Basotik fundazioaren bidez, basoen kudeaketa jasangarrian “jauzi kualitatibo bat” eman nahi du Gipuzkoak
Basotik fundazioaren bidez, basoen kudeaketa jasangarrian “jauzi kualitatibo bat” eman nahi du Gipuzkoak
Basotik fundazioaren bidez, basoen kudeaketa jasangarrian “jauzi kualitatibo bat” eman nahi du Gipuzkoak
Foru Aldundiak fundazioa sortzea erabaki du, basoen ardura har dezan, jabeei ordain ekonomiko bat ematearen truke. Datozen 5 urteetan zehar, 8 milioi inbertituko ditu, guztira, foru erakundeak.
Foru Aldundiak argi berdea eman dio Basotik fundazio publikoaren sorrerari. Fundazio publiko horren helburua da baso masaren bolumen garrantzitsu bat biltzea, “Gipuzkoako basoen kudeaketa jasangarrirantz jauzi kualitatibo bat egin ahal izateko, eta horrela, lurraldearen garapen integrala eta kudeaketa ekologikoa bultzatzea, eta, azken batean, ingurumenaren eta baso ondarearen defentsa eta lehen sektorearen garapena bilatzea”. Hala adierazi du gaur Markel Olano diputatu nagusiak ekimenaren aurkezpenean, Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuko foru diputatua eta Arantxa Ariztimuño Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendari nagusia bertan zirela. “Gure basoak funtsezko ondarea dira, eta haien etorkizuna bermatu behar dugu. Horretarako, bizi dugun inflexio une honetan, anbizio handiko neurriak hartu behar ditugu, berritzaileak, eta epe luzerako ikuspegia dutenak, oraingo honek bezala”, adierazi du.
Fundazioaren eraketa, Aldundiaren % 100eko partaidetzarekin, eta haren estatutuak joan den asteko Diputatuen Kontseiluan onartu ziren, hasierako zuzkidura ekonomikoarekin batera, eta horrek 2 milioi euroko foru inbertsioa ekarriko du aurten. Datozen 5 urteetan zehar, 8 milioi inbertituko ditu, guztira, foru erakundeak. Basotik fundazioak 40.000 hektarea baso inguru bildu nahi ditu bere kudeaketaren barruan. Beraz, aukera erakargarria izango da baso ustiategien titularrentzat, banakako kudeaketaren aurrean; izan ere, aukera emango die zaintza eta kudeaketa fundazioaren esku uzteko, eta baso kudeaketa aktibo eta dibertsifikatutik sortutako balioaren kobrantza aurreratzeko eta bermatzeko.
Gipuzkoa baso ugari dituen lurraldea da, basoek azaleraren % 61,5 hartzen baitute. EAEko ehunekorik handiena da, eta Europako batez bestekoa (% 40) baino askoz handiagoa. Hala ere, Olanok azaldu duenez, “ondare hori arriskuan jar dezaketen hainbat faktore daude, eta horiek bultzaturik jarri dugu abian Basotik fundazioa”. Horien artean, besteak beste, ustiategien tamaina txikia aipatu beharra dago; izan ere, Gipuzkoako basoen % 79 titulartasun pribatukoak dira, eta guztira 9.700 ustiategi daude; horietatik % 97, 20 hektareatik beherakoak. Euskadiko baso sailek, batez beste, 3-5 ha-ko azalera dute, eta Europako iparraldeko herrialdeetan, berriz, Finlandian, esate baterako, 30 ha-koa da batez bestekoa. Kontuan hartu behar da, halaber, baso jabeak ere adinean aurrera doazela, % 60k 60 urte baino gehiago du, eta ez dagoela belaunaldien arteko erreleborik, gizartea landa ingurunetik gero eta urrunago baitago.
Horri ustiategi askoren errentagarritasun txikia gehitu behar zaio, gainera, oso epe luzera gauzatzen dena, eta baita banda marroiaren inpaktua ere, landatutako intsinis pinuaren azaleraren % 40 baino gehiagori gogor erasan baitio, eta ez dugu ahaztu behar espezie horrek lurraldeko baso azalera osoaren % 30 hartzen duela. Horren guztiaren ondorioz, basoak abandonatuta gelditzeko arriskua dago, eta Aldundiak arrisku horri aurre egin nahi dio, Gipuzkoako baso masaren kudeaketa egokia ziurtatuz, bai azaleraren kudeaketa integralaren bidez, bereziki kudeatu gabea, bai jabeek kudeatutako ustiategien errentagarritasuna hobetzeko mekanismoak bultzatuz.
Horrela, Basotik fundazioa Gipuzkoako baso ondarearen jasangarritasuna bermatzeko helburuarekin sortu da, horrela, laguntzeko landa paisaiaren kalitatea hobetzen eta ingurumena zaintzen, eta lurraldea deskarbonizatzeko helburuak lortzen, CO2 isurien xurgapena maximizatuz. Horretarako, Gipuzkoako gizartea eta eragile ekonomiko eta sozialak inplikatu eta sentsibilizatuko ditu, baso masaren kudeaketa jasangarria bermatzearen komenigarritasunaren inguruan, landa ingurune eta paisaia erakargarria eta balio ekologiko handikoa ahalbidetuz, eta baso jabeek gizarte osoari egiten dioten ekarpena balioetsiko du. “Foru Aldunditik lidergo partekatuak bultzatzen jarraitu nahi dugu Gipuzkoa berdeago eta jasangarriago bat eraikitzeko, aurre egin beharreko erronka globalekin bat”, ziurtatu du diputatu nagusiak.
Olanok adierazi duenez, Basotik fundazioa sortuta, Aldundiak “Europako herrialde aurreratuenen eredua garatzearen aldeko apustua egin du, baita arlo horretan ere”, eta horien artean aipatu ditu “Finlandia, Suedia edo Alemania”. “Herrialde horietan baso ondarearen kudeaketa kolektiborako egiturak dituzte, batzuk eremu pribatutik bultzatuak eta, beste batzuk, publikotik; guztiak ere lehiakortasuna hobetzea eta balio handiko baso ondarea bermatzea ahalbidetu dutenak. Modu homogeneoan kudeatutako azalera kontzentrazioa formula egokia izan da ingurumenari, gizarteari eta ekonomiari dagokienez baso politika aurreratua eta jasangarria bermatzeko, eta Gipuzkoan ere aplikatu nahi dugu”. Azpimarratu du ekimena “aitzindaria” dela Europan: “Ez dugu ezagutzen baso pribatuen kudeaketa bere baitan hartzeko entitate publiko bat abian jarri duen beste erakunde publikorik”.
Jarduketak
Jabier Larrañagak zehaztu duenez, “basoak dira gure ingurumenaren bizkarrezurra, eta ezinbestekoak izango dira klima aldaketa arintzeko eta baliabide berriztagarri, birziklagarri eta biodegradagarrietan oinarritutako eredu ekonomiko jasangarriagoetara igarotzeko, bioekonomiaren aldeko apustua eginez”. Beraz, Basotik fundazioak egingo dituen jardueren artean karbonoa konpentsatzeko kredituak kudeatzea eta merkaturatzea egongo da. Izan ere, zuhaitzek xurgatzen eta atxikitzen duten CO2-az gain, kontuan hartu behar da zuretik datozen produktuen bidez biltegiratzen eta ordezten dena, jatorri fosileko beste material batzuk erabiltzea saihesten baitute, hala nola plastikoa, altzairua edo aluminioa, eta horrela ingurumen aztarna murrizten da. Ez da ahaztu behar ere gaur egun biomasak garrantzi handia duela baliabide energetiko berriztagarri gisa, eraikinen berokuntzan eta abarretan erabiltzeko”.
Gainera, fundazioak baso ondareari buruzko sustapen, zabalkunde eta informazio lana egingo du; naturarekin lotutako aisialdiko, boluntariotzako eta turismoko jarduerak eta jarduera ludikoak sustatuko ditu, natura ingurunearekin bat datozenak; eta ekosistema zerbitzuak kudeatu eta balioetsiko ditu, hau da, ekosistema batek, kasu honetan basoek, gizarteari ematen dizkionak eta pertsonen osasuna, ekonomia eta bizi kalitatea hobetzen dutenak. “Basoen rola funtsezkoa da hondamendiak (suteak edo uholdeak) prebenitzeko; higadura saihesteko (hori oso garrantzitsua da Gipuzkoan, gure erliebe menditsuagatik eta prezipitazio mailarengatik fenomeno horren aurrean bereziki kaltebera den lurraldea garelako); ura atxikitzeko eta arazteko; jolaserako eta aisialdirako erabiltzeko; paisaia zaintzeko; faunaren eta floraren biodibertsitatea mantentzeko; polinizaziorako…”.
Horrela, Basotik fundazioa aukera interesgarria da kudeatu gabeko baso ustiategien jabeentzat, modu ez errentagarrian kudeatzen direnentzat edo ondorengotza arazoak dituztenentzat, bai eta ustiategi errentagarrientzat ere, baldin eta erakunde handiago baten parte izan nahi badute, eta titulartasun publikoko basoen ardura ere hartu dezake. Horien kudeaketa integralaz arduratuko da –landaketa, garbiketa, eraldaketa, zuraren eta basogintzako produktuen merkaturatzea…–.
Ildo horretan, azpimarratu du Fundazioa funtsezko eragilea izango dela “Gipuzkoan 6.000 lanpostu baino gehiago sortzen dituen sektore bat sendotu eta egituratzeko”, eta “sektore hori lehiakorragoa bihurtzeko, jabeekiko lankidetza dinamiketan sakonduz”. Izan ere, honako eginkizun hauek ere izango ditu: prestakuntza eta ekintzailetza bultzatzea; lankidetza nazionaleko eta nazioz haraindiko lankidetzako proiektuak garatzea; antolamendu sektorialeko politikak eta planak prestatzen parte hartzea; irtenbide teknologiko eta antolamenduzko irtenbide espezializatuak planifikatu, koordinatu, garatu, ezarri eta esperimentatzea; zuraren erabilera sustatzea eta 0 kilometroko produktu horren hornidura ziurtatzea; basoen kudeaketa jasangarriko plan teknikoak sustatzea eta lantzea; eta laguntza teknikoak, ekonomikoak, finantzarioak eta izapidetzekoak ematea.
5862