzeko proiektuak 45,5 milioi euroko aurrekontua du, eta obrak 2020an hasi ziren, Aizpurutxo auzoko zeharbidea hobetzeko lanekin. Aurreikusitako beste esku hartzeen artean, aurreratzeko erreiak dituzten hiru tarte eraikiko dira – lehenengoa da hau–, eta horietan bihurguneen erradioak eta ikusgarritasuna areagotuko dira. Horrez gain, Urretxuko sarreran zortzi bihurgune eta laugarren tarte bat hobetzeko asmoa dago. Laugarren tarte horretan trazadura ere hobetuko da. «Jarduketa horien bidez, nabarmen hobetuko da errepide horretatik igarotzen den trafikoaren arintasuna eta segurtasuna», adierazi du foru diputatuak.

  

2376