Bazterketa larria gainditzeko elkarlan protokoloa sinatu dute euskal erakundeek
Bazterketa larria gainditzeko elkarlan protokoloa sinatu dute euskal erakundeek
Elkar-EKIN Gipuzkoako gizarteratze plana garatzeko oso baliagarria izango dela azpimarratu du Gipuzkoako gizarte politikako diputatuak
2014an, Eusko Jaurlaritzak eta EAEko udalerri nagusietako hamarrek sustatu zuten gaueko zenbaketa batek 1.836 pertsona identifikatu zituen bizitegi-bazterketa larriko egoeran: 323k kalean ematen zuten gaua eta beste 1.513k etxerik gabeko pertsonentzako bizitegi-baliabide publikoren batean hartzen zuten ostatu. Zenbatutako pertsona guztietatik, 297 Araban zeuden (% 16,2), 904 Bizkaian (% 49,2) eta 635 Gipuzkoan (% 34,6).
Bizitegi-bazterketa larriaren fenomenoa mundu osoan gora egiten ari den errealitatea da (homeless). Alabaina, arazo horrek eraginpean hartzen dituen pertsonen ezaugarri soziodemografikoak ezagutzea ahalbidetzen duen azterketa espezifikorik ez izatea da erakundeek bizitegi-bazterketa larriaren tratamenduari aurre egiterakoan aurrez aurre topatzen duten oztopo nagusietako bat.
Alor horretan aurrera egiteko, Eusko Jaurlaritzaren, hiru foru-aldundien, 3 hiriburuetako udalen (Bilbao, Donostia eta Vitoria-Gasteiz) eta Eudelen ordezkariak (hainbat udalen izenean, hauek ere parte hartuko dutelako akordioan) Arabako hiriburuan bildu dira gaur, dirudienez gero eta eragin sozial handiagoa duen fenomeno horri buruz egin beharreko lanen jarraitutasuna bermatuko duen lankidetza-protokoloa sinatzeko. Aurrerantzean gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko beste udal batzuek ere protokoloarekin bat egin ahal izango dute.
Akordio horri esker epe labur, ertain eta luzean garatuko diren jardueren edukia ezarri ahal izango da (zenbaketak antolatzea, aurkitutako pertsonei inkestak egitea, ikerketak eta txosten monografikoak egitea, mintegiak antolatzea, eta abar).
Protokoloak ezartzen duenez, aurten eta aurrerantzean bi urtez behin, bizitegi-bazterketa larriko egoeran dauden pertsonen zenbaketak egingo dira udalerri interesdunetan. 2017an, eta hurrengo urte bakoitietan, zenbaketaren emaitzen txostena egingo da, gero bizitegi-bazterketari buruzko jardunaldi monografikoen esparruan aurkezteko.
Protokoloa sinatu duten erakundeek konpromisoa hartu dute jarduerak gauzatzeko behar diren baliabide teknikoak, ekonomikoak edo materialak jartzeko. Horiek horrela, udalek hurrenez hurrengo udal-barrutietan bizitegi-bazterketa larriko egoeran dauden pertsonen zenbaketak egiteko baliabide teknikoak eta pertsonalak bideratuko dituzte; foru-aldundiek zenbaketa egiteaz arduratuko diren pertsonen eskueran jarriko dituzte zuzenean zein zeharka kudeatzen dituzten zentroak eta baliabideak eta akordioak aintzat hartzen dituen ikerketak egiteko behar diren estatistika- edo kudeaketa-datuak; Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak emaitzen txostena egin eta/edo finantzatuko du, eta hori aurkezteko jardunaldi monografikoak antolatuko ditu; azkenik, Eudel arduratuko da protokoloak babesten dituen jardueretan parte hartzen duten udalen arteko koordinazioa eta informazio-trukea ahalbidetzeaz.
Maite Peña, Gipuzkoako gizarte politikako diputatuak protokolo honen garrantzia azpimarratu du, esanez, " erakundeei beste baliabide bat ematen diela bazterkeriari aurre egiteko" , eta Gipuzkoarako bereziki baliagarritzat jo du, Gipuzkoako Foru Aldundiak jarritako Elakr-EKIN gizarteratze plana garatzen lagunduko duelako.
1572