Basotik fundazioak Gipuzkoako 1.000 baso hektarea inguru kudeatuz ixtea 2024. urtea aurreikusi du
Basotik fundazioak Gipuzkoako 1.000 baso hektarea inguru kudeatuz ixtea 2024. urtea aurreikusi du
· Baso-kudeaketa jasangarria sustatzen duen Aldundiaren ekimenak 50 kontratu sinatu ditu gaurdaino baso-jabeekin · Sei hilabetean, 650 familia jabek baino gehiagok egin dute kudeaketa-proposamenaren eskaera.
800 eta 1000 hektarea baso artean, hau da, 2.000 futbol zelai inguru, Basotik Fundazioaren 2024rako kudeaketa aurreikuspena da. Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako ekimena honek lurraldearen baso-kudeaketa jasangarria sustatzen du. 2024ko otsailean ekimena modu publikoan abiarazi zenetik, 50 kontratu formalizatu dira lurraldeko baso jabeekin, eta dagoeneko 500 baso hektarea baino gehiago kudeatzen ari dira Gipuzkoan Basotiken bidez.
Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak eta Jon Ander Ostolaza Basotik Fundazioko zuzendariak balantzea egin dute gaur goizean prentsaurrekoan. Testuinguru horretan, Arrutik azpimarra jarri du lurraldeko basoen zaintzan eta kudeaketan oinarritzen den ekimen honek basoen jabeen artean piztu duen interesean. “Sei hilabete hauetan, 1.600 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte lurraldean zehar antolatu ditugun hitzaldi informatiboetan. Dagoeneko, familia jabeen 650 eskaera baino gehiago jaso ditugu, basoa kudeatzeko proposamen bat egiteko. Familia horien guztien artean, 7.000 hektarea inguruko baso-azalera izango lukete”.
Gipuzkoako baso-jabeen artean ekimenak izan duen harrera ona ikusita, Arrutik adierazi du "hasiera batean 2024an 1.800 hektarea diagnostikatzea aurreikusten bazen ere, kopuru hori 1.000 hektarea gehiago handitu behar izan dugu, gero eta eskari handiagoari modu eraginkorragoan erantzuteko". Lurralde Oreka Berdeko diputatuak azaldu duenez, basoa kudeatzeko proposamen bat egiteko, eta ondoren kontratua formalizatu ahal izateko, “Basotik Fundazioak lehenik eta behin basoaren ezaugarrien diagnostiko bat egiten du tokian bertan, gainera, HAZI Fundazioak garatutako programa bat erabiltzen du. Programa horrek 200 parametro inguru hartzen ditu kontuan, besteak beste, orientazioa, lurraren malda, suteen arriskua, espezieek gaixotasun bat hartzea edo espeziearen bideragarritasuna, landaretza berria bada. Ildo horretan, Arrutik zehaztu du “prozesu hori pertsonalizatua da eta, beraz, epe jakin bat behar da egiteko”.
Ekimen hau izaten ari den harrera eta erantzuna positibotzat jo du Lurralde Oreka Berdeko diputatuak, eta Aldundiak baso-kudeaketa kolektibo eta jasangarrian egindako apustuak izan duen egokitasuna berretsi egin du.
Ekimenean interesa duten pertsonen profila
Interesdunen profilari dagokionez, Basotik fundazioko zuzendari Jon Ander Ostolazak adierazi du “kasu gehienetan baso-ondarea kudeatu ezin duten pertsonak” direla. Ildo horretan, Basotik elkartera hurbildu diren pertsona guztiek motibazio bera dutela gaineratu du: “ondare familiarra da, eta atxikimendu berezia dute, belaunaldiz belaunaldi oinordean jaso baitute. Ez dute kate horrekin hautsi nahi, eta ondare hori zaintzen jarraitzeko erantzukizuna sentitzen dute”.
Fundazioa kudeatzen ari den lurren banaketa geografikoari dagokionez, Debabarrena, Debagoiena, Goierri, Tolosaldea eta Urola Kosta eskualdeak nabarmentzen dira. Kudeaketa eta kontratu motari dagokionez, Ostolazak nabarmendu du kasu bakoitza bakarra dela: "kasu batzuetan, basoaren bizi-zikloa landaketen bidez hasten ari gara; beste batzuetan, ezarritako baso-ondarearen kudeaketa eskatzen digute, eta beste kasu batzuetan, halaber, bizi-zikloaren amaiera kudeatzen ari gara. Horrela, sinatzen ari garen kontratuen iraupena ere aldatu egiten da, urtebetetik hasi eta 150 urteko iraupena duten akordioetaraino". Ostolazak azaldu duenez, landaketak egin behar diren kasuetan fundazioak lurraldearen espezie ezberdinen dibertsitatea babesten du.
Azkenik, Basotik elkarteko zuzendari nagusiak adierazi duenez, Basotik basoen kudeaketa eraginkorra lortzeaz gain, jabeek baso-ingurunearekin duten lotura indartu nahi du, eta, horrela, ondare horren balioari buruzko kontzientzia handiagoa sustatzen du haien artean.
Basoa herritarrengana hurbiltzea:
Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak bere hitzaldian gogorarazi duenez, Basotik Fundazioaren beste helburu nagusietako bat "gizartea eta sektore ekonomikoak basogintzako ondarearen kudeaketa jasangarria bermatzeko premian inplikatzea eta sentsibilizatzea da". Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak gipuzkoarren ongizate integrala bultzatu eta bermatzeko estrategiaren ildotik, Arrutik aurreratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Basotik elkartearen eskutik, "Gipuzkoako basoek eskaintzen duten potentziala aprobetxatu nahi duela, gure herritarren ongizate fisiko eta emozionala landu ahal izateko, naturarekiko kontaktuaren bidez".
Ildo horretan, Basotik fundazioak hainbat sozializazio-ekintza diseinatu ditu, Gipuzkoako herritarrak aktiboki inplikatzeko gure basoen elkarrekiko babesean eta gipuzkoarrak ingurune natural horrekin lotzeko. Jon Ander Ostolaza fundazioko zuzendariak aurreratu duenez, jarduera horiek udazkenean hasiko dira.
Ekintzen artean, honako hauek nabarmentzen dira:
- Enpresek basoak babestea: Basotik enpresak proposatzen ditu baso-eremuak babesteko, zuhaitzen landaketa sustatzeko, CO2 xurgatzen lagunduz eta ingurumenari zein Gipuzkoako komunitateari mesede eginez.
- Baso bainuak hirugarren sektoreko elkarte eta egoitzentzat: Naturarekin konektatzeko esperientziak sortzeko jarduera egituratuak izango dira, gizarte-harremanak indartzeko eta ingurune naturalak pertsonen osasunean eta ongizatean dituen ondorio terapeutikoak eta lehengoratzaileak indartzeko. Jarduera hori Gipuzkoako Foru Aldundiko Zaintza eta Gizarte Politiketako Departamentuarekin lankidetzan egingo da.
- Zuhaitzak landatzeko tailerrak hirugarren sektoreko elkarteentzat eta ikastetxeentzat: Tailer hauen bidez herritarrak kontzientziatu nahi dira, batez ere gazteenak, Gipuzkoako basoen balioaz. Parte-hartzaileek basoen garrantziaz gain, hainbat baso-eremutan zuhaitzak landatuz modu aktiboan lagunduko dute.
- Basoberritzeari buruzko jardunaldiak, herritarren parte-hartzeari zabalik: Jardunaldi horiek birlandatu behar diren eremuetan egingo dira, herritarrek modu aktiboan parte har dezaten basoen lehengoratzean.
Sozializazio-ekintza horien egutegiak hiru fase ditu:
- Hastapena (2024ko urria-abendua): Lehen ekintzen hasiera.
- Garapena (2025eko urtarrila-martxoa): tailerrak, basoko bainuak eta babeseko jarduerak egitea.
- Amaiera (2025eko martxoaren 17-23): basoberritze-jardunaldiak Basoen Nazioarteko Egunaren astean.
4803