Badator berriz Gnat Zinema, udalerri eta jarduera berriak gehituta
Badator berriz Gnat Zinema, udalerri eta jarduera berriak gehituta
Asensio: «Lehenengo bi edizioen arrakastaren ondotik, gure programan egoitzak, jarduerak eta estreinaldiak gehitzen jarraitu dugu».
José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta María José Telleria Kulturako diputatuak III. Gnat Zinema – Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakustaldia aurkeztu dute. Aurten, martxoaren 23tik 30era egingo da, Gipuzkoako bederatzi udalerritan.
Gnat Zinema Gipuzkoa Naturaldiaren barruan kokatzen da. Azken ekimen hori publiko guztientzako ekitaldi eta baliabide programa bat da, naturarekiko harremana bultzatzeko, oro har, eta Gipuzkoako naturarekiko harremana, bereziki. Zinema erakustaldiaren helburua natura hurbilenaren kalitatea ezagutaraztea da, gizakiok naturarekin ditugun harremanetan sakonduz. José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak nabarmendu duenez, «Klima aldaketari aurre egiteko hamarkada erabakigarri batean gaude, eta garaia da ingurumena zaindu beharraren sentsibilizazioa suspertzeko eta gure gizartea irizpide jasangarrien arabera berreraikitzeko kontzientzia kolektiboa indartzeko».
GNAT Zinema: egoitza eta jarduera berriak
José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak zinema jaialdi honen arrakasta nabarmendu du; izan ere, urtez urte ari da ikusleak gehitzen. Lehenengo edizioan, 2021ean, 1.600 ikusle baino gehiago zenbatu ziren, eta 2022an datu hori % 15 handitu zen, 1.850 ikuslerekin; hau da, guztira, 2850 ikusle izan ditu bere bi edizioetan. Era berean, Asensiok azpimarratu du «hirugarren edizio honetan hazten jarraitzen dugula, bi egoitza berri, hainbat jarduera eta erakusketa bat gehiturik».
Hain zuzen, hirugarren edizio honek bi egoitza berri izango ditu: Mutriku eta Ordizia, lehendik zeuden Azpeitia, Eibar, Errenteria, Oñati, Donostia, Tolosa eta Zumarragako udalerriez gain. Bederatzi espazio guztira, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak sustatutako natura filmen emanaldiak egiteko.
Bederatzi egoitza horietan, naturarekin lotutako 11 film proiektatuko dira: «El leopardo de las nieves», «We the power», «Salvar Tenerife», «Fire of love», «Aware», «Con la fuerza del viento», «Forest for the trees: The tree planters», «Cuerdas», «Joy», «Ganado o desierto» eta «Entre montañas».
Asensio foru diputatuak erakustaldiko film eta dokumentalen kalitate handia aipatu du, eta estreinaldi eta aurrestreinaldi bat nabarmendu ditu: «Con la fuerza del viento» eta «Ganado o desierto».Juan Manuel Sotillasek zuzendutako «Con la fuerza del viento» dokumentalak Indlandsisen, Groenlandiako kasko polarrean, mendebaldetik ekialdera haize leraz egindako lehen zeharkaldia erakusten du. Mila kilometro baino gehiago abentura eta esplorazio dosi handiak dituen espedizio zientifiko batean, Ramón Larramendiren esanetara. Bestalde, Francisco Vaquero zuzendariaren «Ganado o desierto» dokumentala larre, lurzoru, zuhaizti eta urak leheneratzeko abeltzaintzaren erabilera erakustean zentratzen da. Ganaduaren kudeaketa egokia modu errealean erakusten da, ekosistemak eta landa ekonomiak lehengoratzeko irtenbide gisa.
Saio berezia Tabakaleran
Kutxa Ekogunearen «Bihotz Berdeak» programarekin lankidetzan, aurten lehen aldiz saio berezi bat egingo da programa horretan parte hartzen duten 12 eta 15 urte bitarteko gipuzkoar gazteentzat. «Entre montañas» filma aukeratu da horretarako, eta apirilaren 1ean proiektatuko da, 17:00etan, Tabakaleran. Unai Canelak zuzendutako film bat da, pandemia dela-eta Pirinioetako herri txiki batean konfinatutako nerabe baten historia kontatzen duena. Urtebetez, Unaik intentsitate handiz biziko ditu urtaroen joana eta naturarik hurbil eta askotan baztertuenarekin konektatuta sentitzearen emozioa.
Erakusketa: Klima aldaketa, nola saihestu kolapso globala
Nola eragiten die klima-aldaketak gure munduko ekosistema nagusiei? Nola aldatzen ari da paisaia bereziki babestutako eremuetan? Galdera horiei erantzun nahi die AXA Fundazioak eta Lunwerg Editoresek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuaren lankidetzarekin, munduko zenbait eremutako paisaien eta bizitzaren hauskortasuna erakusten duten hirurogeita hamar irudi zirraragarriren bidez.
Baina itxaropen-zantzu bat ere badu: gizakia egoera hori iraultzeko egiten ari dena erakusten du. Horregatik, klima-aldaketaren eragina geldiarazteko hartzen ari diren neurriak erakusten dituzten irudiekin amaitzen da erakusketa. Erakusketaren komisarioa Joaquín Araújo naturalista da, eta aire zabalean erakutsiko da Espainiako hainbat hiritan, besteak beste, Donostian. Gipuzkoako hiriburuak martxoaren 23an inauguratuko du erakusketa, 11:00etan, Okendo plazan.
Ikastetxeetarako proiekzioak
Hirugarren edizio honek berriro heldu dio iazkoak ereindako haziari, Gnat Zinemaren egoitza diren udalerrietan DBH 1 eta 2ko ikasleentzat zinema emanaldiak eskainiz. Hala, Arturo Minorrek zuzendutako «Barbacana: La huella del lobo» filma proiektatuko da. Ildo horretan, honako hau azpimarratu du José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak: «ikus-entzunezkoa tresna bikaina da gazteenen interesa erakartzeko, eta Barbacana estimulu ezin hobea da gazteengan ingurunearen zaintzarako begirunea eta sentsibilizazioa pizteko». «Gazteei planeta zaintzen irakastea etorkizunean inbertitzea da», amaitu du.
Gnat Zinema 2023 – Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko III. Zinema Erakustaldiaren saio guztietarako sarrerak DOAKOAK izango dira, eta egoitza bakoitzaren ohiko bideak erabiliz eskuratu ahal izango dira, edo https://gip.eus/sarrerak estekan, non saio bakoitzari buruzko informazio espezifikoa ematen baita.
2637