Basque Culinary Center, Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren Bilketa Handiaren irudi
Basque Culinary Center, Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren Bilketa Handiaren irudi
Asensio: "Binomio honetan uztartzen dira batetik, Elikagaien Bankuko solidaritatea, antolakuntza eta bolondresa-sarearen balioa eta bestetik, Basque Culinaryk duen jasanagarritasunaren aldeko bokazio argia".
“Pandemiaren krisi sozioekonomikoari eta Gipuzkoako familia askoren beharrei aurre egiteko, Basque Culinary Center aliatu bikaina da aurtengo Bilketarako. Binomio honetan uztartzen dira batetik, Elikagaien Bankuko solidaritatea, antolakuntza eta bolondresa-sarearen balioa eta bestetik, Basque Culinaryk duen jasanagarritasunaren aldeko bokazio argia, elikagaien xahuketaren aurkako borrokan eta elikagaien aprobetxamendu hobea bultzatzen gauzatzen duena” esan du Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatu José Ignacio Asensiok
“Gastronomiak hainbat proposamen eskaintzen ditu egungo erronkei aurre egiteko, eta horietako bat da, hain zuzen, elikagaiak berraprobetxatzea, gizarte osoarentzako ongizatea eta garapen jasangarria lortzeko”, adierazi du Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko Zuzendariak
“Uste dugu Basque Culinary Centerrek aparteko laguntza eman diezaguketela Bilketa Handian. Izan ere, kanpaina ikusgarriagoa egingo duten hainbat ekintza prestatu dituzte Gipuzkoako gizartea gehiago mobilizatzeko”
Basque Culinary Center izango da Gipuzkoako Elikagaien Bankuak urtero egiten duen Elikagaien Bilketa Handiaren (EBH) aurtengo irudia. Gaur bertan eman da lankidetza hori ezagutzera Mondragon Unibertsitatearen Gastronomia Zientzien Fakultatean. Aurkezpenean José Ignacio Asensio, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuko foru diputatua, Belén Méndez de Vigo Gipuzkoako Elikagaien Bankuko presidentea, Carlos Martinez Navarro, Gipuzkoako Elikagai Bankuko Zuzendariordea eta Bilketa Handiko koordinatzailea, eta Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko Zuzendaria izan dira.
“Pandemiaren krisi sozioekonomikoari eta Gipuzkoako familia askoren beharrei aurre egiteko, Basque Culinary Center aliatu bikaina da aurtengo Bilketarako. Binomio honetan uztartzen dira batetik, Elikagaien Bankuko solidaritatea, antolakuntza eta bolondresa-sarearen balioa eta bestetik, Basque Culinaryk duen jasanagarritasunaren aldeko bokazio argia, elikagaien xahuketaren aurkako borrokan eta elikagaien aprobetxamendu hobea bultzatzen gauzatzen duena” esan du Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatu José Ignacio Asensiok. “Era berean”, gaineratu du foru-diputatuak, “aurten guztioi dagokigu ingurumenari eta gizarteari begira jasangarriagoak diren ekintzak areagotzea, eta erakundeok gizarte-ekimen hauei lagundu behar diegu, pertsona ahulenei lagunduz.
“Ohore handia da guretzat gure hamargarren urteurrena ospatzen dugun urte berezi honetan Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin aktiboki lankidetzan aritzeko aukera izatea eta erakunde horrek elikagaien xahutzearen aurka eta gure inguruan egoera zaurgarrienean daudenen alde egiten duen borroka goresgarrian laguntzea. Basque Culinary Centerrek konprometituta jarraitzen du egungo erronkei aurre egiteko soluzioak proposatu eta urteko Elikagaien Bilketa Handiaren eta beste ekimen eta ekintza batzuen bitartez gastronomiak eraldaketarako duen ahalmena azpimarratzearekin” esan du Joxe Mari Aizegak. Era berean, espero du bere zuzendaritzapeko erakundearen partaidetzari esker, aurtengo kanpainak ere arrakasta biribila lortuko duela.
Ildo beretik, Gipuzkoako Elikagaien Bankuko presidente Belén Méndez de Vigo pozik dago Basque Culinary Centerren lankidetzarekin: "Pribilegioa iruditzen zaigu Basque Culinary Center edukitzea Bilketa Handirako irudi gisa. Ilusio handiz hartu zuten gure proposamena hasiera-hasieratik, eta dena oso erraz jarri digute. Mundu osoan gure gastronomiaren erreferente aparta izanik, ez dituzte alde batera uzten gugandik hurbil elikadura duina izateko aukerarik ez duten pertsonak. Elikagaien Bankuarekin lankidetzan arituz frogatu dute hori. Aldi berean, guretzat oso garrantzitsua den zerbaitez arduratzen dira ere: xahutzea saihesteaz eta elikagaiei ahalik eta etekin handiena ateratzeaz.”
“Beren ekimenari, berrikuntzari eta profesionaltasunari esker, uste dugu aparteko laguntza eman diezaguketela gure lanean, zehazki, Bilketa Handian. Izan ere, kanpaina ikusgarriagoa egingo duten hainbat ekintza prestatu dituzte Gipuzkoako gizartea gehiago mobilizatzeko. Horregatik guztiagatik, lankidetza honekin oso pozik gaude, eta eskerrak emateko hitzak besterik ez ditut Joxe Mari presidentearentzat eta ekintza horietan parte hartuko duten pertsona guztientzat. Espero dugu, guztion artean, arrakasta lortzea aurtengo bilketan”, gaineratu du.
Basque Culinary Centerrek Donostian du egoitza, eta gastronomia esparru akademikora, ikerketara eta ekintzailetzara eraman duen proiektu aitzindaria da Gipuzkoan. 10 urtetan, tokiko eta nazioarteko erreferentziazko ekosistema bihurtu da erakundearen gizarte-konpromisoari eta berau osatzen duten pertsonen izaera ekintzaileari eta pasioari esker; horregatik hautatu du Gipuzkoako Elikagaien Bankuak aurtengo EBHren irudi izateko. Gainera, zuzendariaren hitzetan “gastronomiak hainbat proposamen egiten ditu egungo erronkei aurre egiteko, eta horietako bat da, hain zuzen, elikagaiak berraprobetxatzea, gizarte osoarentzako ongizatea eta garapen jasangarria lortzeko”.
Elikagaien Bilketa Handia azaroaren 19tik 25ra izango da; helburua da azken urteotako bilketetan lortutako emaitza onak berdintzea edo gainditzea. Horretarako, kanpaina bat antolatuko da, eta, bertan, aktiboki hartuko dute parte Basque Culinary Centerrek eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuak, baita azken hori osatzen duten eragileek ere –ikasleak, langileak eta boluntarioak–. Testuinguru horretan, herritarrei zuzendutako hainbat sentsibilizazio- eta kontzientziazio-ekintza egingo dira. Besteak beste, honako hauek dira aipatzekoak: ikasleen eta irakasleen prestakuntza-planaren esparruan egingo diren jarduera didaktikoak, ikasleek Elikagaien Bankuaren instalazioetara egingo duten bisita, langileek eta ikasleek bilketan izango duten parte-hartze aktiboa eta Basque Culinary Centerren instalazioetan egingo diren ikastaro eta afari solidarioak, herritar guztiei zabalik egongo direnak.
1551