Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Batzar Nagusietako alderdi politikoekin elkarrizketa erronda hasiko du Markel Olanok, aurrekontuak onartzeko

Batzar Nagusietako alderdi politikoekin elkarrizketa erronda hasiko du Markel Olanok, aurrekontuak onartzeko

Asteartean, departamentu bakoitzeko diru atal, estrategia eta planen xehetasunen berri emango dute diputatuek

2016/11/03

Markel Olano diputatu nagusiak kontaktu erronda hasiko du Batzar Nagusietako alderdi politiko guztietako bozeramaileekin, aurrekontu proiektua hobetuko duten ideia eta proposamen berriak aintzat hartzeko. Imanol Lasa foru bozeramaileak jakinarazitakoaren arabera, asteartetik aurrera ekingo die kontaktuei. Egun horretan Ogasuneko Batzordea egingo da, eta bertan, “diputatu guztiek departamentu bakoitzeko diru atal, estrategia eta planen xehetasunen berri emango diete batzarkide taldeei, eta zalantza eta galderak erantzungo dituzte”.

Foru Gobernuaren aurrekontu proiektuak iaz baino 19,3 milioi gehiago bideratzen ditu Gizarte Politiketara, mendekotasunaren laguntzak, Kabia proiektua, egoitzetako plazen kopuru handitzea, edota Elkar-Ekin plana indartzeko. Alor honek hartuko du aurrekontuaren hazkundearen %75; biztanleko gastua gizarte zerbitzuetan 508 eurokoa izango da, aurtengoa 480 eurokoa izan delarik. Halaber, Sustapen Ekonomikoko departamentuak iazko urtean eduki zuen %50eko gorakadari eusten dio, eta Ekonomia Suspertzeko Plan bereziaren baitan, 2017an ere 50 milioi inbertituko dira lurraldeko ekoizpen ehuna, eta “kalitatezko enplegua” sendotzeko.

Lasak “errealistatzat eta koherentetzat” jo du Foru Gobernuak aurkeztutako proposamena. “Gipuzkoaren erronka behinenak sustapen ekonomikoarekin eta gizarte politikekin lotuta daude. Ezinbestekoa da jarduera ekonomikoa bultzatzea, gure ongizate eta giza babeserako sistemari eustea ahalbidetuko duten baliabideak lortzeko. Aldundiak oso garbi dauka hori hasieratik, eta aurtengo aurrekontuak ikuspegi horren isla dira. Gizartearen eskakizun eta nahiekin bat datoz Aldundiaren apustu estrategikoak”, adierazi du.

Edonola ere, eta lehentasunak “behar bezala finkatuta” badaude ere, argi utzi du ez dela proposamen itxia. Hori dela eta, alderdi politiko guztiei elkarrizketarako deia egin die, “aurrekontuak ekarpen berriekin aberasteko eta osatzeko. Gipuzkoa denon artean eraiki behar dugu, proiektu kolektiboa delako. Ideia horrekin, eta jarrera ireki batekin, urtero Batzar Nagusietan onartzen den foru arau nagusia adostu nahi dugu”, azpimarratu du, Diputatu Nagusiak hasi behar duen, eta iragan urtean ere egin zuen harreman errondaren inguruan.

Ildo horretan, gogorarazi du aipatutako errondari esker, 2016ko Aldundiaren aurrekontuetan oposizioak aurkeztutako bederatzi emendakin hartu zirela kontuan, 1,55 milioi euroko balioarekin. Lau EH Bilduk aurkeztutakoak izan ziren, eta bost Alderdi Popularrarenak. Horien bitartez, 600.000 euro bideratu ziren zailtasunetan dauden enpresa txikiei laguntzeko; beste 300.000 tokiko enplegua sustatzeko; 400.000 euro gehiagorekin indartu ziren lehen sektorea bultzatzeko bi programa; eta ekintzailetasunari, formakuntza dualari, industrializazio plan estrategikoei eta bertako talentuari lotutako egitasmoak ere txertatu ziren. 

“Gobernu irekia da hau. Aldundiaren politika publikoak, beste erakundeekin, alderdiekin eta lurraldeko eragile nagusiekin lankidetzat oinarrituta ari gara martxan jartzen. Modu horretan soilik bermatuko dugu Gipuzkoak aurrera egitea ahalbidetuko duten egitasmo eta proiektuak behar bezala gauzatzea”, adierazi du Lasak. Emendakinak aurkezteko epea datorren asteartean hasten da, diputatuen agerraldi informatiboekin bat, eta hilaren 29an amaitzen da. Abenduaren 7an, zuzenketen kalifikazioa egingo du mahaiak, eta osoko zuzenketarik balego, eztabaidarako osoko bilkura abenduaren 13an egingo da.

Ogasun Batzordeak abenduaren 16an egingo dio aurre Aurrekontuen Foru Arauaren irizpenari, eta 23an onartzeko Osoko Bilkura izango da. Hori horrela, datorren urteko aurrekontuak prest edukiko ditu Gipuzkoak Gabonak baino lehen. 

  

1485