Azkoitia-Urretxu errepidearen berrikuntza "bete-betean" sartuko da 2021ean, erreien zabaltzearekin
Azkoitia-Urretxu errepidearen berrikuntza "bete-betean" sartuko da 2021ean, erreien zabaltzearekin
Aizpurutxoko jarduketa sartu da bere azken fasean Urola ibaiaren gainean oinezkoentzako pasabide bat jarrita; GI-631 errepidearen erdiko zatiko obraren lizitazioa 2020a amaitu baino lehen egingo da.
Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok Gipuzkoako Foru Aldundia Aizpurutxo auzoan (Azkoitia) egiten ari den oinezkoentzako bidea egiteko lanak bisitatu ditu, Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen GI-631 errepidea berritzeko eta hobetzeko proiektuaren baitan. Olanok bertatik bertara ikusi du, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuarekin eta Javier Zubizarreta eta Jon Luqui Azkoitia eta Urretxuko alkateekin batera, lehenengo esku-hartze honetako lanen martxa ona. Urola ibaiaren gainean oinezkoentzako pasabidea jartzearekin batera obra hau bere azken fasean sartu da eta azaroko lehen hamabostaldian amaitzea aurreikusten da.
Bisita horretan, Olanok iragarri du Azkoitia-Urretxu errepidearen berritzeak martxan jarraituko duela; izan ere, GI-631 errepidearen erdiko zatia handitzeko obraren lizitazioa urtea amaitu baino lehen egingo da. Aizpurutxoko zeharbidea berritu ostean, Urola Garaia eta Urola Erdia eskualdeetarako "ezinbestekoa" den errepide horren trazadura lanak datorren urtean hasiko dira "bete-betean".
"Foru Aldundiaren proiektu estrategikoetako bat bide hori berritzea eta hobetzea da”, adierazi du diputatu nagusiak eta esku-hartze hori Urola bailarako biztanleen "aldarrikapen historikoa" dela gaineratu du. "13 kilometro horiek oso garrantzitsuak dira ibilbide hori erabiltzen duten milaka gidarientzat, bai Zumarragako erreferentziazko ospitalera joateko, bai hortik Gipuzkoako ahalmen handiko biribilgunera konektatzeko. Lan horiei esker, erabiltzaileen segurtasuna eta erosotasuna hobetuko da ", azaldu du diputatu nagusiak.
Era berean, Olanok azaldu duenez, "Lurralde orekaren" aldeko "apustu garbia" egin dute, eta, ondorioz, barnealdeko bi eskualdek, Urola Erdiak bereziki, konexioak hobetuko dituzte, baita inguruko industriaren "lehiakortasuna" ere. "Errepide-sare erosoa, modernoa eta segurua izatea funtsezkoa da gure industriarentzat eta egunero mugitzen diren langile guztientzat", azaldu du.
Proiektuak 45,5 milioi euroko aurrekontua du, eta hainbat fasetan egingo da, bai arrazoi ekonomikoengatik, bai obrak irauten duen bitartean bidea irekita eduki beharko delako. "Orain lizitatuko den zatia T2 da, Azkoitia-Urretxu ibilbidean eta Aizpurutxoko zeharbidean zentratuta dagoelako", zehaztu du Olanok. "Obra zaila izango da, trafiko handiko bidea baita; 3.300 ibilgailuk baino gehiagok egunero erabiltzen dute errepide hori eta % 10 baino gehiago ibilgailu astunak dira". Lehen zati horretako obra 2021eko udan hasiko da, 9,3 milioi euroko aurrekontua du eta 14,5 hilabeteko epea.
Errepideak hiru tarte izango ditu bi noranzkoetan aurreratzeko erreiekin. Zati horietan, erradioak eta bihurguneen ikuspena handituko dira. Horrez gain, zortzi bihurgune hobetuko dira eta Urretxuko sarreran laugarren zati bat egingo da. Azken zati horretan, trazadura hobetuko da. "Ekintza hauekin ez da abiadura handitu nahi ibilbidean zehar, baizik eta aurreratze segurua ahalbidetzen duten 3 gune egokitu", Olanok zehaztu duenez.
Aizpurutxora egindako bisitan, orain arte egindako lanak ikusi ahal izan ditu ahaldun nagusiak. Lanak oinezkoak eta ibilgailuak bereizteko egin dira, 2 metro zabaleko espaloia eginez eta 24 metro luzeko egurrezko oinezkoentzako pasabidea jarriz.
Oinezkoentzako espaloia egin ahal izateko, Erdikobentatik Ibaiondo Etxea bitartean errepidea mendi aldera mugitu da. Ibaiondo etxea igaro ondoren, Urola ibaiaren gainetik gurutzatzen da tarteko euskarririk ez duen 24 metroko egurrezko oinezkoentzako pasabide batetik. Handik, Kaminero etxeko lursail eta ataurreetatik igarotzen den espaloi bat sortu da, 60 metro inguruko luzeran, zubira iritsi arte.
Kaminero Etxeraino espaloia zolatzen amaitzen denean, argiak eta eskudelak jartzen direnean eta sakan guztiak errematatzen direnean, obra amaitutzat emango da. "Oinezkoentzako pasabide bat ere prestatu da, auzoko bi sarreretan informazio-radarrak jarri dira eta zeharbidearen gehieneko abiadura orduko 50 kilometrora murriztu da; obrari hau guztia gehituta, Aizpurutxoko bizilagunen segurtasuna handituko da", adierazi du Aintzane Oiarbide diputatuak.
2027